Gure material genetikoak eragiten du gu zer izango garen. Azido desoxirribonukleiko (DNA ingelesezko laburduran) moduan antolatua, lau molekulen sekuentzia ezberdinak ezarriko ditu gure ezaugarriak, betiere inguruko baldintzekin elkarreraginean: gure garaiera, indarra, azala edo ilearen kolorea, zein gaixotasun garatuko ditugun... Baina nola gertatzen da hau? DNAn dagoen informazioa proteina bihurtuz. Proteina hauek izango dira gure mamia osatuko dutena, egitura; baina baita gure erreakzio kimikoak baldintzatuko dituztenak ere, funtzioa. Eta nola sortzen dira proteinak DNAtik abiatuta? DNAtik azido erribonukleikoa sortzen da (RNA ingelesez), DNA zati baten bitarteko kopia, eta RNAren informazioa proteina bihurtzen da erribosoma izeneko zelula barneko organuluetan. Eztabaida luzea izan dezakegu biologia mailan, baina nik uste dut bizitzaren makina hemen dagoela, DNAtik abiatu eta proteinak sortzeko prozesuan.
Birusek, askok jakingo duzuenez, ez dute euren egituran proteinak sortzeko organulurik, eta kutsatzen dituzten zelulen egiturak erabiltzen dituzte horretarako. Birusak, azken finean, DNA edo RNA zatitxo bat baino ez dira, inguruan mintza eta proteina gutxi batzuk dituztelarik, zeluletara itsatsi eta hauen egiturak erabili ahal izateko. Hau da, birusek beste zelulen bizitzaren makinak erabiltzen dituzte euren kopiak egin, biderkatu eta ugaltzeko. Horregatik da hain zaila birusen aurkako botikak sortzea, euren sinpletasunak erasotzeko zail bihurtzen dituelako.
Koronabirusak RNA bidezko txertoen garapena leherrarazi du. Duela urte batzuetatik lantzen ari zen gai bat izan arren, hilabete gutxitan erabili da txertoak garatzeko. Zientziaren aldetik, bilakaera ikusgarria benetan. Covid 19a eragiten duen birusaren RNA ezagutzea lortu zen lehendabizi, oso aste urritan; eta ondoren, hilabete bakan batzuetan, berau sintetikoki sortu, eta txerto moduan erabiltzeko aukera. Zer egiten dute txerto hauek? RNA, birusaren material genetikoa, mintz eta proteinarik gabe gorputzari aurkeztu. Horrela, babesik gabe, ezin dute gure zeluletara sartu, ez beste kalterik eragin, eta gure gorputzak atzeman ditzake, beraren aurka immunitatea, defentsak garatuz. Ondoren, birus osoa sartuko balitz gorputzera, defentsek RNA hori atzeman eta aurka egingo liokete.
Nahiz eta oraindik erantzuteko galdera asko izan, txerto hauek euren eraginkortasuna erakutsi dute, eta epe laburreko ziurtasuna ere bai. Epe luzerako ziurtasuna ikusterik ez da izan, oraindik ere hilabete gutxi batzuk sortu zirelako; eta adi jarraitu beharko ditugun arren, ez da hartu zuten lehen boluntarioetan ezer arrarorik atzeman. Bejondeiela garatu dituzten zientzialariei.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN
Bizitzaren makina eta RNA txertoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu