ATZEKOZ AURRERA. Mikel Sarriegi. Antzerkigilea

«Tximeleta efektua gertatzen da; egia da»

Sarriegiren Astrolabium konpainiak 'Butterfly effect' antzezlana estreinatu zuen igandean: tximeleta baten hegaldiak munduaren beste puntan sor ditzakeen olatuez, historian egindako keinuez, eta egin gabekoez.

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Keinu txikiei eta efektu handiei buruz ari da Mikel Sarriegi (Donostia, 1968) Butterfly effect (Gizateriaren hegaldia) bere antzezlan berrian. Hondarribian (Gipuzkoa) estreinatu zuten, joan den igandean, eta uztailaren 31n dute hurrengo emanaldia, Errenterian (Gipuzkoa).

Tximeleta efektuarena egia da?

Metafora horrekin jolastu gara, eta uste dut gertatzen dela; egia dela. Gizakiaren eboluzioan jakituria metatuz joan da, baina gertakariak nonbait hasten dira, nonbait jaiotzen dira. Eta askotan dira norbanakoek egindako keinu txikiak, kate edo lotura bat sortzen dutenak, etagaur egunera ekartzen gaituztenak.

Zer kontatzen dute Papillonek [Daniel Gomarak] eta Clemontek [Asier Oruesagastik]?

Bi feriante dira, herriz herri dabiltzanak. Pelikula bat eskaintzen dute, gizakiaren eboluzioari buruzko pelikula bat. Hasi eta berehala, ordea, kamera izorratzen zaie. Bi aukera dituzte: publikoa etxera bidali edo pelikula beraiek kontatu. Bigarren horren alde egiten dute.

Nola?

Gertakari jakin batzuk aukeratzen dituzte: suaren aurkikuntza, hegan egitearen ametsa, Kolonen bidaia, Albert Einstein eta Mileva Maricen istorioa, ilargira egindako lehen espedizioa... Off ahots bat du obrak [Aintzane Crujeirasena], bi protagonistekin aritzen dena, galderak egiten dituena, publikoa kokatzen duena, eta amaieran galdetzen duena: «Aizue! Kontatzen ari zareten historia justua iruditzen zaizue?».

Hor dator kritika.

Hori da. Jokatzen dugu, adibidez, Einstein eta bere lehen emazte Milevarekin. Alboan izan zuen bere teoriak garatu zituenean, baina Nobel saria Albert Einsteini eman zioten. Garai berean, Marie Sklodowska eta haren senar Pierre Curie elkarlanean aritu ziren erradioaktibitatearen inguruan. Nobel saria senarrari eman zioten, baina hark uko egin zion esanez biek egindako lan baten emaitza zela, eta biei eman zieten saria azkenean. Garai hartako keinu bat jartzen dugu mahai gainean.

Hor dago tximeleta efektua?

Einsteinek garai hartan normala zena egin zuen; Pierre Curiek egindako keinua, ordea, oso bestelakoa izan zen. Horregatik jolasten gara historian egon diren tximeleta efektuekin. Batak ez zuen keinurik egin; besteak, bai. Inertzia patriarkal horretan, keinu garrantzitsu bat. Tximeleta efektu horiei buruz ari gara: zer keinu egin dezakezu zuk gure eguneroko historia aldatzeko?

Keinu asko dira...

Oraingo ikuspuntutik sekulako keinuak iruditzen zaizkigunak garai hartan egin zituenak ziur ez zituela horrela ikusten. Rosa Parksek autobusean sartu eta planto egin zuenean, ez zuen asko pentsatuko arrazakeriaren kontrako mugimenduan zer-nolako katea eta efektua sortuko zituen. Hori da tximeleta efektua: batzuetan, mugimendu txiki batek ekartzen du beste bat, eta beste bat, eta beste bat...

Zer da astrolabio bat?

Garai batean marinelek erabiltzen zuten aparailu bat, euren burua mapan kokatzeko.

Eta zure konpainiaren izena?

Astrolabium izena aukeratu nuen astrolabioak munduan kokatzen dituelako marinelak, eta ni antzerkiak kokatu nauelako munduan. Antzerkia da nire astrolabioa.

Aktore ala zuzendari?

Ez dakit. Biekin pasatzen dut oso ondo, eta biekin sufritzen dut asko [barrez]. Azken urteetan, gehiago nabil zuzendari lanetan; egia da sormen prozesu guztia zure eskuetatik pasatzen dela.

Zer kutsi zizun Ixabelek?

Kutsidazu bidea, Ixabel mugarria izan zen niretzat. Aurretik eginda neukan aktore gisa lanen bat, baina hura sekulakoa izan zen, inork espero ez zuen ezusteko bat. Antzerkian izan dudan esperientziarik politenetako bat izan zen.

Ez dizu inork Joan Martin deitzen?

Orain jada ez, baina garai hartan, batek baino gehiagok. Pentsa: bi urte baino gutxiago iraun zuen, eta 180 emanaldi izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.