ATZEKOZ AURRERA

Amamaren titulazio festan

EHUk Giza Zientzietako titulua eman die Bizkaiko esperientzia geletako 16. promozioko gizonei eta emakumeei. Tituludunekin batera, euren familiak ere elkartu dira: seme-alabak eta bilobak.

Ikasleak,, atzo, unibertsitateko agintarien eta Bilboko alkatearen eskutik titulua jasotzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Unibertsitatearen ekitaldirik garrantzitsuenetan bezala, lepo bete da Bizkaia aretoa, Bilbon. Bozgorailutik musika entzun dutenerako, zutik jarri dira denak. Eta ilaran sartu dira doktoreak, toga beltza aldean eta birreta buruan. Azken lau urteetan ikasten ibili direnei lortutako diplomak banatzeko elkartu dira. Hitzaldi akademikoa ere izan dute. Sara de la Rica Ekonomian doktoreak lan merkatuan dagoen genero arrakalaz egin die berba. Ekitaldi berezia da, eta senideek ez dute hutsik egin nahi izan: seme-alabak eta bilobak joan dira guraso edo aitita-amamen ikasketa amaiera ekitaldira; tartean, negar egiten zuten haurrek.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko esperientzia geletako ikasleei diplomak banatu zizkieten atzo. Giza Zientzietako ikasketak egin dituzte. 16. promozioko ikasleak dira: 53 emakume eta 32 gizon. 55 urtetik gora dituzte guztiek. «Ez zaizue titulurik oparitzen; zuen lanarekin lortu duzuen arrakasta da», esan zien esperientzia geletako zuzendari Alfonso Unzetak. «Klaseetara etortze hutsarekin gainditu dugu. Gero, norberaren lanaren arabera lor dezakezu hortik gorako nota. Ohorezko matrikula lortu nahi duzula? Ba, badakizu zer egin: lan eta lan», azaldu zuen Karmele Maguregik. «Baina ez dago azterketarik, eta hori oso garrantzitsua da», gehitu zuen Victoria Lantaronek.

Euren ikaskide Karmele Lejona, Begoña Perurena eta Txema Ingunzarekin egon ziren atzoko ekitaldian. Oso pozik zeuden bostak, graduazioagatik. Baina penatuta ere bai, aurki ikasteko aukera bukatuko zaielako. «Lau urte hauek ohartu ere egin gabe pasatu zaizkigu. Eta hain gaude gustura, gero ikastaro osagarrietan eman dugu izena. Eta gero ikasle ohien taldean sar zaitezke. Azkenean, hau bizi guztirako bihurtzen da», nabarmendu zuen Ingunzak. Izan ere, berez, aurreko ikasturtean amaitu zituzten Giza Zientzietako ikasketak, baina ikasten jarraitzea erabaki zuten. «Oso ondo pasatzen dugu. Gure artean oso giro ona daukagu. Ikastea baino gehiago da. Txangoak ere egiten ditugu, eta gure arteko harremanak gehiago estutzen dira».

Gazte hartu zuen erretiroa Inguzak, eta bidaiatzeari ekin zion. Baina hara eta hona ibiltzeaz «aspertu», eta esperientzia geletan izena ematea erabaki zuen. Maguregi, berriz, langabe geratu zen 56 urterekin. «Banekien erretiroa hartutakoan ikasi egingo nuela; beraz, izena eman nuen lana galdu nuenean».

Euskara, faltan

Gaztelaniaz ikasi dute. Perurena izan da salbuespena: Biologia ikasgaia euskaraz ikasi zuen, eskaini zuten azken urtean. «Guk ikasketak erdaraz egin ditugu, eta bat-batean unibertsitatera etorri eta euskaraz hasi beharra, zaila da. Baina irakaslea ona zen, oso ondo azaltzen zuen». Bostak dira euskaldunak, eta euskaraz ikasteko aukeraren falta sumatu dute. Lantaronek beste eskaera bat ere egin du: «Jende gehiagori eskaini behar zaio ikasteko aukera. Gehiegi dira kanpoan geratzen direnak».

«Tituluak ez du lana bilatzeko balio», ohartarazi zuen Ingunzak. Baina bai euren jakin-mina eta ikasteko gogoa asetzeko. Eta Lejonaren arabera, hori nabaritu da eskoletan. «Irakasleek esaten digute nahiago dutela gurekin 18-20 urteko gaztetxoekin baino. Gurekin atseginagoa da haientzat, interes handiagoa dugulako, ikasteko gogo gehiago eta lanerako borondate gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.