Bideak eta tontorrak

Koldo Aldaz, Juan Mari Feliu, Gurutze Azkona, Jose Luis Lizarraga, Mikel Goldarazena
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Bidea, bizitzaren metafora… eta tontorra, helburuarena… Zenbat poema ederren sorburu izan diren bi hitz horiek. Machadok «caminante no hay camino, se hace camino al andar» zioen, eta Mario Benedettik, bere No te salves poeman, «no te quedes inmóvil al borde del camino», bi adibide besterik ez ematearren. Izan ere, literaturan, bereziki poesia ugaritan, bidea bizitzaren abentura da, gizakien eraikuntza bat, tontorrera eramaten gaituena, denok desio eta merezi dugun zorion grina asebeteko duen helburu horretara, alegia.

Mendia pasioz maite dugunok bideetan ematen ditugu bizitzako unerik ederrenak, hantxe dira gure amets eta ilusio handienak, baita gure nahigabe handienak ere. Nahi beste bide daude nahi beste tontorretara joateko, non, azkenean, aire garbia, bakez, askatasunez eta pozez beteriko airea arnasten baitugu, egindako ahaleginaren ordain paregabea jasoz.

Lerro hauek idaztera deliberatu gara, Sare Herritarraren Izan Bidea dinamikak interpelatuta sentitu garelako. Ez gara bereziki adituak politika kontuetan, ez behintzat alderdien arteko lehian, guztiz legitimoa bada ere, jakina. Baina kezka dugu bizi garen gizartearen bizikidetzaren osasunaz eta kalitate demokratikoaz. Eta memoria dugu. Badakigu modu egokian ixten ez den gatazka bat berriz ireki daitekeela eta zauriak berriz agertu.

Gure ustez, gizarte osoak behin betiko normalizatuta ikusi nahi duen gatazkarekin lotutako berrehun bat pertsonak kartzelan jarraitzea ez da soilik anomalia bat. Hasteko, bidegabea da, haietako askok libre egon beharko luketelako edo libre izatetik gertu, indarreko legeak aplikatuz gero birgizarteratzeko asmoarekin eta Zuzenbide Estatu batean lehentasuna izan behar duen printzipioarekin bat: giza eskubideen babesa. Legearen aplikazioa bihurritzea, jakinik oinarrizko eskubideak urratzen ari direla, honela baizik ez daiteke ulertu: gutxi batzuen nahia da, gizartearen gehiengoak bideratuta ikusi nahiko lukeen gatazka bat irekita mantentzeko. Eta bidegabea ez ezik, zeharo gizagabea da, sufrimendu handia eragiten dielako pertsona horiei eta haien senide eta gertukoei, heriotza ere bai batzuetan, azken egunetan berriz gertatu den bezala. Sufrimendu hori eragotzi daiteke, ordea, arrazoia eta legea erabiliz. Ahal dela, biak ordena horretan erabiliz.

Idatzi hau sinatzen dugun mendizaleok bakera eramanen gaituen bidearen parte izan nahi dugu. Zerbait badakigu bideez, maiz suertatu zaigulako bide berriak urratzea inork zapaldu gabeko parajeetan. Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe. Tontor baten helburua begi bistan dugun bakoitzean bertara eramango gaituen bide bat ireki daiteke. Jakina, zenbat eta esku gehiago bidea irekitzeko, orduan eta errazagoa eta azkarragoa izango da tontorrerainoko bidaia. Hortaz, herritar guztiei helarazi nahi diegu deia, auzolan handi honetan parte har dezaten, gure herrira etorkizun baketsua eta bizikidetza osasuntsua ekarriko dituen bidearen eraikuntzan. Mendian eta bizitzan, denborak axola handia du. Eta berandu gabiltza. Ibilera bizitu beharra dago. Urriaren 3an hitzordu garrantzitsua dugu gure herriko 650 tontorretan.Zatoz gurekin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.