«Zientziak ez du uzten zalantzarako lekurik: klima aldaketa da gure garaiko mehatxu existentziala». NASAren kudeatzaile Bill Nelsonena da adierazpena, atzo egindakoa. AEBetako Espazio Agentziak eta NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Elkarte Nazionalak —AEBetakoa— urtero munduko tenperaturei buruz egiten duten txostenaren ondorioak aurkeztu zituzten, eta nabarmendu zuten iazkoa izan zela 1880an tenperaturen erregistroak egiten hasi zirenetik neurtutako urterik beroenetan seigarrena; industrializazioaren aurreko batez besteko tenperatura baino 1,1 gradu altuagoa izan zen 2021eko tenperatura globala.
Gogoan izan behar da 195 herrialdek sinatutako Parisko Hitzarmenean (2015) zehaztu zutela XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago industrializazioaren aurretiko garaiekin alderatuta. Horren harira, iragarpen bat egin zuen atzo Russell Vose NOAAko zientzialariak: %50eko probabilitatearekin, hamarkada honetako urteren batean 1,5 graduko langa gaindituko da, baita 2030eko hamarraldian, eta, «egiazki», 2040koan ere, ez baldin badira gutxitzen planeta berotzen duten CO2 isurketak.
Iaz inoizko tenperaturarik altuenak neurtu zituzten, esaterako, Afrika iparraldeko, Asia hegoaldeko eta Hego Amerikako zenbait tokitan. Horrek guztiak azpimarratzen du, Nelsonen esanetan, «gizateria guztiaren etorkizuna bermatu ahal izateko neurri ausarten beharra». Soilik 2015a, 2016a, 2017a, 2019a eta 2020a—inoizko beroena— izan ziren 2021a baino beroagoak.
Eta, tenperatura horiekin, Ozeano Artikoko izotzak urtzen jarraitu zuen. «Ozeanoak bero kantitate handi bat pilatzen ari dira», zehaztu zuen Russell Vose NOAAko zientzialariak. «Ez balitz ozeanoek beroa pilatzeko duten gaitasun handiarengatik, atmosfera askoz ere azkarrago berotuko zatekeen». NASAren Ikerketa Berezien Goddard Institutuko zuzendari Gavin Schmidtek adierazi zuenez, Artikoa berotzen ari da munduaren batezbestekoa baino hiru aldiz azkarrago, eta eremu horretako aldaketak «oso-oso larriak» dira, eta planeta guztiari eragin diezaiokete; adibidez, itsas maila igotzea glaziarrak urtzearen ondorioz. «Artikoan gertatzen dena ez da Artikoan gelditzen», ohartarazi zuen NASAko zientzialariak.
Iazkoa ez zen izan inoiz erregistratutako urterik beroena, baina txostenaren egileek adierazi zuten giza jarduerak eragindako erregai fosilen erreketak eta deforestazioak, besteak beste, berotze globala areagotzen jarraitzen dutela. Azkeneko lau milioi urteetan, atmosferan inoiz ez da pilatu gaur egun baino karbono dioxido gehiago. «Berdin du analisia nola egiten duzun: ikusiko da Lurra modu oso larrian berotu dela», azaldu zuen Vosek. NASAk eta NOAAk estazio meteorologikoetako, ontzietako eta ozeanoetan jarritako buietako datuekin osatzen dituzte azterketak.
Horren aurretik, aste honetan bertan, klima aldaketarako Europako Copernicus zerbitzuak jakinarazi zuen 2021a inoiz erregistraturiko urterik beroenetan bosgarrena izan zela. «Argi dago azkeneko lau hamarkadetako bakoitza izan dela aurrekoa baino beroagoa», zehaztu zuen NOAAko ikerlariak.
Horrekin guztiarekin bat egiten du Berkeley Earth taldeak atzo bertan kaleratutako ikerketa batek: 1.800 milioi pertsona, ia-ia munduko biztanleen laurdenak, inoizko urterik beroena erregistratu zuten lekuetan bizi dira. 25 herrialdek erregistratu zituzten inoizko urteko tenperaturarik altuenak; besteren artean, Txinak, Nigeriak eta Iranek.
Kolapso klimatikoa
Zientzialariek kolapso klimatikoarekin lotzen dituzten gertakariak izan ziren 2021ean. Esate baterako, iazko uztaila izan zen inoiz neurtutako hilabeterik beroena, eta Kalifornian (AEB), Death Valley sakonunean, hilabete horretan inoiz neurtutako tenperatura altuena erregistratu zuten: 54,4 gradu. Bero bolada bat pairatu zuten sasoi hartan AEBen mendebaldean, eta ia mila hildako eragin zituen. 2021eko uztailean, gainera, uholdeek Alemania eta Txinako hainbat eremu suntsitu zituzten, eta, zientzialarien arabera, klima aldaketarik ezean ia ezinezkoa izango zen halakorik gertatzea.
«Gertakari horiek jada ez dira harritzeko modukoak, zirrara ere ez dute eragin... Izutu egiten nau horrek», aitortu zuen, ohar batean, Kristina Dahl Arduratutako Zientzialarien Batasuneko kideak, NASAren eta NOAAren txostenaren berri eduki eta gero.
Berotze globalaren muga urte gutxi barru gaindituko da, NASAren ustez
Klima larrialdiaren «mehatxu existentziala» dela eta, «gizateria guztiaren etorkizuna bermatzeko neurri ausartak» eskatu ditu espazio agentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu