Mercedesek lan ituna adostu du batzordearen gehiengoarekin

ELA, LAB eta ESK ez daude ados, eta grebara deitu dute gaurko. Langileek hilaren 18an bozkatuko dute proposamena onartu edo ez

Gaueko seigarren txandaz gain, soldatak KPIaren arabera igotzeko eskatzen dute langileek. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gasteizko Mercedes-Benzen lan hitzarmena adostu zuten zuzendaritzak eta sindikatuek atzo. Langile batzordearen gehiengoak, hau da, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek egindako proposamena onartu zuen enpresak, Alemaniatik oniritzia jaso ondoren. Edonola ere, gatazka ez da oraindik amaitu, itunak ez baitu erabateko babesa jaso. ELA, LAB eta ESK ez daude ados proposamenarekin, besteak beste ez duelako aintzat hartzen eskatzen duten soldata igoera, eta grebara deitu dituzte langileak gaurko, biharko eta etziko.

Astebetez elkarrizketak etenda egon ondoren, atzo elkartu ziren berriz zuzendaritza eta sindikatuak. Ia bederatzi ordu iraun zuen bileraren ondotik, adostu zuten beharginen soldatak %6 igotzea aurten eta beste %2,25 urtero 2023tik 2026ra. Horrez gainera, 4.000 euroko aparteko ordainsari bat jasoko dute langileek hurrengo nominarekin batera, iazko urteari dagokiona —iraungita zegoen hitzarmena ordurako—, eta beste 500 euroko sari bat hitzarmena sinatzeagatik. Beste bi sari ere onartu dituzte, biak ekoizpen helburuak lortzeagatik jasoko lituzketenak: 2.500 eurokoa litzateke aurrenekoa, eta 500 eurokoa bigarrena —200.000 ibilgailuko langa gaindituz gero jasoko lukete hori—.

Beste berritasuna lan malgutasunean dago: ez dute gaueko seigarren txanda ezarriko, sindikatu guztiek eskatu moduan, eta, beraz, orain arteko hogei eguneko kopuruari eutsi diete urtero. Hala ere, adostu dute arau batzuk jartzea malgutasunari: enpresak hilabetea hasi baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko die langileei asteburuetan lan egingo duten edo ez, eta soilik «salbuespen gutxi batzuetan» baino ezingo dute egokitu egutegi hori.

Horiek horrela, akordioak jasotzen duena enpresak aurreko astean egindako azken proposamenaren oso antzekoa da. Zuzendaritzak eskaini baitzuen, besteak beste, soldatak %5 igotzea aurten eta %2 hurrengo lau urteetan. Lan malgutasunari dagokionez, ordea, ez dago aldaketarik proposamen harekin alderatuz gero.

Inbertsioaren itzala

Langile batzordearen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuak, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM, pozik azaldu dira akordioarekin, eta azpimarratudute proposamena ona dela langile guztientzat, besteak beste egonkortasuna bermatu eta erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera emango dielako.

Hala adierazi zuen Iñaki Andres UGTko ordezkariak atzo: «Argi dago akordio honekin lortu duguna funtsezko bi gauza izan direla: batetik, 1.200 milioiko inbertsio horretatik gertuago egotea; eta, bestetik, lantegiaren, gaur egungo langileen eta etorriko diren langileen etorkizuna bermatzea». Haren hitzetan, 7.000 euro berreskuratuko ditu langile bakoitzak 2021eko eta 2022ko soldata igoerari eta sariei esker.

Mezu bera zabaldu zuen enpresak ere: «Inbertsioa bermatu da». Eta eskatu zuen lantegiak «normaltasuna» ahal bezain azkar berreskuratzea, sei egunetan ekoizpena eten duten lanuzteen ostean. Eusko Jaurlaritzak ere bat egin zuen analisi horrekin: «Ateak zabaldu dizkio proiektuari», adierazi zuen Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak.

«Ez da nahikoa»

ELA, LAB eta ESK sindikatuentzat, adostutakoa ez da nahikoa. Igor Gebara langile batzordeko presidente eta ELAko ordezkariaren hitzetan, zenbait sari handituko badira ere, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko dute. «2021. urterako ez da igoerarik izango, adibidez: horrek esan nahi du sei puntu eta erdiko galera izango dugula. Diru asko da hori». Gebarak gaitzetsi zuen, halaber, enpresak uko egin ziola asteburutako langileen lan baldintzak eta mugikortasuna negoziatzeari.

Hori dela eta, iragarritako mobilizazioei eustea erabaki zuten hiru sindikatuek: greba egingo dute gaur, eta langileekin batera asanbladan erabakiko dute bihar eta etziko deialdiekin zer egin. Grebaren erantzunak erakuts dezake, hein batean, zer jarrera duten langileek akordioaren inguruan. Izan ere, zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak adostutako testuak langileen oniritzia beharko du orain. Hilaren 18an bozkatuko dute langile guztiek proposamena onartu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.