Tolosako inauteriak

Urkulluren deiari barrez

Tonu umoretsuko txupinazoarekin ekin diete Tolosako inauteriei. Tolosako herria izendatu dute Kabi Alai Kuttun, eta zozketaz aukeratutako lau neska igo dira balkoira txupinazoa botatzera.

Tolosako Plaza Zaharra, jendez beteta, inauteriei hasiera ematen, atzo eguerdian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Tolosa
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariaren deia jaso zuten atzo Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan. Txupinazoko irudiak telebistan ikusten ari zela eta, kontu eske deitu zuela irudikatu zuten Kabi Alai elkartekoek, txupinazoan. Atzo eguerdian eman zieten jaiei hasiera, txilabak soinean zituztela eta txistorra pintxoak janez.

Goizetik nabari da kaleetan herritarren grina: etxeetako balkoiak puxika eta oihal koloretsuz beteta daude. Eguerdia gerturatu ahala, hasi da jendea Plaza Zaharrean batzen, mukuru bete arte. Hasteko, Imanol Rojo eskiatzailea omendu dute, Olinpiar Jokoetan egindako lana txalotzeko.

Kabi Alai elkartekoek hartu dute ondoren hitza, jaiei hasiera emateko. Bi lagun hasi dira balkoian, berriketan: bietako bat prest dago, baina besteak itxaroteko esan dio, ez baitaki inauteriak ospatu beharko lituzketen ala ez: «Ez dakit... Gainera, aurten, Kabi Alai Kuttuna ere ez daukagu; ezin dugu honekin aurrera jarraitu!».

Izan ere, urtero Kabi Alai Kuttuna izendatzen dute, eta hura izaten da txupinazoa botatzeko arduraduna. Aurten, ordea, Tolosako herria izan da Kabi Alai Kuttuna; zozketa bidez aukeratu dute nor igo balkoira txupinazoa botatzera.

Plaza erdian, Gora inauteriak! jartzen duen kutxa koloretsu bat dago zintzilik, pareko balkoiari lotuta. Bertan daude Iker Galartza aktorea eta beste hainbat kide, eta kutxa ireki dute, barruko serpentina koloretsuak erortzen utziz. Horrekin batera, ordea, baloi batzuk bota dituzte, eta batek Kabi Alai zeukan idatzita. Lau neska gaztek hartu dute, eta balkoira igotzera gonbidatu dituzte.

Ziurgabetasunari barrez

Gazteak igo bitartean jaso dute, ezustean, lehendakariaren deia: «Urkullu lehendakaria da! Isildu denok, mesedez! Ibarrakoak, Ibarrara; Anoetakoak, Anoetara; eta denak makurtu!», esan dute. Oihuka hasi da jendea.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua ere imitatu dute: «Entzun, 400dik gorako itnzidentzia daukagu; ezin dugu inauteriekin jarraitu». Baina ez zegoen festa geratzerik: «Hau Kabi Alaik erabakitzen du. Sarituak hemen daude, eta festa hastera doa!».

Lau neskek «Gora inauteriak! Gora Kabi Alai! Gora Tolosa!» oihukatu dute, eta txalo zaparrada jaso dute bueltan. Jarraian bota dute suziria, eta lehertu da festa.

Jendea, gogotsu

Txaranga doinuen atzetik joan da jendea, eta horrela hustu da plaza. Ariana Barrena eta Leticia Gorostidi bertan geratu dira, lagunekin trago bat hartzen. «Mozorrotzeko gogoz» daudela esan dute: «Tolosako inauteriak ospetsuak dira, eta asko maite ditugu».

Arantxa Sorrondegik ere pozik hartu du jaien etorrera, eta lagunekin batera esan du azken momentuan prestatu dutela dena: «Aurten duela hogei urteko inauterietara itzuli gara; etxean geneukanarekin moldatu, eta kito».

Maddi Goenaga eta Maialen Artola, berriz, txarangaren musikaren atzetik doaz, alde zaharrean barrena. «Sorpresa» izan da haientzat azkenean inauteriak ospatzea. Txupinazoan «hunkituta» egon direla azaldu dute, eta bideodeia egin dute joan ezin izan den lagun batekin. «Mozorroak inprobisatu ditugu, eta ez dugu izan karroza egiteko denborarik». Baina ez zaie askorik axola: «Txaranga badago, eta hori nahikoa da». Urkulluri muzin eginez ekin diote jaiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.