ATZEKOZ AURRERA. David Cacchione. Banda Bassotti taldeko kidea

«Kultura erabili dugu borroka brigada gisa»

Atzera begira, Banda Bassotti taldearen ibilerak jaso ditu Cacchionek bere memoria liburuan. Musikaren bidez borrokarako deia egiten jarraitzen dute: «Ezin dugu pentsatu betiereko porrota garenik».

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Erromako Banda Bassotti taldea ezaguna da Euskal Herrian, lotura estua baitu aspalditik. Taldea sortu zutenetako bat da David Cacchione (Erroma, 1960), eta Iruñean eta Altsasun (Nafarroa) izan da bere memoriak biltzen dituen liburuaren gaztelaniazko itzulpena aurkezten: Toda una vida. Memorias de un obrero internacionalista.

Zergatik erabaki duzu zure memoriak idaztea?

Duela bi urte Angelo Sigaro hil zen, eta ohartu nintzen heriotza gertu dela; beraz, bizi izandako guzia idaztea pentsatu nuen. Horrekin batera, azaldu nahi nuen nola lau lagunek oharkabean komunitate bat sortu dugun. Banda Bassottirekin egon gara Palestinan, Nikaraguan, Sirian, El Salvadorren, Venezuelan, Kuban... musika bidaiak ziren, bai, baina baita elkartasun internazionalistako bidaiak ere.

Lau lagunen burutazio bat izan zen Banda Bassotti?

Lau gazte langile ginen, gauza asko egitera iritsi direnak inguruko babesari esker. Posible da gauza asko egitea gogoa baduzu, eta beti gauzak erdizka uzten ez badituzu. Musika banda alor bat da, baina mugimendu transbertsal bat da gurea.

Nola sortu zenuten taldea?

1970eko hamarkada hondarreko mugimendutik heldu gara. Lehenbizi, elkartasun ekimenak antolatzen hasi ginen: behin, El Salvadorri elkartasuna adierazteko eta misilak erosteko kontzertua antolatu genuen: bost milioi lira lortu genituen gerrillari emateko.

Liburuan diozu kanta on asko egin dituzuela, baina zuen indargunea dela jotzen duzuen hori zaretela. Hori da arrakastaren gakoa?

Noski, kontzertuetara etortzen den jendea identifikatzen da Stalingrado eta antzeko kantekin. Jendeak badaki gatazka eremuetara joaten garela. Ez dugu soilik kantatzen, borroka egiten dugu. Jarraitzaile asko gurekin etortzen dira elkartasun karabanak antolatzen ditugunean; harreman estua dugu haiekin.

Euskal Herriarekin duzuen harremana zergatik da hain estua?

Brigadak antolatu genituen Nikaraguara, eta bueltan haien aldeko kontzertu bat antolatu genuen.Adiskide batek Kortaturen zintaekarri zuen Nicaragua Sandinista kantarekin, eta gonbidatzea pentsatu genuen. 1987an etorri ziren, gero gu sanferminetan izan ginen; geroztik askotan jo dugu elkarrekin. Erromatik beti ikusi dugu Euskadi kultura eta borroka eredu gisa.

Internazionalismoa oholtzatik defendatu behar da?

Bai, gu borrokarekin loturik gaude. Altsasuko gazteen aldeko pankarta kontzertu guztietan atera dugu. Kontzertu bat ez da mitin bat, baina beti saiatu gara kultura borroka brigada baten gisa erabiltzen.

Konpromisoaz eta militantziaz mintzo zara liburuan. Ezin zuen bestela izan zure bizitzak?

Ez. Maite dut goizean esnatu eta ispiluari begiratzean lotsarik ez sentitzea. El Salvador eta Nikaraguako nekazariekin egon gara, Donbassen aurreko egunean bonba bat zartatu zen tokian egon gara... Haiekin identifikatu eta haiengatik borrokatu behar dugu.

Etengabe aipatzen duzun borroka asko aldatu da?

Dekoratua aldatu da, baina kapitala betiko bera da; beraz, komunistek batasuna lortu behar dugu borrokatzeko. Batasunik gabe, ez goaz inora. Italian azken 30 urteetan borrokaren bidez lortutako eskubide asko galdu ditugu langileok.

Nola pitz daiteke borroka hori?

Pentsatzea aski litzateke, eta ez aditu telebistek diotena. Telebista eta egunkariak industria handien eskuetan daude; beraz, informazioa da irabazi beharreko lehenbiziko bataila.

Bizitzari errepasoa emanda, zer irakasbide atera duzu?

Beti egin dugu sinesten genuen hori; batzuetan, ez dugu burutu, baina saiatu gara. Ezin dugu pentsatu betiereko porrota garenik.

Zer asmo duzue aurrerantzean?

Diskoa grabatu berri dugu, eta Kubaren aldeko elkartasun kanpaina abiatu dugu. Karabana bat antolatu nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.