Historia eta zinema. Bere intereseko bi gaiak uztartu ditu Ramon Herrera txantrearrak (Melilla, Espainia, 1955) Secuencias antifranquistas liburuan (Pamiela, 2021). Francoren diktaduraren urteetako borroka antifrankista ikus-entzunezkoetan nola landu den aztertu du, 125 filmen bidez. Asteon aurkeztu du Iruñeko liburuaren azokan.
Memoria antifrankista ez dago ongi islatuta zineman?
Urteak bete ahala, ohartzen zara diktaduraren garai horri buruz egin den lanketa tamalgarria dela, eta ez oso erreala. Nabarmendu behar da zer gutxi kontatu den, eta beti paratzen dut telebistako Cuéntame-ren adibidea, erabat leundua. Diktadura horren ondorioak pairatzen ari gara oraindik, ez zelako hautsi aurreko garaiarekin.
Errazagoa da 36ko gerrari buruzko lanak aurkitzea diktadurari buruzkoak baino?
Hala da, nabarmen. Diktaduraren bukaeran hasi ziren gerrari buruzko filmak, eta, 70eko urteen bukaeran, loratze bat izan zen. Ez dakit interes ezkutuengatik izan zen edo ez, baina zabaldu zen jendea kokoteraino zegoela Gerra Zibilari buruzko hainbeste film zeudelako, nahiz eta ez ziren hainbeste. Egia esan, diktaduraren garaia oso aberatsa da zinemarako gaiei dagokienez.
Alegia, borroka antifrankista badela zinemara eramateko moduko gaia, ezta?
Garai hori bizi izan genuenok zinemara eramateko moduko hamaika istorio ditugu. Zoritxarrez, Espainiako zinemak ez dio heldu gaiari. Ez nuke nahi gaizki ulertzerik, baina borroka antifrankistak batzuetan baditu zinema beltzaren ezaugarri asko. Testuinguru beltz bat da alor guzietan, eta istorio asko ez dira kontatu, zoritxarrez.
Zergatik ez zaio behar den bezala heldu gaiari?
Diktaduraren eta haren kontakizunari buruzko ahanztura interesatu bat izan da alor honetan.
Baina badira film batzuk.
Badira arrakasta komertzial handiko filmak: Las trece rosas, La voz dormida... Dokumentalak ere bai: Imanol Uriberen El proceso de Burgos. Donostiako Zinemaldian sari bat jaso zuenean, Espainiako telebistako kazetariak ez zuen aipatu izenburua: «Imanol Uriberen lan batek jaso du saria», esan zuen. Hori 1979an gertatu zen. Anekdota bat da, baina esanguratsua. Zinema komertzialak ez du askorik landu diktadura frankistaren gaia, zenbait arrazoirengatik: batetik, ideologikoa; bestetik, gai erakargarria izan arren, girotze bat behar du, eta hori garestia eta konplexua izaten da. Azkenik, antifrankismoa zer izan zen jakin behar da.
Azkenaldian, ikus-entzunezko plataformek ETAren gaiari heldu diote. Zer iritzi duzu?
Interes faltsu bat da. Konpainia multinazionalak dira, garai horretaz hitz egiten. Teknikoki beti izanen da emaitza ona, baina ideologikoki, erdipurdikoa. La línea invisible Meliton Manzanas eta Txabi Etxebarrieta pertsonaiak buruz buru jartzen dituen western bat da. Gertakari historiko bat jorratzeko garaian, beharrezkoa da begirune eta errespetu pixka bat izatea.
Aipatutako filmetan, gertakari historiko batzuk berregiten dira: Carrero Blancoren atentatua, Burgosko epaiketan Eusko gudariak kantatu zenekoa... Bestela egonen ez ziren irudiak dira, erretinan gordetzen direnak.
Operación ogro filmeko irudi hori oso ezaguna da, adibidez. Oso faltsua da filma ikuspegi politikotik, baina oso ongi egina dago. Irudi hori gelditzen da, bai. Oso berezia da Vicente Arandak Luna caliente filmean Burgosko epaiketari buruz egin zuen sekuentzia, auzitegiari aurre egin ziotenekoa. Horren irudirik ez zen, soilik soinua.
Zaila zaizu ikus-entzunezko lengoaiari buruz hitzez aritzea?
Ez. Dokumentaletan badira elkarrizketatu antifrankisten esan asko. Ohartu nintzen esateko nuenak ez zuela garrantzirik, sekulako indarra zuen gauza bakarra transkripzio horiek zirela, eta pantailan duten indar bera dutela paperean idatzita.
ATZEKOZ AURRERA. Ramon Herrera. Kazetaria, historialaria eta zineman aditua
«Borroka antifrankistak zinema beltzaren ezaugarri asko ditu»
Herrerak salatu du zineman gutxi landu dela diktadura frankistak iraun zuen urteetako borroka antifrankista, garai hori «modu interesatuan» atzendu nahi delakoan. Liburu bat argitaratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu