Joan den urteko maiatzean hilabete generaman Iruñeko Opuseko klinikan sartu-aterean minbiziaren aurkako proiektu berri baten akuri lanak egiten, merkaturatu gabeko produktu onkologiko bat probatzen. Ondo antolatutako ospitalea, tratu ikaragarri atsegina eta profesionala. Dena espainolez, sartu orduko Espainian sartzen zara, Espainia atzerakoienean zenbait kontutan eta profesionalki, Europa oso aurreratuan. Kuriosoa!
Egunen joanean zu bezalako aborigenen batekin topo egiten duzu, konturatzen zara euskaraz ere badakiela eta hitz aspertu txiki batzuk egin ditzakezu hemendik desagerrarazi duten lingua navarrorum-ean, hitz eta pitz Sakanako erizain jatorrarekin. Ederra. Bisitari euskaldunekin ere topo egiten hasten zara eta begirada samurrak bidaltzen dizkiogu elkarri, «ez zaude bakarrik» esan nahian ari bagina bezala. Konplizitatea.
Liburu eta egunkari dendan, katolizismoaren apologia liburu zein gainontzekoetan. Ez dago BERRIA, Argia edo Gara erosterik; bai, ordea, Espainiako banderatxoak eskumuturrean jartzerik.
Telebistarena ere berezia benetan, doan baina zirkuitu itxia; hortaz, klinikak erabakitzen du zer ikus dezakezun eta zer ez. Esan beharrik ez dago ETB, Hamaika telebista… ez direla agertu ere egiten. Orduka ari da TVE, orduka beste kate gehienak ere, gustuko dituzten programak onartzen dituzte, besteak debekatu. Txundigarria 2019an.
Horrelako parajean Joan Mari Torrealdai euskaltzaina, Egunkariakasua dela-eta atxilotua eta jasandako torturengatik leuzemia zuena eta emazte Beatrizekin elkartu ginen akurion sarrera-lekuan. Bide batez, ez dut uste inork esan dienik beraiei gertatua bidegabea izan dela, beste batzuek nahi eta nahi ez esan behar duten bezala itxura guztien arabera. Eta, bide batez, Egunkaria kasuko sarekada hartako hiruk harrapatu zuten minbizia eta bi joan zaizkigu dagoenekoz, Inma Gomila eta Joan Mari. Izan zen edo ez zen izan bidegabea? Noiz esango dute egin zutenek?
Joan Mari ere entsegu kliniko bateko partaide izango da hemendik aurrera. Ederki berriketan huntaz eta hartaz eta gaitzaz, jakina. Hamabost lagun zeuden lekuan lau euskaraz, sinestezina Espainia zati txiki honetan. Inguruko emakumeak belarrietara eramaten zituen eskuak horrenbeste euskara inguru horretan entzuteak kalte egingo balio bezala; ez zuen egin baina aurpegierak adierazten zidan horixe nahi zuela. Jajajaja! Kuxidade ederra ari zen pentsatzen, antzematen nion, baina ez genuen atzera jo. Gu gatozenean ahal dugunarekin gurean, gustuko badute edo ez, ohitzen ere hasi beharko dute-eta, Nafarroako %30 horren paradisu dirudien toki honetan. Maiz topo egin genuen bi bikoteok tratamendua hartzen aritu ginen hilabeteetan. Nireak kale egin zuen eta Bartzelonan probatu dut beste produktu bat. Joan Mariri hango gorabeherak telefonoz azaldu nizkion zehatz-mehatz, bai baitzuen hori probatzeko asmorik. Ez da Bartzelonakora iritsi.
Horrelaxe ezagutu genituen Joan Mari eta Beatriz, euskararentzako toki arrotzean euskaraz, geuk bezalaxe. Eta ez dugu aldatzeko batere asmorik, Euskal Herrian euskaraz eta kitto. Egindako lanez, jorratutako gaiez... idatziko dute geuk baino hobeto pertsona askoz ere prestatuagoek.
Arin gerta bekio lurra Joan Mariri eta atsekabean laguntzen diegula jakin bezate ingurukoek, Beatrizek, Manexek eta Garazik bereziki.
Joan Mari Torrealdai eta CUN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu