Ikasturte amaiera beroa izan dute Bizkaiko metalgintzan, eta hasiko denak lehengo lepotik izango du burua. Maiatzean eta ekainean, bost egunez gelditu zuten ekoizpena sindikatuek, eta iraileko azken astean ere berdin egingo dute. Irailaren 30etik urriaren 4ra artean grebara dei egin baitute ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek. «Sektoreko hitzarmen duin bat» lortzeko egingo dituzte mobilizazioak, lan gatazkan aurrerapausorik ematen ez bada.
Sindikatuen arabera, zaila ematen du, patronalak ez dauka-eta negoziatzeko inolako borondaterik. «Ez dago bilera berririk egiteko egunik; FVEMen utzikeria eta zabarkeriaren adibide argi eta garbia da». Atzo esan zutenez, patronalak berak hartu zuen hitzordua proposatzeko konpromisoa, baina ez zaie heldu halakorik. Negoziatzeko datarik gabe joko dute, beraz, grebara.
Deialdi horri ohar bidez erantzun zion FVEMek, lanuztea egitea «arduragabekeria hutsa» dela esanez, eta sindikatuek euren proposamena ezarri nahi dutela salatu dute. Maiatzaren 10ean plataforma bat osatu zuten sindikatu denek proposamen bakarra eramateko negoziaziora. Patronalak salatu zuen, ordea, sindikatuek ez dutela ezer berririk mahairatu ordutik, eta FVEMek negoziatzeko borondatea baduela argitu zuen, langileen ordezkariek diotena gezurtatuz.
Sindikatu deitzaileen arabera, patronalak behin eta berriro eskatu zien plataforma komun bat osa zezatela, eta hala egin dutenean ezezkoa besterik ez dutela jaso azaldu zuten. Begi bistakoa da, beraz, alde biak gero eta urrunago daudela. Ez daukate deialdirik beste bilera baterako, eta negoziatzeko proposamen berririk ez egitea ere leporatzen diote elkarri. Sindikatuek zalantza egiten dute, ordea, FVEMek gatazkaren irtenbiderik nahi ote duen: «Gatazka luzatu nahi duela ondorioztatu dugu, alegia, ez duela konponbiderik nahi». Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu dute, «ez baitu inolako jarrerarik hartu».
Iraileko eta urriko bost greba egunen aurretik, ordea, mobilizatzen segituko dute. Ostegun honetan Bizkaiko eskualdeetako erreferentziazko enpresetan elkarretaratzeak egingo dituzte. Bilbon, Elecnorren; Muskizen, Petronorren; Erandion, Astilleros Muruetan; Durangon, Layde Steelen; eta Igorren, Orman.
Bost greba egunera deitu dute Bizkaiko metalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu