ATZEKOZ AURRERA. Amparo Sanchez. Kantagilea

«Musika ezinbestekoa da egoeretatik salbatzeko»

Baionako besten karietara, usaiako boz gizenez berotuko ditu gaur entzuleen bihotzak Amaparanoia taldeko kantariak. Taldean nahiz barkarlari gisa, denak hartu eta gozatzen ditu.

RAKEL LOPEZ.
Ainize Madariaga
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ehunzangoaren gisan, Amparo Sanchezek (Alcala la Real, Jaen, Espainia, 1969) proiektu andana du eskuen artean. Bere ahotsa bezain mardul, denetara iristen da urrats sendoan. Bihotz zolatik igortzen duen ahots dardartiak zulorik ilunena ere kolorez biltzen du. Gaur emango du kontzertua, Baionako besten karietara.

Amparo ala Amaparanoia?

Amaparanoia taldea utzi genuen 2008an, baina berriz abiatu 2017an, El poder de Machin diskoaren 20. urteurrena kari. Horrela gabiltza hiru urteotan: oso oso kontent! Eta segitzeko asmoa badugu. Bestalde, Juanito Makandek eta biok Primavera kantua atera berri dugu, eta urtea bukatu gabe beste single bat ere abiatuko dugu, heldu den urteko diskoa egiteko ideia. Gainera, ene diskoetxea kudeatzen dut poesia musikaz ateratzeko. Abuela Margaritarekin [Margarita Nuñez Garcia] diskoa atera genuen; harreman espirituala dugu, konektatua gaude... Proiektu anitzetan nabil!

Bakarlaria ala taldekidea zara?

Bakarka aritzea sekulakoa da, berezia, ematen baitizu bidaiatzeko parada tamaina ttipiari esker, elkarlanean aritzeko askatasuna... Amparanoia uztean, banuen pausa baten beharra: Amparo Sanchez bilakatzekoa. Gauzak horrela, Amparanoiak lehen notak abiatu orduko bihotza taupaka hasten zait! Gaztetu egiten naiz, energiak gainezka egiten dit, eta bozkarioa datorkit! Arimaren gozagarri zait.

Sorkuntza eta zu bat zarete.

Ez dut ezer baztertu nahi, dena maite baitut, elkarrizketa hau ere bai! Pasioa da! Eta eskertzen dut zinez maite dudanetik bizi ahal izatea, eta hori partekatzea.

Nola deitzen diozu zure estiloari?

Fusio bat: latina, rock, reggae, pop, blues, rantxerak, boleroak... Ene helburua beti da mezua pasaraztea testuaren bidez, zabaltzea eta dantzaraztea.

Zure letra borrokalaria da.

Nire borroka nagusia feminista da. Emakumeek oso ikuspen urria dute. Hala, gure kantu, musika eta mezuen bidez ahalduntzea dugu xedea, bai eta ere gure arteko elkartasuna indartzea. Kasurako, Hermanas ikusgarria muntatua dugu Maria Rezende brasildar olerkariarekin. Proiektua sortu eta zuzendu dugu espiritu feministatik eta feministarako. Esloganik gabe, baina elkartasunez, merezi dugun genero berdintasuna lortze aldera.

Gizatasuna saritu dizute.

Beti aritu naiz emakumearen alde lanean, haren ikusgarritasun eskasaren aurka borrokan. Aurten, konparazione, Bartzelonako Esperanzah! festibalaren antolaketan parte hartzeko xantza ukan dut; zoragarria izan da. Lantaldean ere emazteak bakarrik gaude. Lanak ukan ditut lantaldea osatzen, zer poza!

Zure bizia liburuan etzan duzu.

Bikotekidearen tratu txarrak pairatu dituen ama nerabe bat izatetik nihaurrek zuzentzen dudan diskoetxea ukaitera: bada harro egoteko modukoa. Uste dut denok dugula indarra, eta norberaren esperientzietatik hunkia ala indartua atera zaitezke. Nire kasuan, indartua jalgi nintzen. Beti bada trabarik, bistan dena; begira, duela bi aste ama zendu zait... Baina nire birarekin segitzea erabaki dut, hori baita berak nahiko zukeena. Eta musikak indartu egiten nau; ezinbesteko tresna da egoera anitzetatik salbatzeko, amodioarekin batera.

Afrika humanitatearen zinezko miraila dela kantatzen duzu.

Kongoko Errepublika Demokratikoan egona naiz emazteei egindako sexu bortizkeria salatzeko, Euskal Herriko Alboan GKErekin elkarlanean. Biktimekin egon nintzen... Hartatik nuen atera Mama Africa singlea. Entseatzen naiz proposatzen didaten guziari ekarpena egiten: sahararrak, Palestina, zapatistak, maputxeak... Joan den asteko Zornotzako kontzertua Altsasuko gazteei eskaini nien.

Euskal Herriarekin ere baduzu loturarik.

Hemen grabatu izan ditut diskoak;Kaki Arkarazo oso berezia da niretzat, harengana nentorren diskografia bukatzera. Xabi Solano, Muguruzatarrak... badut elkarlan anitz eginik hemengo artistekin. Natorren bakoitzean ongi sentitzen naiz, euskaldunekin beti feeling ona dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.