Pello Zabalaren ezaguera aurretik bagenuen ere, nik neuk ez nuen aurrez aurreko harreman handirik izan berarekin 2003an Egunkaria itxi eta BERRIA antolatzen hasi ginen arte. Zabalaren jakintzaz eta izaeraz esan direnez gain, ezer gutxi erantsi dezaket nik. Edozeren gaineko jakin-mina zuen, baina esango nuke honako hauek bizi zituela indar bereziz: natura, teologia eta eliza, musika klasikoa, euskara eta Arantzazu. Berarekin mahaia partekatzen genuen aldiro, gai horietako edozein ateratzen zenean, nabaria zen bere interesa.
Nik BERRIA-n berarekin izan genuen harremanetik idatziko dut. BERRIA antolatu nahian ari ginen, lehenbailehen jarri nahi genuen euskarazko egunkari bat berriro kioskoan. Erabaki eta lan asko egin behar genuen eta egin genuen denbora gutxian; tartean zegoen Administrazio Kontseilua eratzea. Euskalgintzako eta enpresa munduko jendez osatutako taldea nahi genuen Administrazio Kontseilu hura osatzeko, eta horrela jo genuen Pellorengana, euskaltzalea zelako eta ezaguna zelako euskaldunen artean. Joan Mari Torrealdairen eskutik hurbildu ginen eskaintza edo eskaera egitera, eta ez zuen zalantzarik egin, ez genuen lan handirik izan haren baietza lortzeko, berehalakoan esan zuen-eta baietz. Beti izango dugu gogoan eta eskertuko diogu gurekin batera etorri izana.
Garai oso konplikatuan onartu zuten gurekin bat egitea lehen Administrazio Kontseilu hura osatu zutenek: Egunkaria itxia zuten «dena ETA da» tesia baliatuta euskal zen ororen kontra jo zuten garaian, eta inork ez zekien zer geratuko zen haren oinordekoa izango zen hurrengo euskarazko egunkariarekin. Aurrekariak ikusita, gerta zitekeen parte hartze horren ondoren atxilotuta eta torturatuta bukatzea; hala ere, Zabalak eta gainerakoek baietz esan zuten, ez zutelako onartzen Egunkaria itxi izana, eta haiek ere uste zutelako erantzunik onena beste egunkari bat egitea zela.
Pello, inongo zalantzarik gabe, euskaltzalea zen, euskaltzalea, Egunkariazalea eta Berriazalea. Euskaltzalea zelako onartu zuen BERRIA-ko Administrazio Kontseiluan parte hartzea, eta, euskaldun gehienok bezala, ezin zuelako onartu eskura genuen euskarazko egunkari bakarra nola itxi zuten. Jarraipen zuzena egiten zion egunkariari, eta ekarpenak zein kritikak egiten zituen, betiere modu eraikitzaile batean, laguntzeko eta hobetzen joateko asmoz. Ez zen mugatu behatzera: aukera eman zitzaionean prest agertu zen blog propioa izan eta bertan idazteko. Urte batzuetan aritu zen Mendiko Behatokitik izeneko bloga egiten, bere gogoetekin eta eguraldiari buruzko kontuekin.
Laguntzeko borondatea zuen Pellok, eta laguntzaile izan genuen inguruan izan zen bitartean. Administrazio Kontseilua utzi ondoren ere, gustuko zuen tarteka Andoaingo bulegoetara hurbildu eta proiektuaz interesatzea, zer moduz genbiltzan jakin eta bere iritzia eta gogoetak gurekin partekatu. Hori dena gaixotasunak harrapatu zuen arte; ordutik aurrera, harremana urrunagokoa izan genuen.
Bilerez aparte, bilera egunean Administrazio Kontseilukoek Hiru jatetxean egiten genuen bazkarian ere estimatzen genuen haren ekarria, beti baitzuen zer kontatua, eta beti baikenuen zer ikasia harengandik.
BERRIA sortu eta bigarren urtea-edo izango zen, eta pentsatu genuen urtean behin Administrazio Kontseiluaren bilera Andoaindik kanpo egin behar genuela, eguna hartu eta lasai ibili. Ez dut gogoan berea izan zen ideia edo besteren batek proposatu zuen bilera Arantzazun egitea. Gogoan dut, hau bai, zein pozik antolatu zituen bilera eta bazkari hura bere txokoan, bere Arantzazun. Oso gogoko zuen Arantzazu, eta izugarri betetzen zuen Arantzazu euskarari, euskal kulturari lotuta ikusteak; lotura horrek jarraipena izan dezan nahi zuen, eta hura pozik Administrazio Kontseilua han ikusita. Frantziskotarren etxean bertan egin genuen bilera, eta bere eskutik ezagutu genuen Arantzazu.
Pelloren heriotzak derrigorrez ekarri dit gogora 2013an hil zitzaigun Joxean Lizarribar ere, gure lehendakaria izan zena. Zein ondo ulertzen zuten elkar bi gizon handi horiek! Biek ere asko eman zioten Euskal Herriari, eta biek utzi digute hutsune handia. Bizitzaren legea!
BERRIAn ezagutu genuen Pello
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu