ATZEKOZ AURRERA. Bea Larrañaga. Pailazoa

«Euskal Herrian orain hasi gara pailazo mota ezberdinak ikusten»

'Bonba bat naiz' da Bea Larrañagaren azken lana. Ikuskizunarekin, «norbere buruari barre egiteko askatasuna» sentiarazi nahi dio publikoari. Gogorarazi du pailazoak ez direla soilik haurrentzat.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bea Larrañagaren (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) azken obrak Bonba bat naiz du izena. Bonba gozoekin mundua aldatu nahi duen gozogile baten inguruko antzezlana da. Umore absurdoa eta clown kodea ditu ardatz. Hainbat emanaldi egin ditu udan, eta hurrengoa irailean du, Leioako Umore Azokan (Bizkaia).

Larrañagak, antzezteaz gain, Intujai antzerki konpainia sortu zuen May Gorostiagarekin batera. Bestalde, pailazo eta berdintasun ikastaroak ematen ditu. Abuztuaren 6tik 8rako clown ikastaro bat antolatu du, Beizaman (Gipuzkoa).

Ikuskizunaren izenak dioen moduan, bonba bat al zara?

Bai, ni bonba bat naiz. Antzezlaneko pertsonaiak, Goxoa Etxezarretak, horrela aurkezten du bere burua, oso garrantzitsua balitz bezala. Dena ondo egiten duela uste du, baina guztia gaizki irteten zaio. Halere, beti eusten dio itxaropenari. Goxoaren asmoa chantilly bonbekin mundua aldatzea da.

Posible al da hori?

Goxoak uste du, bonbak bere pasioa direnez, gainerakoak ere pozik egongo direla bonbak janda. Metafora bat da; beraz, bai, posible da. Gauzak beste modu batera eginda mundua alda daiteke.

Zer topatuko du ikusleak?

Entretenimendua eta umore absurdoa. Emakume batek bere akatsez nola barre egiten duen ikusiko dute. Askatasun hori sentitzea da asmoa: hanka sartu eta aurrera egin dezakegula, guztia umorez hartuta. Horixe egiten dugu bizitzan.

Pandemia garai hauetan beharrezkoa da umore hori, ezta?

Bai. Lehen, ikuskizun sakonago bat antzezten nuen. Orain, aldiz, neure buruak zein publikoak irribarreen beharra dugula ikusi dut. Umorea beti izan da ona, baina orain lehen baino gehiago behar dugu.

Antzezpenak aldatu al dira?

Askoz gutxiago daude. Asko gara antzezpenak egiten gabiltzanak, eta ez daude guztiontzat adina. Zenbaitek sortzeko aprobetxatu dute; beste batzuek, aldiz, diru asko galdu dute. Hainbat jende beste gauza batzuetan hasi da lanean.

Zerbaiten falta sumatzen duzu?

Chantilly bonbak banatzen dizkiogu publikoari. Antzezpenaren aurreko goizean egiten ditut, etxean. Beraz, goizetik hasten naiz rolean sartzen. Oso gogobetegarria da; asko eskertzen dute. Baina, egoera honekin, antzeztoki guztietan ezin da. Askotan, ezinezkoa da jendearekin interakzioan aritzea. Ez daukagu gertutasunik, eta hori beharrezkoa da antzerkian.

Clownen eta ohiko pailazoen artean ba al dago ezberdintasunik?

Clown, ingelesez, pailazo da; beraz, gauza bera da. Orain, clowna esaten diogu. Euskal Herrian, pailazo esanda, haurrentzako animazioarekin lotzen da.

Eta ez da beti horrela.

Hori da. Pailazo eskola eta mota asko daude: batzuek sudur gorria daramate, beste batzuek ez... Hemen, Euskal Herrian, orain hasi gara pailazo mota ezberdinak ikusten. Ez soilik Pirritx eta Porrotx edo Txirri eta Mirri. Helduentzako direnak ere badaude. Clownak egiten duen umorea oso gertu dago edonorengandik: eguneroko gauzen inguruan egiten dugu barre.

Clowna, pailazoa, antzezlea... Nola aurkezten duzu zeure burua?

Nik ere zalantzak dauzkat. Artistak gara, eta denetik egiten dugu, baina nik ere neure buruari, normalean, pailazo deitzen diot.

Noiz sartu zinen pailazoen munduan?

2010ean hasi nintzen ikastaroak egiten. Asko egin ditut, hainbat irakaslerekin. Nik ere ematen ditut ikastaroak. Abuzturako, clown ikastaro bat antolatu dut Pagorriagan [Beizama, Gipuzkoa]. Ea jendea animatzen den! Berdintasunaren ingurukoak ere eman ditut.

Denetik egiten duzu, beraz.

Hori da; oraingoz, antzezpenekin bakarrik ezin naiz bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.