La casa de papel telesailaren grabaketan murgilduta dago Itziar Ituño(Basauri, Bizkaia, 1974). Madrildik Euskal Herrira egindako joan-etorri batean, bere lagun Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala ikustera joan zen. Belaunaldi berriek iraganean gertatutakoa ezagut dezaten oso baliagarria iruditzen zaio dokumentala.
Laguna duzu Lander Garro zinemagilea. Horregatik gomendatu duzu haren dokumentala?
Inongo espektatiba barik joan nintzen pelikula ikustera, eta iruditu zitzaidan oso-oso dokumental potentea dela, oso hunkigarria eta nik neuk bizitakoa erakusten duena.
Intsumisioaren aldeko mugimendua du hizpide dokumentalak. Zerk eman dizu arreta gehien?
Intsumisioaren aldeko mugimenduan gizonezkoak ziren gehiengoa, eta mugimendu nahiko maskulinoa iruditzen zitzaidan; dokumentalean, berriz, emakumeen presentzia oso nabarmena da. Ohartu naiz zelako elkartasuna mugitu zen emakumeongan, nahiz eta soldaduska gizonezkoentzat izan.
Zuk zeuk bizitako garai bat da; lehen lerroan izan zinen inoiz?
Intsumiso Egunera joaten nintzen,eta manifestazioetara ere bai, baina mugimenduan militatzen ez nintzen egon. Ezagutzen nituen mutil pila bat intsumiso edo kontzientziaeragozle egin zirenak, eta Basauriko kartzelara joaten zirenak lo egitera. Ez naiz berez parte izan, baina gogoratzen dut zelako ekitaldi eta planto politak eta dibertigarriak egiten zituzten.
Nola gogoratzen duzu intsumisioaren aldeko mugimendua?
Nahiko mugimendu transbertsala zen, oso plurala eta oso alaia. Hori gogoratzen dut. Pelikulan bertan agertzen da, eurek oso argi zuten: lege bat bidezkoa ez bada, zer egin behar da? Legearen kontra egin.Beldurra alde batera utzita, lortu zen dena aldatzea. Estatuak bere trikimailuak erabili zituen, baina babes sozial handia zuten, eta lortu zuten lege bidegabe hori aldatzea, eta oso itxaropentsua da hori. Intsumisioaren aldeko mugimendua borroka eredugarria izan zen.
Inoiz izan duzu jarrera intsumisoa bizitzan?
Askotan. Lehen jarrera intsumisoa nire lotsarekikoa izan zen: oholtzara igo nintzen antzerkia egitera neure buruari planto eginez. Euskararekin ere, basauriarra izanda, askotan egin dut planto. Intsumisoa izan naiz bankuan, medikuarenean... nire eskubidea zelako euskaraz egitea. Eta, emakume moduan askotan egin dut planto. Gidoi bat irakurri, matxista dela detektatu, eta esan: hau ez dut egingo. Euskaldun moduan, herri zapaldu bateko kide moduan, ere egin dut planto. Planto, edo alde; askatasunaren alde.
Mezu garrantzitsua zabaltzen du dokumentalak?
Oso. Argia da mezua: gauzak aldadaitezke indarrak metatzen badira,baina metatu egin behar dira.
Mugimendu intsumisoaren aurkari ziren polizien gisako pertsonaiak hezurmamitu izan dituzu inoiz zineman eta telebistan.
Kasualitatez, bai, tokatu zaizkit horrelako pertsonaiak, askotan tokatu zaizkit uniformeak. Nire izaeraren beste muturrean dauden pertsonaia horiek gorpuztea erronka handia izan da, baina ariketa polita.
Alardea telesailean parte hartu berri duzu. Hor, aldiz, badago intsumisioa.
Bai, hori da beste intsumisio mota bat. Badakigu arrakalak sortu dituela telesail horrek gure Euskal Herrian, baina gure ekarpena da eta oso harro gaude.
Dokumentalean, intsumisioaren aldeko mugimendua eta borroka feminista alderatzen dira.
Gu gara egungo intsumisoak, emakumeok. Esnatze bat egon da emakumeon kontzientzia kolektiboan, eta indarrak metatzenari gara gauzak aldatzeko. Halere, planto egiten jarraitu beharko dugu.
MAITE DUT MAITE... 'BI URTE, LAU HILABETE ETA EGUN BAT'. Itziar Ituño. Aktorea
«Intsumisioaren aldeko mugimendua borroka eredugarria izan zen»
Borrokak fruituak ematen dituela: ideia horren isla da Ituñorentzat intsumisioaren aldeko mugimendua. 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' gomendatu du, mugimendu hori abiapuntu duen dokumental bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu