Aspaldi ez dabil autobusik Iruñeko nasa zaharrean, baina atzo trafiko handia izan zen iluntzean. Nasara sartzeko ilarak lehenbizi, eta, behin sartuta, etengabeko joan-etorriak. Euskaldunak ziren: berriak eta zaharrak; poliki aritzen direnak eta oso ongi mintzo direnak. Mahairik mahai ibili ziren, autobideetako kaosaren pare batzuetan, euskaraz aritzeko asmoz. Hori zen atzoko helburua, aritzea. Nor bere mailan, bere geltokian, baina denak helmuga berera bidean: euskaraz bizitzea. Atzo patxadaz mintzatzeko parada izan zuten Iruñeko geltoki zaharrean.
Lehenbiziko aldia zen Iruñerrian mintzodromoa antolatzen zela, eta antolatzaileak kontent ziren erantzunarekin: 125 lagunek parte hartu zuten; batzuk kanpoan geratu ziren, toki faltarengatik. Euskaltegiak, hizkuntza eskola eta Mintzakide egitasmoa izan ziren ekitaldiaren antolatzaileak, baina euskaldun guziak zeuden gonbidatuak. «Pandemiarekin garai latzak pasatu genituen: elkartu gabe, talde babesa sentitu gabe... Ez zen motibagarria. Beraz, jendea animatzeko ekitaldia antolatu dugu, euskaraz lasai aritzeko», kontatu zuen Nekane Otamendi euskara irakasleak. «Elkarrekin eta elkarrez gozatzeko, berriro aurpegiak ikusteko eta euskara plazara ateratzeko egitasmoa da», gehitu zuen Kepa Yekora irakasleak. Biak aritu ziren antolaketan.
Poliki-poliki jendea mahaietan jarri zen. Bakoitzak bere izena zeraman paparrean. Aurrean txapa bat, botila bat ur eta mintzatzeko gaiak azaltzen zituen papera. Jarri ahala hasi zen mintzapraktika, nork bere burua aurkeztuta. Halako batean Pantxika Lamourrengana zuzendu ziren begiradak: «Ni euskaldun berria naiz, betirako. 18 urterekin ikasi nuen; orain berrogei pasa ditut, eta oraindik euskaldun berria naiz». Maskarek estaltzen zituzten begien zimurretan sumatu zitezkeen irriak. «Gaurkoa da Tinder edo Grindr, baina harremanak euskalduntzeko, eta manera analogikoan, ukitzen». Berehala hasi zen anabasa; aulkien jolasa. Bakoitzak zenbaki bat zuen, eta denek mahaiz aldatu behar izan zuten. Berriz hutsetik hasi behar: «Zu nor zara?» eta «Non bizi zara?».
Lehenbiziko aulki jokoa ez zen sobera ongi atera; bigarren eta hirugarrena izan zuten hobetzeko. 15 minutu izan zuten mahai bakoitzean hiru gai jorratzeko: Iruñerrian euskaraz aritzeko aukerez, turismoari buruz eta euskaldunek etorkinekin dituzten harremanez. Tonbola ere izan zuten tartean, sari dezenterekin.
Euskaldun berriak
Estibaliz Fernandez bilbotar gaztea euskara praktikatzera joan zen. B ereduan ikasi zuela-eta, orain hizkuntza eskolan ari da. Parean zuen Garbiñe Rekarte, euskaraz aritzeko toki berrien eske: «Nahiz eta lagun euskaldunak izan, kosta egiten da txipa aldatzea; gainera, beti badago euskara ez dakien norbait, eta, orduan, ez du inork euskaraz egiten». Horrelako egitasmo gehiagoren beharra aipatu zuen.
Alain Astibiak eta Rakel Azanzak euskaltegian izan zuten mintzodromoaren berri. «Euskaraz mintzatzeko etorri naiz; polita da egitasmoa», Astibiak. «Izugarri gustatzen zait euskarazko jardueretan parte hartzea; euskaraz egiteko, euskaldun gehiago ezagutzeko eta ongi pasatzeko etorri naiz», Azanzak. Hamabost minututan tokia aldatu zuten. Nasan trafikoaren harrabotsa aditu zen lehenbizi; denak esertzean patxadazko marmarra.
ATZEKOZ AURRERA
Patxadaz mintzatzeko parada
Iruñerrian mintzodromoa antolatu dute lehenbiziko aldiz autobus geltoki zaharrean. 125 lagunek parte hartu dute, eta mahairik mahai ibili dira euskaldunak ezagutzen eta euskara praktikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu