Lehen aldiz 2014ko maiatzean joan nintzen Karabakh Garaira, Artsakh-era. Eurodiputatua nintzen artean. Aralar ordezkatuz Jon Inarritu, orduan Espainiako kongresuko kidea, Olga Perez Vitoria, nire parlamentu-laguntzailea eta hirurok joan ginen. Hain segur, Euskal Herritik Artsakh-era joandako lehen ordezkaritza izango ginen. Helburu argi bi genituen: egoera bertatik bertara ezagutzea eta gure bi herrion arteko harremanak hasteko zubiak eraikitzea.
Iritsi orduko maitemindu nintzen jendearekin eta tokiarekin. Gizarte bizi batekin egin genuen topo. Ostiral ilunabar baten arribatu ginen. Gure hotela Stepanakert-eko kale nagusian zegoen, zeina ilunabarraren goxotasunez gozatzen ari zen jendez mukuru zegoen. Herria su-eten egoeran zegoen, teknikoki 1991n Azerbaijanekin izandako gerra amaitu gabe baitzegoen. Urliak espero zezakeen bideetan militarrak ikustea, tankeak, kontrol-postuak eta antzekoak, baina horrelakorik ez genuen topatu, aitzitik, Europako ezein hiritan asteburuaren atarian dagoen giroak egin zigun harrera.
Gerora beste hiru bider izan naiz bertan, bitan hauteskunde-begirale gisa. Eta erreparorik gabe esan dezaket Karabakh Garaiko errepublikak printzipio demokratiko sendoak zituela oinarrian: etsenplua zela inguruko estatuekin konparatuta, baita Armenia berarekin ere. Gure solaskideek harro adierazi ziguten Europar Batasuneko kide izatea amesten zutelaeta zintzo-zintzo saiatzen ari zirela Europan sortutako legedia beren herrian aplikatzen.
Eta Europak traizio egin die Stepanakert-eko kaleetan paseoan zebiltzan jende haiei. Azerbaijanen erasoaren aurrean beste aldera begiratu du. Ez du deus egin. Laisser faire, laisser paser politika aplikatu du. Duela 100 urte Turkiak armeniarren genozidioa burutu zuenean egin bezalaxe. Ez du ezer jakin nahi izan Azerbaijango erregimen diktatorialak, giza eskubideen urraketetan txapeldunak, iritzi-askatasuna hankartetik pasatzen duenak eta homofobikoak Karabakh Garaiari eraso dionean; ez duela hiru urte, 2020ko udazkenean, Azerbaijango armadak Armenia eta Karabakh Garaia eraso zituenean, ezta atzen hilabeteotan Aleiev-en erregimenak Artsakherako sarbide bakarra blokeatu duenean ere, eragotziz herritarren zirkulazio librea eta elikagaiak, botikak eta bestelako oinarrizko merkantziak Artsakhen sartzea, gosea eta botika-eskasia eraginez.
Europak gogor salatu du Errusiak Ukraina inbaditzea eta ukraniarrak laguntzeko ahalegin handia egiten ari da. Ados nago. Alabaina, ahul eta ulerbera agertu da gauza bera Artsakhen gertatu denean. «Ekonomia da, adixkidea», esango luke Urliak. Eta arrazoia du! Azerbaijan gas naturalaren ekoizle oso handia da, eta Europa hornitzen du, duela hilabete batzuk Ursula von der Layen-ek esan bezala. Hipokrisia hutsa.
Azerbaijanek garbiketa etnikoa egiten dihardu orain, armeniarrak mendeetan beren etxea zehar izan duten lurraldetik egozten, indarra eta indarkeria medio. Laster etorriko da armeniar kulturaren arrastoen suntsiketa: artelanak, elizak, museoak... Historia berrasmatuko dute eta Artsakh herri azeriaren betiko lurralde bilakatuko dute. Eta erne ibil dadila Armenia, hurrengo katebegia izan ez dadin....
Europako Batasunak beste behin muzin egin die bere printzipio fundatzaile nagusietako biri: gatazkak prebenitzea eta gutxiengoak babestea. Eta urraketen katea gero eta luzeagoa da. Quousque tandem, Europa?
Artsakh-eko lagun batek trajedia honen ostean idatzi berri didana hona ekarriz bukatuko dut: «Ez dakit gertatu denarekin bakea egiteko gai izango naizen».Gauza bera diot nik.
Karabakh Garaia harrika bota dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu