ATZEKOZ AURRERA. Jara Nabarlaz. Margolaria

«Elementuak nahita desitxuratzen ditut»

Elementu figuratiboetatik abiatuz abstrakzioa landu nahi du Nabarlazek bere margolanetan. Kolorea beti mantentzen du erdigunean: «Irudi guztiak kolorearen inguruan eraikitzen ditut».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Txikia zenetik mihise huts baten aurrean esertzen da Jara Nabarlaz (Iruñea, 1995), eta, pintzelen laguntzaz, kolorez betetako margolan abstraktuak sortzen ditu. Nabarlazek esan du oraindik margolaria izateko bidean dagoela, baina, bien bitartean, bost obrako bilduma aurkeztu du Laba aretoko Epizentroa mikroerakusketan, Iruñean.

Zein da zure obraren epizentroa?

Kolorea, beti. Kolorea erabiltzen dut elementu nagusi gisa. Irudi guztiak kolorearen inguruan eraikitzen ditut. Kolore bat hobeto geratzeko, irudi guztia alda dezaket.

Nola aukeratzen duzu zein kolore izanen den protagonista?

Ez dut aukeratzen: gertatzen da. Geruza askorekin margotzen dut, bata bestearen gainean. Kolore bat beste baten ondoan agertzen denean, hor zerbait berezia gertatzen da eta badakit hortik jarraitu behar dudala. Magia dago prozesuan.

Abstrakzioaren bitartez, errealitatea modu errazagoan isla daiteke?

Ez dakit errazago, baina bai pertsonalago. Irudiak normalean elementu figuratiboetatik datoz. Orduan, abstrakzioaren bitartez, hori desitxuratzen dut, ikuspuntua zalantzan jartzeko. Ez zait interesatzen pinturekin zerbaiti buruz hitz egitea; pintura bera da gaia.

Nola eusten diozu oreka elementu errealisten eta abstraktuen artean?

Nahiko zaila da. Batzuetan pasatu egiten zara. Nik uste dut praktika kontua dela; bozetoak egiten ditut, eta forma margotzen dut poliki-poliki. Geruza bakoitzean marrazten dudanean, mihisetik aldentzen naiz, eta bozeto berri bat egiten dut.

Zerk irabazten du: abstrakzioak edo errealismoak?

Abstrakzioak. Elementuak errealistegiak direnean, nahita desitxuratzen ditut. Lagun batek esan zidan elementu errealistak hartzen dituenean horiek kopiatzen saiatzen dela, nahi gabe. Irudia abstraktu egin behar da ez egoteko irudi errealistara mugatuta.

Argiarekin jokatzen duzu?

Bai. Nahasteko erabiltzen dut argia; errealitatean atzean dagoen elementu bat aurrean erakusteko.

Uste duzu abstrakzioa ongi baloratuta dagoela?

Bai, arte munduan behintzat. Uste dut kalean gero eta gehiago onartzen dela esperimentazioarekin erlazionatzen delako. Lehen bazter batean geratzen zen, baina orain mainstream da.

Egonaldi bat egin zenuen Bartzelonan eta orain Huarte zentroan zaude. Zer eskaintzen du halako egonaldi batek?

Niretzat beti garrantzitsuena da beste pertsona batzuekin lanean aritzea leku berean. Horixe gustatzen zait gehien, eta asko ikasten dut horri esker. Gainera, zentroan margotzeko materiala eskaintzen digute; beraz, askoz hobeto aritu gaitezke, etxean ez bezala.

Diseinatzaile grafikoa ere bazara. Askatasunez sortzeko aukera daukazu?

Ez. Nik enpresa batentzako lan egiten dut, eta orkestrentzako kartelak behar dituzte. Kartelean agertu behar dira orkestren irudiak, herria eta ordutegia. Zerbait modernoagoa egiten saiatzen bazara, berehala konturatzen zara ez dela hori egiteko lekua. Hala ere, beti zure erara sortzen duzu; adibidez, nire kartelak oso koloretsuak dira.

Pintura, argazkiak, bideoak... Beste diziplina batzuetan aritzea beharrezkoa da arteaz bizitzeko?

Argazkilaritza eta bideoak egitea nire proiektuak dira, eta artearekin zerikusia dute. Ez dakit beharrezkoa den artean mugitzeko, baina uste dut lagungarria dela. Elementuak aurretik ikusten dituzunean, uste duzu ikuspuntu guztiak ezagutzen dituzula, baina aldeetatik begiratzean gauza berriak agertzen dira.

Arteaz bizi ala biziraun?

Biziraun. Orain ez da posible lan bakar batekin bizitzea; beraz, artearekin, are gutxiago. Uste dut guztiak gaudela egoera larri horretan, batez ere gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.