EH Bilduk ohartarazi du biktimak «mailakatzeko» tresna bat dela

edurne begiristain
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
EH Bilduk kritika zorrotzak egin zizkion atzo ETAren biktimak oroitzeko zentroari, uste duelako biktima ugari «ahaztuta» uzten dituela eta «alde bateko eztabaida ez-inklusiboa» sustatzen duela. Eba Blancok eta Unai Urruzunok agerraldi batean salatu zuten gaur zabalduko duten gunea «biktima batzuentzako memorial faraonikoa» izango dela, baina kanpoan utziko dituztela biktima ugari: «Frankismoko biktimek, estatu terrorismokoek eta giza eskubide oso larriak pairatutakoek ez dute beren egia eta erreparazioa hartzeko lekurik izango, ezta memoria dolu txikiena egin ahal izateko lekurik txikiena ere». EH Bildurentzat, zentro berria biktimak «mailakatzeko» tresna bat izango da, non batzuek erakundeen babes osoa izango duten, eta beste askori biktima izaera bera ukatuko zaien.

«Ez dugu legitimatuko»

«Bunker memorialista bat da», ohartarazi zuten Blancok eta Urruzunok. Haien esanetan, ETAren biktimen omenezko memorialak ez du balio izango memoria «bizia, dinamikoa eta enpatikoa» eraikitzeko; kontrara, «batzuen aurka» erabiltzeko tresna bat izango da, eta kontakizun «partziala» sustatuko du. Horren erakusle da, EH Bilduko ordezkarien esanetan, martxoaren 3ko biktimak ez direla omentzen memorialean, baina gorazarre egiten zaiela Meliton Manzanas poliziari eta beste hainbat ekintzaile frankistari. Gaurko inauguraziora Espainiako errege-erreginak joateak ere erakusten du «kontakizun baztertzaile bat» eraiki nahi dela, haien ustez.

EH Bilduko kideek azpimarratu zuten koalizioak ez duela ontzat joko biktimen memoriala, Euskal Herrian «bakea eta bizikidetza demokratikoa» eraikitzea baldintzatu nahi duelako. Ohartarazi zuten zentro hori «arduragabekeria» dela eta EH Bilduk ez duela «legitimatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.