Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak eragindako tsunamia kudeatzea egokitu zaio Eider Conderi (Donostia, 1981), Aranzadi zientzia elkarteko komunikazio arduradunari. Olatuek ez dute etenik. Aurkikuntzari buruzko aurkezpenak egiten ari dira: gaur, 19:30ean, Tolosan (Gipuzkoa), Leidorren; bihar, 19:00etan, Bilbon, BBK aretoan. Eskuari buruzko liburua ere saltzen ari dira: Irulegi. Liburu didaktikoa eta oso grafikoa. Salgai dago BERRIAren dendan.
Zer esan nahi du Irulegiko Eskuaren moduko aurkikuntza batek Aranzadirentzat?
Hasteko, sekulako ikusgarritasuna lortzea, ez bakarrik Euskal Herrian, baita nazioartean ere. Gero, erakundeen atea jotzen badugu, beste modu batera hartzen gaituzte, ezagunagoak gara haientzat. Orain, ikusgarritasun hori errentagarri bihurtu behar dugu.
Mugarri bat da Aranzadirentzat?
Bai. Baditugu beste mugarri batzuk ere: Ekaingo kobazuloko margolanak, Altxerrikoak, memoria historikoan egindako lan guztia...
Aranzadik 75 urte bete ditu. Itzaleko lan handia egiten du. Zailtasunak dituzue gizartera iristeko?
Bai. Zientziarekin lan egiten baduzu, oso zaila da ezaguna izatea. Gainera, guk egiten dugun zientzia motarekin, oinarrizko zientziarekin, zailagoa. Irulegiko aztarnategia ezagun bihurtu da, baina 75 urte daramatzagu, esaterako, arkeologian gauza oso garrantzitsuak aurkitzen.
Irulegiko Eskuaren olatuak gainditu egin zaituzte?
Bai. Komunikabideetako oihartzuna tsunami bat izan zen azaroan eta abenduan. Gainditu gintuen. Hala ere, neurri batean espero genuen. Espero ez genuena jendearen zirrara izan zen. Astakeria bat izan zen: jendeak eskua tatuatu zuen! Sare sozialak, pintaketak, marrazkiak... bat-batean pop ikur bihurtu zen.
Jendeak bere egin zuen.
Guztiz. Oso harro sentiarazten gaitu. Gainera, arkeologiarekin zerikusia duen zerbait da.
Nolakoak izan ziren eskuaren garrantziaz jabetu zinetenetik aurkeztu arteko asteak? Isilpean gorde behar izan zenuten.
Zailak. Filtrazioen beldur izan ginen azkenera arte. Baina hain garrantzitsua zela bagenekienez, ez ginen ausartzen ezer esatera. Ezta etxean ere. Gainera, lan asko geneukan aurkezpena ondo egiteko, eta lanean zentratuta geunden.
Noiz argitaratuko da indusketan oinarritutako artikulu zientifikoa?
Antiquity aldizkarian argitaratuko da. Azken zuzenketak egiten ari dira.
Jendeari aukera ematen diozue proiektu jakin batzuk diruz laguntzeko. Irulegiko indusketa laguntzeko ekarpenak igo dira?
Bai, laguntza gehiago jaso ditugu Irulegiko indusketarako, jendeak proiektua lagundu nahi du. Baina jende gehiago egin da Aranzadiko bazkide ere, eta hori oso pozgarria da. Horrek esan nahi du jendeak Aranzadi babestu nahi duela. Irulegikoa traktorea izan daiteke beste proiektu batzuentzat.
Zailagoa da arkeologia proiektuetarako dirua lortzea?
Arkeologia oso prekarioa da, eta beti daukagu diru premia. Irulegikoa luxu bat da: normalean aztarnategiak urtean hamabost egunez induskatzen dira; Irulegikoa, aurten, hiru hilabetez induskatuko da.
Herri batek hasitako eta babestutako ikerketa da Irulegikoa. Salbuespena da?
Guztiz, hori ez da inoiz gertatzen. Manolo Romerok, Aranguren ibarreko alkateak, betidanik egin du ondarea babestearen alde. Inork ez du horrelako apusturik egiten. Gainera, herriarekin lan egin dugu, auzolanean.
Poz handiagoa ematen du horrela hasitako proiektu batek halako emaitza izatea?
Bai. Ea eredu gisa balio duen beste batzuek ere horrelako apustuak egiteko. Askotan esaten dugu: zenbat Irulegi geratu dira bidean diru faltagatik? Asko, ziurrenik.
Boluntario batek, Leire Malkorrak, aurkitu zuen eskua. Arkeologiako ikerketak boluntarioetan oinarritzen dira?
Bai, jakina. Opor egunak hartzen dituzte halako lanetarako. Askotan, ikasleak dira, ondo datorkie ikasteko eta esperientzia pilatzeko. Boluntariotza Aranzadiren DNAn sartuta dago, bere historiaren hasiera-hasieratik. Aranzadi ezin da ulertu boluntariorik gabe.
ATZEKOZ AURRERA. Eider Conde. Aranzadiko komunikazio arduraduna
«Ez genuen espero jendearen zirrara»
Esku asko daude Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren eta zabalkundearen atzean. Eider Conderenak, esaterako. Eskua mugarria izan da, baina arkeologia prekarioa dela gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu