Bidaia batetik sortu zen Sombras de Beirut (Beiruteko itzalak) film laburra. Maria Aizpuru zinemagilea (Donostia, 1983) lagun bat bisitatzera joan zen Libanoko hiriburura, eta hango egoeraz jabetzean, berehala ikusi zuen dokumentatu beharreko gai bat zegoela. Biztanleko, munduan errefuxiatu kopururik handiena duen herrialdea da Libano, baina ez diete errefuxiatu estatusa aitortzen: desplazatuak dira. Errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu lanean, eta bigarren zatia grabatzeko, Beirutera itzultzea da Aizpururen asmoa; horretarako, finantzaketa kolektibo bat abiatu dute META programaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta.
Itzaletan jarri duzu arreta.
Libanon bizi diren siriar errefuxiatuen egoeraren bitartez, biolentziaren erreplikei buruz hitz egitea zen helburua. Horregatik jarri dut itzaletan fokua. Baina Beirutek baditu argiak ere; hiria hainbatetan hasi da berriz hutsetik ave fenix-a bezala,eta horrek esperantza ematen die. Hala ere, horrek ez du kentzen herrialdean dagoen biolentziari buruzko gogoeta ireki beharra.
Biolentziaren ikuspuntua jorratzen da lan honetan?
Siriak Libano 1970eko hamarkadan okupatu zuenetik, Libanoko gizarte aren zati batek ez ditu siriar errefuxiatuak ondo hartzen. Hori horrela, lan honen ikuspuntua da, nolabait, ulertzea biolentzien errepliketan zer dinamikek hartzen duten parte, eta horiek identifikatzea eta nola zeharkatu daitezkeen ikustea.
Zer interesatzen zitzaizun?
Injustizia baten indarrak mugituta hasi nintzen. Zer egoera injustuan bizi diren errefuxiatuak. Eskubideak murriztuta dauzkate, Europako ateak itxita...
Eta zerbaitek harritu al zintuen?
Errefuxiatuek bertan bizitzeko babesle bat behar izateak, adibidez. «Sistema kafala» deitzen zaio, eta sistema horren arabera, kanpotik datorren pertsona batek Libanoko herritar bat izan behar du arduradun. Horrek neurri batean merkatu beltz bat ekar dezake. Kontraprestazio asko eskatzen dira..
Hortaz, ez dira errefuxiatuak legez. Zer estatus dute?
Desplazatuak dira. Libanok ez du Nazio Batuetako errefuxiatuen hitzarmenean parte hartzen; horregatik, ez dira legalki errefuxiatuak. Hori horrela, herrialdean gelditzeko bisa kudeatu behar dute, diru bat ordaindu,babesle hori eduki, eta bestelako baldintza batzuk bete. Hasieran UNHCR izan zen babesle hori, baina gero, errefuxiatuen etorrera gelditzeko asmoz, utzi egin zuen. Horrek babesgabe utzi zituen milaka errefuxiatu.
Horrek zer ondorio ditu herrialdean?
Edozein negoziotako buruak eskatu diezaioke siriar errefuxiatu bati oso diru gutxiren truke lan egitea, baina babeslea ziurtatuz. Promesa bidez hartzen dituzte langileak. Ez da mafia bat, baina nolabait errefuxiatuen egoeraz aprobetxatzen dira. Aitzitik, Libanoko herritarrak ere leherketaren ostean ez daude egoera errazean. Ez daukate gobernuaren babes handiegirik, oso herrialde pribatizatua da.
Nolakoa da Beiruten bizi den errefuxiatu baten egunerokoa?
Denetariko egoerak daude. Sei milioi biztanletik bi milioi errefuxiatuak dira, gutxi gorabehera. Baina desplazatu estatusa izatearen ondorioz, ezin dute nahi duten lekuan lan egin. Hiru sektoretan soilik lan egin dezakete: garbiketan, eraikuntzan eta nekazaritzan. Erdi mailako familia batentzat edo ikasketak dituen gazte batentzat bere lana egin ahal ez izatea oso frustragarria da. Bestalde, herrialdean diskriminazio handia dago. Errefuxiatuei ez diete lanik eskaintzen, bertako herritarrei lana kentzen dietela argudiatuz, eta eskubideak murriztuta dituzte. Are gehiago, krisi ekonomikoak ere siriarrei egozten dizkiete.
ATZEKOZ AURRERA. Maria Aizpuru. Zinemagilea
«Libanon bizi ahal izateko, errefuxiatuek babesle bat behar dute»
Aizpuruk 'Sombras de Beirut' film laburra ekoizteko proiektua du esku artean, Libanon bizi diren errefuxiatuei buruzkoa. Lehen zatia grabatuta, asmoa du lana osatzeko dirua biltzea eta berriz joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu