Landa eremua solasbide dugu Euskal Herrian, nahiz auzoko herrietara baino beranduago iritsi den eztabaida. Gaitz erdi, hala ere. Landa eremuaz mintzo jende guztia ezti eta maitasunez ari da. Inork ez du solas txarrik, oro da borondate on. Baina gainbeherak segitzen du. Jendea hirietan pilatzen ari da, eta landa eremua husten, Europako Batasunean populazioaren %75 inguru hirietan bizi baita Munduko Bankuak dioenez. BPGa, halaber, eskualde metropolitarretan mukurutzen da, Frantzian adibidez, landa-eremuari buruz bereziki sentibera den estatuan, BPGaren hirutik bat Pariseko erregio metropolitarrean metatzen da, hala dio Christophe Guilluyk La France périphérique liburuan. Sakoneko arrazoien artean, azkeneko hamarkadei buruz bederen, globalizazio kapitalistaren dinamika ekonomiko, kultural, politiko eta sozialak izanen genituzke. Dudarik gabe, Nekazaritza Politika Bateratuak honetan guztian izan duen tokia ahantzi gabe, landa eremuak egituratu dituen nekazaritzaren gainbehera ekarri baitu, Gérard Choplinek Paysans mutins, paysans demain en oroitarazten digunez.
Testuinguru orokor horretan, errealitate administratibo desberdinen pean landa eremu bakoitza bere bidea egiten saiatzen da, egiturazkoak diren dinamikek baldintzaturik: Mercosurreko merkataritza libreko azken ituna, adibidez, edo Nafarroan 1.200 behi buru artioko ustiategiak egitea uzten duen dekretua, bertzeren artean.
Landa eremuek maiz gatazka bizi dute. Baztanen Magnak Erdizeko herri-alhalekuan egin nahi duen aire zabaleko meategia edo Lekarozko Aroztegiko pelotazo urbanistikoa, adibidez; biak ere landa eremuaz kezka bizia hartzen duten gobernuek bultzaturik. Lurraldea etengabe jokoan dago, eta klase interesek ingurunea etengabe berrantolatzen dute. Joan den azaroan Landa Begiradak jardunaldien barnean José Bové ekintzaile frantziarrak Elizondon eskainitako mintzaldian, iragan mendeko 70eko hamarkadan Frantziako Larzac eskualdean militarren base berri baten aurka izandako gatazka aipatu zuen. Eta borroka horrek bertako herritarrak beren geroaz pentsatzerat eta bidea eginarazterat bultzatu zituela. Hori da landa eremuak biziarazteko gakoetako bat, zer nahi ez den jakitea eta norberaren lurraldeari buruzko konpromisoa.
Maiz landa-eremuari buruz hiriko begirada nagusitzen da, eta nahasgarria izaten da gertatzen ari dena ulertzeko. Gaindegiak emandako datuen arabera, adibidez, Euskal Herriko hirigune eta industria-bailaretan autonomoen tasa %14-20 artekoa da. Muturreko landa eremuetan %75ekoa izaten ahal da, Baztanen %48koa dugu. Norberaren egitura sozioproduktiboa ulertzea beharrezkoa da, enpresa ehunaren faltan, bertako norbanakoek eta mikroenpresek hartzen dute indarra, hau da, lurraldeko eragileen arteko elkarrekintza dinamika sozioekonomikoaren funtsa da, ikuspegi sektorialak baino lurralde ikuspegiak du argitzen bidea: nekazariak, euren produktu eta lehengaiak, paisaiaren kudeaketa, landa turismoa, tokiko merkataritza, gremioak... Baldintza horietan lurraldeari buruzko atxikimendua, partaidetza sentimendua oinarrizkoa da. Nortasun bizia duten bailarek abantaila dute horretan, eta nortasun edo lurralde marketan tresna garrantzitsua izaten ahal dute, Gutasunaz gogoetatzeko eta horren arabera komunitate bezala proiektatzeko, horrela erditu da Arras Baztan nortasun marka.
Baina horri guztiari edukia eman behar zaio, nor izatearekin, partaidetza sentimenduarekin, lurraldeari buruzko atxikimenduarekin eta zer nahi ez denarekin ez baita aski. Ezaren gudaz baietza sortu behar baita. Eta horrek landa eremuak gainerako herritarrek bizi duten agertokian uzten ditu, hau da, kapitalismo industrialaren zibilizazio krisiaren gordinean: klimaren krisia eta krisi ekologiko eta energetikoa, alderdi aunitz eta ondorio zenbaezinak dituen krisi ekonomiko eta soziala... Eta horiek denak landa eremuaren berezitasunetik. Kezka hori darabilte Frantziako Val de Drômen eta horretan oinarriturik bideratzen ari dira Biovallée lurralde marka, trantsizio logikan derrigorrez, konpromiso gutun baten bidez. Ikuspegi integralarekin elikadura burujabetza eta agroekologia, energia trantsizioa, uraren kudeaketa, mugikortasuna, lurraldearen antolaketa, zero zabor, bioeraikuntza, tokiko merkataritza... Eta gainbeherako joera bertako indarrak antolatuz, aktibatuz, norabideratuz eta kanpoan konplizitateak eraikiz itzulikatzen ari dira, tokiko ekonomia indartuz, lana sortuz. Ekonomia lehiatu beharra dago. Kapitalak eta gobernu aunitzek menpeko landa eremuak nahi dituztelako, horietan nahi dutena egiteko.
Alde horretatik, landa eremuak espazio sortzaileak dira, baita Euskal Herrian ere. Arras Baztan marka sortu bidenabar, izen bereko fundazioa eratu da, bailarako eragile ekonomiko andana —nekazariak, elaboratzaileak, artisauak, merkatariak, ostatu turistikoak, udala, lanbide eskola...— antolatu dituena. Ibarra desegituratzen eta mehatxatzen ari diren ereduen eta proiektuen aitzinean gehiengoarendako onargarriak diren «alternatibak» nortasunetik eraikitzeko, trantsizio logikan, biziaren eta ekonomiaren birtokiratzea kontzeptu eta proiektu bezala landuz.
Alta, oraingo bideak landa eremuak atakarat ekarri baditu, oraingo mundua gaindituz soilik biziaraziko dira landa eremuak. Haustura logika batean prozesu bital eta produktiboak lurreratuz eta muga iraunkorretara ekarriz, birtokiratuz. Baina birjabetuz ere bai, bizitzeko beharrezkoak ditugun prozesu produktibo eta bitalak, ondasunak eta baliabideak desmerkantilizatuz eta komunalizatuz. Bizitzeko eskala koxka bat edo bi jaitsiz, soilagoak eta neurrizkoagoak izanik soilik biziaraz baitaiteke landa eremua, baina aldiriak eta hiriak ere bai, erregai eta baliabide gero eta urriagoko aldi honetan. Hori, hala ere, gehiengoarendako onargarriak diren «alternatibetatik» haraxago doa, momentuz.
Landa eremua biziarazteko Baztango ahalegina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu