Paula Sanchez Diz. Ikertzailea

«COVID iraunkorra duten eriak abandonatuta dauzka sistemak»

BERRIA.
edurne begiristain
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Munduan milaka pertsonak dute COVID iraunkorra: SARS-CoV-2 birusarekin kutsatu eta hamabi bat astera sintomak dauzkate oraindik. Eritasuna, baina, ez dago behar bezala aztertua, eta pazienteak artatzeko bideak ere ez daude argi. Ikerketan sakontzeko asmoz, REiCOP taldea sortu berri dute Madrilen (Espainia) 57 elkarte zientifikok eta gaixoen elkartek— tartean da Euskal Herriko Long COVID—. Paula Sanchez Dizbiologoa elkarte zientifikoen lana koordinatzen ari da.

Zergatik sortu duzue REiCOP?

COVID iraunkorra duten pazienteen osasuna eta arreta hobetzea da gure lehentasuna. Funtsezkoa da gaixoak erdigunean egotea eta haien parte hartzea sustatzea, beste inork baino hobeto baitakite gaixotasuna nolakoa den. Badira gaixotasun hori pairatzen duten osasun profesionalak ere, eta haiek ere martxan ditugun ikerketa eta azterlanetan parte hartzen ari dira. Gaixo askok guregana jo dute laguntza eske, osasun sistemak abandonatuta dauzkalako.

Gaixoen osasuna hobetzeko zer lan egingo duzue?

Hainbat lan ildo garatu ditugu, eta horietako bat da erregistro kliniko bat osatzea: arrisku faktoreak identifikatu nahi ditugu, klinikoak eta genetikoak. Erregistro horren analisiak COVID iraunkorra izateko zer faktore egon daitezkeen ikusten lagunduko digu, eta eritasunaren prebentziorako gakoak emango dizkigu. Horrez gain, gaixoen laginak biltzen ari gara, gaixotasunean oinarri genetikorik ote dagoen jakiteko.

OMEk duela urtebete izendatu zuen COVID iraunkorra eritasun gisa. Zer aurreratu da ordutik?

OMEk COVID-19 osteko gaixotasun moduan definitu zuen. Baina hori ez da guk defendatzen dugun definizioa; argi eta garbi bereizi behar dira COVID osteko ondorioak eta COVID iraunkorra. COVID osteko ondorioak gaitza modu larrian jasan dutenek dituzte. COVID iraunkorra, berriz, gaixotasun multiorganiko bat da, birusa izan duten pazienteei eragiten die, eta fase akutua igaro ostean ere sintomatologia daukate. Zenbait pazientek, bi urte eta erdi igaro ondoren, sintoma iraunkorrak dauzkate oraindik.

Osasun sistemek zein tresna dituzte gaixoak artatzeko?

COVID iraunkorra identifikatzea zaila da, berrehun sintoma desberdin baitaude, eta paziente bakoitza desberdina baita. Ez dago identifikatzeko koadro sintomatiko bakar bat, eta ez dago diagnostiko jakinik. Ezjakintasun handia dago lehen mailako arretan eta ospitaleko arretan, eta asko kostatzen da pazienteak identifikatzea. Gaixo askok gaixo baimena hartzeko arazoak izaten dituzte, eta beste batzuek lanera itzuli behar dute, gaixorik segitu arren.

Lan gaixotasun gisa hartu beharko litzateke?

Gure ustez, lan bat egiteko ezintasuna sortzen duen edozein gaixotasun da lan gaixotasuna.

Asko dago ikertzeko oraindik?

Sortu berri den gaixotasun bat da, eta goiz da haren jatorriari, tratamendu eraginkorrei eta abarri buruzko ondorioak ateratzeko. Ikertzen jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.