ATZEKOZ AURRERA. Alaitz Saizar. LGTBIQ+en aldeko ekintzailea Malawin

«Homosexuala izatea immorala da Malawin»

Malawin zegoela, Emory 23 urteko gaztearen kasuaren berri izan zuen Saizarrek. Lesbiana izateagatik kale gorrian geratu zen Emory, eta kanpaina bat abiatu dute orain biek, LGTBIQ+ kolektiboaren alde.

Alaitz Saizar eta Emory. ALAITZ SAIZAR.
jone arruabarrena
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Alaitz Saizar (Pasaia, Gipuzkoa, 1987) atzerrian ibili da azken urteetan. Malawin dago orain, eta hango LGTBIQ+ kolektiboaren egoera ezagutu ondoren, kanpaina bat jarri du abian, kolektiboko pertsonei laguntzeko erakunde bat sortzeko.

Noiz eta nolatan joan zinen Malawira?

Txinan sei urtez bizi ondoren, herritik gertuago bizi nahi nuen, baina horren aurretik azken abentura bat bizitu nahi nuen. Beharra dutenen bizi kalitatea hobetzen lagundu nahi nuen kultura ezberdin batean, eta Afrika izan zen nire aukera.

Hala ere, ez zinen zuzenean Malawira joan.

Ez. 2019ko irailean Ugandan lur hartu nuen hiesa duten pertsonei laguntzeko. Handik Kenyara egin nuen jauzi, eskola bat eraikitzen parte hartzeko. Hango lana bukatzen ari zela, ikusi nuen Malawin luzera begirako boluntario baten beharra zutela, Afrikako albinoen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen Beyond Suncare erakundean. Izena eman nuen; elkarrizketa egin zidaten, eta aukeratu egin ninduten.

Nola ezagutu zenuen LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko proiektua?

Interneten irakurri nuen Malawin LGTBIQ+ kolektiboa laguntzeko zentro bat ireki nahi zutela, etahaiekin hitz egin nuen, nola lagundu nezakeen ikusteko. Kontatu zidaten Malawin bazegoela neska bat jazarpena jasan zuena, eta bere egoera berean daudenei laguntzeko GKE bat sortzea zuela buruan.

Hain zuzen, neska hori da kanpainako protagonistetako bat.

Bai. Emory du izena eta 23 urte ditu. Duela hilabete batzuk, egun batzuk gurasoen etxean pasatzen ari zela, bere ahizpak etxean zabaldu zuen lesbiana zela, eta etxetik bota zuten. Hurrengo egunean, bere lehengusuak jipoitu egin zuen. Kalean eta dirurik gabe, ordenagailua saldu zuen, sakelako telefono bat erosi eta hurrengo egunetako mantenua izateko. Lanera itzuli zenean ere esan zioten kaleratua zela, arrazoi beragatik. Interneten laguntza bila hasi zen orduan. Sei erakunde daude Malawin LGTBIQ+ kolektiboaren arloan lanean, baina ez zioten behar zuen laguntza eman. Azkenean, erakunde horietako batean lanean ari den Akei izeneko gazte batek bere etxean hartu zuen.

Nolakoa da LGTBIQ+ komunitatearen egoera Malawin?

Inkesta batek erakutsi du gutxi gorabehera 186.000 malawiar LGBTQI+ gisa identifikatzen direla. Baina beraientzat ez dago homosexualik edo transexualik herrialdean; atzerritik etorritako gauzak dira. Sexu berekoen arteko harremanak immoraltzat jotzen dituzte, arau kultural eta ideologia erlijiosoengatik.

Zer dio legeak?

Legeak bost urteko kartzela zigorra ezartzen du emakumeentzat, eta hamalau urtekoa gizonezkoentzat, sexu bereko pertsonekin harremanak izateagatik. Transexualitatea, berriz, legez kanpokoa da. Malawin generoa aldatzea ez da zilegi, eta gaixotasun gisa ikusten dute.

Zer funtzio izango ditu kanpaina bidez sortu nahi duzuen GKE horrek?

Arazoren baten aurrean dagoen orok nora joana izatea da gure asmoa. Kolektiboko datu base bat eduki nahi dugu, eta hiru edo lau hilabetetik behin dei bat egin, haien egoeraren jarraipen bat egiteko. Bakarrik ez daudela sentitu behar dute. Laguntza psikologikoa eta juridikoa ere eman nahi diegu.

Zein da lehenengo pausoa?

Gune seguru bat sortu nahi dugu. Larrialdi egoeran daudenei ostatua ematea da asmoa, beste zerbait bilatzen duten bitartean. Lana bilatzen ere lagundu nahi diegu, ulertzen dugulako jende asko ez dela armairutik ateratzen egonkortasun ekonomikorik ez daukalako. Lantokitik edo etxetik kaleratuak izango diren beldur dira.

Gizartean ere eragin nahi duzue?

Ikusgaitasuna eman nahi diogu kolektiboari, baina ez dakigu nola oraindik. Dagoen homofobiarekin, kontuz ibili behar dugu: ezin gara kalera atera manifestatzera, edota kartelak jartzen ibili. Argi dugu, ordea, jende asko homofoboa dela informazio faltagatik, eta arazo horri ere aurre egin nahi diogu.

Ze aterabide daukate komunitate horretako pertsonek?

Aterabide bakarrak gizarteak zehazten dituen arauak jarraitzea ala erbestea dira. Duela gutxi Emoryen aita azaldu zen Akeiren etxean, eta bortizki eraman zuen. Azkenean, alde egitea lortu zuen, eta geroztik beldurrez eta ezkutuan bizi da. Atzo galdetu nion ea Malawitik alde egitea gustatuko litzaiokeen, eta baiezkoa izan da bere erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.