ATZEKOZ AURRERA. Nazanin Zafarnia. Ingeniaria eta Itziar Ituñoren zalea

«Euskaraz gero eta gehiago saiatzen naiz»

Itziar Ituñoren zalea da Zafarnia, eta horrek euskara bere kabuz ikastera eraman du, Teheranen. Aktorearen zaleen kontu bat kudeatzen du Instagramen. «Lagun zoragarriak egin ditut horri esker».

NAZANIN ZAFARNIA.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ehungintzako ingeniaria da Nazanin Zafarnia (Teheran, 1993). Nanoteknologian master bat egin zuen, eta, gaur egun, ehun fabrika batean ari da lanean, ur zikinetatik substantzia toxikoak kentzeko proiektu batean. Aurreko asteburuan, Mantangorri-n Ituñori egindako elkarrizketa ingelesera itzuli eta Instagramen zabaldu zuen. Euskaraz erantzun die galderei.

Loreak filmean deskubritu zenuen Itziar Ituño. Baina orduan ez zenekien euskaraz, ezta?

Loreak filmean ikusi nuen Ituño lehen aldiz, bai. Pelikula Oscar sarietarako hautagai izateko bidean zegoen, eta hainbat jaialditan ematen ari ziren. Orduan ez nuen euskal aktorerik ezagutzen, eta ez nekien ezer Euskal Herriari buruz.

Ituñoren zerk liluratu zintuen gehien?

Zintzoki, hasieran itxurak, batez ere begiek. Baina haren jarduteko gaitasunak ere piztu zuen nire arreta. Ituñoren beste lanak ikusten hasi nintzen, nahiz eta ez nuen hizkuntza ulertzen: emozioak primeran eta zuzen transmititzen zituela sentitu nuen. Denborarekin, haren gizarte jardueraz eta pentsamoldeaz jabetu nintzen. Zenbat saiatu den dagoen tokira iristeko. Hark dio bizitzan arriskatu eta gauza berriak onartu behar ditugula, eta askotan ahalegindu behar dela arrakasta izateko. Horrek guztiak gero eta gehiago liluratzen ninduen. Bera bezalako pertsonak oso inspiratzaileak izan daitezke.

Aktorearen zein film eta telesail ikusi zenituen gero?

El final de la noche filma ikusi nuen. Horren ostean, Goenkale ikusten hasi nintzen. Gero, La casa de papel telesailari ekin nion. Haren lan guztiak ikusiak ditut. Goenkale osorik bukatu nuen: Nekane Beitia pertsonaia eta haren bidaia asko maite ditut.

Nolakoa izan da euskara ikasteko prozesua?

Oso zaila. Batez ere, zuk zeuk bakarrik ikasi nahi duzunean. Itziar Ituño ulertzeko beharra sentitu nuen, eta, beraz, haren lanak eta elkarrizketak ikusten hasi nintzen. Goenkale-rekin, koaderno bat hartu eta ulertzen ez nituen hitz guztiak idazten nituen; gero, esanahia bilatzen aritzen nintzen. Internet bidezko ikastaro bat egin nuen, baina oso denbora laburrekoa, eta presioa eragin zidan. Ondotik, euskarazko lanak ikustea eta euskal musika entzutea izan da egin dudana. Oraindik ez naiz horren ona, baina gero eta gehiago saiatzen naiz euskaraz.

Zer da euskararen inguruan arretarik handiena piztu dizuna?

Euskal Herriaren sustraiak oso aberatsak dira, nire herriarenak bezalakoak. Nire herriak kondaira asko ditu, oso liburu zaharrak eta poeta handiak. Euskara oraindik erabiltzen diren antzinako hizkuntza bakanetako bat da. Herrialde bateko hizkuntza ofizialtzat aitortu diren antzinako azken hizkuntzetako bat ere bada. Hori guztia nahikoa izan zen nire arreta pizteko. Tradizio ederrak ditu euskal kulturak.

Itziar Ituñoren zaleen sare sozialetako kontuak sortu eta kudeatzea nola izan da?

Zoramena da. Pandemiako konfinamenduaren hasieran, dena benetan nahastuta zegoenean, zaleen kontu bat irekitzea erabaki nuen. Hasieran, ondo pasatzeko zen, Itziarren fenomenoaren bitartez jende gehiago ezagutzeko. Kontua arrakastatsua izan zen. Orain, lagun on asko ditut horren aitzakian. Gainera, Itziar zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta ezinezkoagoa da harengandik alde egitea. Ez naiz damutzen horri ekin izanaz.

Nolako harremana duzu Ituñoren beste zale batzuekin?

Lagun zoragarriak egin ditut: taldetxo bat dugu Mazedonia eta Armeniako bi neskekin. Belgikako eta Frantziako beste bi lagun min ere baditut. Beste neska bat aurkitu nuen nire herrialdekoa, Irangoa.

Netflixek Intimidad telesaila estreinatuko du, eta Paul Urkijok, Irati filma. Ituño bietan ageri da...

Netflix debekatuta dago Iranen, baina jada aurkitu dut Intimidad ikusteko modua. Eta ez ahaztu Ituño izango dela Black Is Beltza 2 filmeko ahotsetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.