ATZEKOZ AURRERA. Eneko Gil. Dantzaria

«Maskulinitate toxikoa jasan izan dut dantzan»

Ikerketa koreografiko bat osatu du Gilek: 'Hitzezko hitzak mugimenduan. Fuck you, Bertin!'. Maskulinitate toxikoa eta hegemonikoa ditu hizpide eta kritika: «Eta ez dago horren urrutira joan beharrik horretarako».

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Errenteria
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hitzak dantzara hala, eta esanak mugimendura nola. Horren inguruan aritu da ikertzen azken hilabeteotan Eneko Gil (Errenteria, Gipuzkoa, 1985). Ikerketa koreografiko bat ondu du: Hitzezko hitzak mugimenduan. Fuck you, Bertin!, eta hari buruzko tailerrak ematen ari da Gipuzkoako Dantza Gunean.

Zer daukazu Bertin Osborneren kontra?

Kontra? Ezer ez. Baina beti sorrarazi izan dit nazka pixka bat.

Nola sortu zitzaizun ideia?

Dantzaz konpainiarekin egindako tailer-laborategi batean izan zen. Azalak deitzen den programa baten barruan aritu ginen, eta testua eta mugimendua elkarrekin nola bizi diren aztertu nuen. Erabili nituen pertsonaia ezberdinen audioak, elkarrizketak, eta elkarrizketa horien gainean mugimenduen kodifikazio bat egiten saiatu nintzen. Oso gustura sentitu nintzen tailer hartan, potentzial handia zuela irudi zitzaidan, eta aurkeztu nuen sorkuntza koreografikorako proiektu bat Eusko Jaurlaritzan. Izena jarri nion: «Hitzezko hitzak mugimenduan. Fuck you Bertin!». Gogoa nuelako maskulinitate toxikoei buruz hitz egiteko.

Eta horren eredua da Osborne?

Ikerketa koreografiko bat da, eta abiapuntuak dira Bertin Osborne, El Fary, Arevalo... eta haien audioak. Baina ez dira pertsonaia eta alor bakarrak. Badaude Judith Butlerren audioak ere, badaude konbertsiorako terapia batean zegoen mutil baten audioak... Adar asko ukitzen ditu ikerketak, baina gehiago nago zentratuta maskulinitate toxikoaren ikerketan. Eta ez dago horren urrutira joan beharrik horretarako.

Baina maskulinitate toxikoa nola ekar daiteke dantzara?

Kritikatu nahi dut, hausnartu behar da horren inguruan, eta espero ez nuen toki askotara ere iritsi naiz ikerketa honen bidez.

Dantza munduan egin duzu topo maskulinitate tipo horrekin?

Bai, eta gertuko jendearekin. Eta batzuk ez dira konturatzen zer botere egoeran dauden eta besteekiko nola harremantzen diren, zer jarrera dauzkaten, nola hitz egiten duten... Bai, eduki ditut esperientzia batzuk horren inguruan eta sentitu izan naiz nahiko baztertuta ere.

Badaude, beraz, Bertin Osborneak ere dantzan?

Bai. Toki guztietan.

Maskulinitatea diozu, baina norbaitek esango du oraindik dantzariak, dantza... ez dela maskulinoa?

Hori da beste gai bat: zer den maskulinoa izatea eta zer den maskulinoa ez izatea.

Eta zer da? Edo zer ez da?

Saiatu naiz ikerketa honetan hori ere lantzen. Maskulinitateaz ari bagara, zergatik ez bilatu dantzakera maskulino bat, edo dantzatzeko fisikotasun maskulino bat. Eta neure buruari galdetu diot hori zer den, eta bat-batean agertzen zena zen gauza oso animalizatu bat. Egin nuen topo animalarioekin, eta gorilen mugimenduarekin. Hori ari naiz orain ikertzen: gorputz baten transformazioa gorilan, eta hori neutralizaziora eraman, edo gorila bat haserre, edo gorila bat barrez. Inprobisazioaren bidez, unibertso oso ezberdinak agertu dira ikerketan.

Eta nora joango da ikerketa hori?

Niretzako da, printzipioz. Ez dakit etorkizunean gogoa edo energia edukiko dudan ikuskizun labur edo luzeago baten bidez emateko.

Zertan zabiltza orain?

Kukairekin jarraitzen dut lanean, baina utzi egin nuen beste proiektu batzuk eta beste jende bat ezagutzeko. Dantza garaikideko proiektu txikietan parte hartu dut, ikerketa hau egin dut, eta oso aberasgarria eta ahalduntzailea izan da. Egia da aktore askorekin egin dudala topo.

Beste bide bat da hori?

Kuriositatea daukat. Ez naiz kontsideratzen aktore, inolaz ere. Baina Agurtzane Intxaurragarekin Hikan, eta orain Oier Zuñigarekin ere bai [larunbatean estreinatu zuten Eresia], interpretaziotik oso gertu dagoen zerbaitetan ari naiz lanean. Konturatu naiz antzerki mota bat oso gertu dagoela dantzatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.