TXAPELA BURUAN. Mikel Arevalo. El Salvadorren bizi den bilbotarra

«Ohikoa da 10 urteko haur bat arma batekin ikustea»

Arevalo beka batekin joan zen El Salvadorrera, eta egonaldia boluntario modura luzatu du. Adierazi du hasieran hara joateak beldur pixka bat ematen zion arren,«oso gustura» dabilela.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

Mikel Arevalo (Bilbo, 1994) soziologoa da, ikasketaz. Iazko uztailean, Suchitotora joan zen bekadun, El Salvadorrera, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko Gaztenpatia programarekin. Han gustura zebilen, eta gelditzea erabaki zuen. Orain, boluntario lanak egiten ari da hango elkarte batean.

Zerk eraman zintuen El Salvadorrera?

Gaztenpatiak soziologiako ikasleentzat eskaintzen zituen programen artean, El Salvadorkoa gustatu zitzaidan gehien. Gainera, Mexikon egona naiz lehenago ere, eta oso gustura egon nintzen. El Salvador aukeratuta, Mexikora erraz bueltatu ahalko nintzela pentsatu nuen.

Beka bukatuta, han geratzea erabaki duzu. El Salvadorrek harrapatu egin zaitu?

El Salvadorrek baino gehiago, hemengo jendeak harrapatu nau. Oso pertsona bereziak ezagutu ditut hemen, eta oraintxe bertan zoriontsu naiz jende horrekin.

Orain, berriz, boluntario zabiltza Plataforma Globalean, ezta?

Hori da, hainbat alderdi lantzen dituzte, musikarekin, ekintzailetzarekin eta abarrekin. Ni, berriz, tabernaria nintzen, Suchitotoko egoitzan. Oso giro polita genuen lankideon artean. Horrez gainera, laguntza behar zuten edozerekin ere aritzen nintzen. Abenduan, etxe bat eraikitzen hasi ginen, esaterako. Hala ere, uste dut beste momentu bat iritsi dela, eta soldatapeko lana bilatzen saiatuko naiz.

Esan daiteke El Salvador ez dela oso ezaguna, eta entzuten dena ez dela oso positiboa...

Nik ezagutzen nuen El Salvadorren egondako pare bat pertsona, eta, etorri aurretik, haiekin hitz egin nuen. Esan zidaten ez zuela zer ikusirik entzuten denarekin. Abentura hasi baino lehen, noski, beldur nintzen. Nik tatuajeak dauzkat, eta beldur nintzen arazorik sortuko ote zidan horrek, baina gerora ohartu naiz kanpotarrak ez garela banden helburua. Nik Mendebaldeko hazpegiak ditut, eta, beraz, salbu naiz, nolabait esateko.

Eta hara iristean, zerk harritu zintuen?

Gerrako aztarnak giroan nabaritzen dira. Alde bateko zein bestekoen artean. Gerran jende askok armak hartu behar izan zituen, baita umeek ere.

Nolakoak dira salvadortarrak?

Zaila da galdera horri erantzutea. Oso ezaugarri orokorrak eman beharko nituzke. Hala ere, hemengo jendearekin hitz egin dudanean, hiriguneetako jendea zuhurra dela esan didate. Suchitoto landa eremuan dago, eta ez dago horrenbesteko indarkeriarik. Baina, hiriburuan, bai, eta, horregatik, tentuz jokatzen dute une oro, arazorik ez izateko.

Bidaiatzeko aukerarik izan al duzu?

Bai. Hondurasen asteburu-pasa bat egin nuen, El Salvadorko gerran erbesteratu behar izan zutenen omenezko jaialdi batera joanda. Baina, batez ere, herrialde barruan mugitu naiz: Loreen Ibilbidea egin dut, herri txiki eta ikusgarriak lotzen dituen, eta hondartza turistiko eta ez hain turistikoetara ere joan naiz. Nahiago ditut hondartza txikiagoak eta lasaiagoak, egia esan.

Koronabirusa hara ere iritsi da...

Bai, baina egoera ez da hain larria. Interneten ikusi nuen neurririk zorrotzenak dituzteen herrialdeetako bat dela El Salvador. Nik ez dakit oso ondo. Hala ere, kalean harrapatzen bazaituzte, kontzentrazio esparru antzeko batera bidaltzen zaituzte. Bideoak eta albisteak zabaldu dira han gertatzen denari buruz, baina ez dira oso ziurrak.

Bueltatzeko asmorik bai?

Hegaldia hartua nuen martxoan bueltatzeko, baina, birusa zela-eta, ezin izan nuen hartu. Orain zaila ikusten dut lan egitea, egoera honek dena zailduko duelako, eta, beraz, azarora bitarte, behintzat, geratuko naiz; hori aurreikusten dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.