Herri hezitzailea, artista, idazlea, psikologoa eta terapeuta da Julia Castillo (La Paz, Bolivia, 1973). Ekintzaile aimara ere bada, eta feminismo komunitario, antirrazista eta antikolonialeko militante sutsua. Astelehenetik Iruñean dago, zenbait herri mugimendurekin biltzen ari baita bere esperientzia aintzat hartuta irakasgai batzuk zabaltzeko asmoz.
Zer irakaspen ekarri duzu bilkura eta hitzaldi hauetara?
Gure emakume arbasoek kolonialismoaren, estraktibismoaren, kapitalismoaren eta neoliberalismoaren kontra egin duten borroka partekatu nahi izan dut. Bostehun urtez aritu dira beren eta gainerakoen lurren askatasunaren alde borrokan. Haiek ireki digute eta irekitzen digute bizitza duinerako bidea.
Emakume horiek ez dira ezagutzen Mendebaldean?
Lider asko indigenak dira, elkarteetan ari dira, egoera oso zailak izan dituzte eta borroka izan dute aldaketak lortzeko modu bakarra. Ez dute bere burua ezagutzeko ahaleginik egin, uste osoz borrokatu dira, bizitza horrela ulertzen dutelako.
Zer dauka feminismo antikolonialak Mendebaldeari esateko?
Gure gorputz migrante eta arrazializatuen kontrako indarkeriak jarraipena du Mendebaldean. Begirada arrazista eta klasista bat dago, asistentzian oinarritutako elkartasuna, pobre gixajoak laguntzekoa, baina begirada horrek ez du memoria luzerik, eta ez du ikusten egiturazko arazoa. Ez dago pobrerik; pobretze bat dago, eta hori sistema kapitalista hiltzailearen ondorioa da.
Autokritika eskatu duzu Iruñean?
Aliantzak sortzera etorri gara, baina kritika egitera ere bai. Hemen badira atzerritarren lege eta migrazio politika batzuk, eta, beraz, gizarte honek badu ardura horrekiko; baita gure lurraldeetan gertatzen denari buruz ere. Abya Yalan ahizpa anitz ari dira eredu estraktibisten eta multinazionalen kontra borrokan; asko desagertu dira. Hemen ere borroka egin behar duzue multinazionalen kontra, guri ez ezik, zuei ere eragiten dizuelako.
Jendeak nola hartu du kritika?
Arrazakeriarena asko landu behar duzue, asko. Pentsatzen dugu herri mugimenduetan edo GKEetan aritzeagatik hori landua dugula, baina kosta egiten zaizue aditzea.
Zergatik ez da kritika onartzen?
Mendebaldeko begiradarengatik, gure lurraldeez duzuen irudiarengatik. Unibertsitatetik pasatuta pribilegio batzuk dituzu, esperientzia bat, eta orain migrante indigena batek zer esan behar dit? Gure jatorrizko lurraldeetan ere bada barne arrazakeria bat. Espainiar batekin hitzaldi bat ematen badut han, espainiarra aditu nahi dute. Garapenahemen dagoela uste dute, baina oker dabiltza. Hemen ere badira politika hiltzaileak.
Herri heziketaren alde zaude. Zer erakutsi beharko luke eskolak?
Kritiko izan behar dugu eskolarekin, baina, era berean, aldaketarako proposamenak egin. Haur asko bizitzarekiko jakin-minez sortzen dira, eta heziketa espazioek izaera hori bultzatu behar dute. Indarkeriarik gabeko espazioak sortu behar dituzte eskolek, eta begirada kritiko eta duin bat eskaini, balioekin eta proposamen komunitario batekin. Indarrean dauden programak etengabe berrikusi behar dira, eta galdera bat egin: hezten ditugu denen onuraren alde jardun dezaten?
Nola hezten da modu horretan?
Ereduaren bidez. Irakasle askok oso programa ederrak sortzen dituzte, baina ezin dira irakasle baten esku egon. Gainera, hezkuntza ez da soilik eskolaren ardura: etxea eta karrika ere hezkuntza eremuak dira. Hitz egin behar da klasismoaz. Beldur diogu esateari eskolak espazio politikoak direla, baina hala dira hausnarketa bultzatzen badute eta errealitateari begiratzen badiote.
Artearen munduan ere ari zara. Artea eraldaketarako tresna da?
Artea izan daiteke boterearen tresna bat; auzoak gehiago estratifikatzeko bidea, esaterako: langile auzo askotan espazio artistikoak irekitzearekin batera, prezioak igotzen hasten dira. Nik arte politikoaren alde egiten dut, eraldatu, pentsarazi eta bestela sentitzera garamatzana. Poeta batek jakin behar du esaten duenaren arabera pertsonen eraldaketa bultzatu dezakeela edo pertsonak eta natura bortxatzen dituen sistema kapitalista sustatu. Antolatu behar dugu sistema honen bestelako proposamenak sortzeko.
ATZEKOZ AURRERA. Julia Castillo. Herri hezitzaile, artista eta ekintzaile aimara
«Arrazakeria asko landu behar duzue»
Aliantzak sortzeko eta kritika egiteko asmoz bildu da Castillo Euskal Herriko herri mugimenduetako zenbait kiderekin. Hezkuntza, artea eta militantzia nahi ditu sistema kapitalistari alternatiba eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu