Elurra egitean nabarmen igotzen dira 'Teleberri'-ren ikusle datuak

urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
ETBko albistegi zerbitzuek ahalegin berezia egin ohi dute denboraleak eta elurra iristen direnean, toki askotara berriemaileak bidalita. Zuzeneko konexio ugari egiten dituzte eguraldiaren gorabeherak zertan diren kontatzeko, eta hala egin zuten joan den astean ere. Halakotan, ETBren albistegietako ikusle datuek gorantz egiten dute, bereziki Teleberri-renak. Urtarrilaren 17an, eguerdiko Teleberri-k %26,9ko kuota lortu zuen; urtarrilaren 18an, berriz, eguerdiko ETB2ko albistegiak %24,9ko ikusle kuota lortu zuen, eta gauekoak, %25ekoa. Batezbestekotik oso gora daude datu horiek, iaz ETB2ko albistegiek %18ko kuota izan baitzuten batez beste.

ETB1eko albistegietan ere izaten du eragina eguraldiarekin lotutako edukiak. Hala, urtarrilaren 18an gaueko Gaur egun lider izan zen bere ordutegian ikus-entzule euskaldunen artean —%11,4ko ikusle kuota—. Datuak apalagoak izan ohi dira gaztelaniazko katean baino.

Urtarrilaren 18an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETB2 katea izan zen gehien ikusi zena: %10,2ko ikusle kuota bereganatu zuen. Kontuan hartu behar da 2022. urte osoko datuei erreparatuz gero ETB2 laugarren katea dela gehien ikusien artean; iaz, %8,6ko ikusle kuota izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.