Roberto Ogeta (Gasteiz, 1991) eta Ibai Navidad (Gasteiz, 1988) Chiquitaniatik (Bolivia) bueltatu berri dira. Zortzi egun eman dituzte Amazoniako oihana suntsitzen ari den sua itzaltzeko lanetan, beste bi kiderekin batera. Laurak dira Accion Norte nazioarteko GKEko kideak, larrialdian dauden herrialdeak laguntzen dituen erakundekoak.
Nola sortu zen Boliviara joateko aukera?
ROBERTO OGETA: Ostiral batean jaso genuen hango kazike baten gutuna, laguntza eske. Gure artean antolatu, eta astelehenean hara abiatu ginen. Gure GKEak ordaindu zuen materiala, baina bidaia, gure poltsikotik.
Zein zen egoera iritsitakoan?
IBAI NAVIDAD: Kazikea eta basoetako suteetan aditua zen gizon bat zain genituen. Egoeraren informe azkar bat egin, eta Concepcion inguruan zegoen sutera joan ginen lanera hamar orduz, 30 orduko bidaia egin eta gero. Hurrengo egunean, Roborera joan ginen, egoera okerragoa zelako han. Animo aldetik, herrietako jendea kezkaturik nabaritu genuen, sua oso gertu zegoelako.
Nolakoa zen sutea?
R.O.: 80 kilometro zabal eta 50 luze, gutxi gorabehera. Hori, gu han ginela, baina handiago egin zen. Lau milioi hektarea baino gehiago erre dira, Chiquitaniako eremuaren %80.
I.N.: Oraindik mila sute baino gehiago daude. Behintzat, gu bueltatu eta bi egunera, kontrolpean zituzten gu ibiliak ginen sute guneak.
Hemengo lanaren oso bestelakoa al zen?
R.O.: Guztiz desberdina. Hemen, kamioiak ditugu; han, ez dago baliabiderik. Taldetxotan batu ginen; batez ere, ikaslez eta langilez osatuta zeuden. Haiek lana eta klaseak utzi, eta hiru-lau egunez aritzen ziren boluntario, eta, gero, buelta. Baliabideak egon badaude, baina ez dituzte erabiltzen, interesagatik. Militarren tankeak eta 70.000 litro ur banatu zitzakeen Boeing 747 bat ikusi genituen, aireportuan geldi.
Zer interes?
R.O.: Ekonomikoak, politikoak eta sozialak. Hegazkinean bertan, informazio orri batzuk irakurri genituen gobernuak Txinarekin akordioa sinatu berri zuela eta haragia ekoizten hasiko zirela.
Sozialak ere bai?
I.N.: Gizartea bitan banatzen da han: Chiquitaniakoak eta Altiplanokoak. Suteen ondoren, Evo Morales Boliviako presidenteak Altiplanokoei emango dizkie lurrak, negozioak egin ditzaten. Horregatik diogu gatazka politikoa, ekonomikoa eta soziala dela.
Nor da erantzulea, orduan?
R.O.: Ez dakigu Kanba edo Koyakomunitate indigenak izan diren; gobernuaren oposizioko kideek edo gobernuak berak agindu duen sua piztea.
I.N.: Gobernuak interesa dauka sute horiek piztuta mantentzeko, baita oposizioak ere. Beraz, ez dago koordinaziorik, eta baliabiderik ere ez dute jartzen.
Atzera-bueltarik ba al du?
I.N.: Boliviak ekonomikoki garatu nahi badu, garatu daiteke, noski, baina tristea da sua izatea pagatu beharreko prezioa. Urri edo azaro inguruan euri sasoia hasiko da, eta orduan geldituko dela esan digute.
R.O.: Euriak, baina, uholdeak ekarriko ditu, erretako lurra iragazgaitza delako. Datorren urtean, suteak eta uholdeak gogorragoak izango dira.
Zer sentsaziorekin geratu zarete?
R.O.: Izugarrizko esperientzia izan da. Gu bereziki frikiak gara mendiko suteetan, eta oihanera joatea gure bizitzako bidaia izan da. Jendea primeran portatu da gurekin.
I.N.: Oso aberasgarria. Ez zaigu ezer falta izan, eta oso eskertuta gaude. Une latzak ere izan dira, hondamendi natural bat delako azkenean, eta ez delako sortu tximista batek zuhaitz bat jota.
ATZEKOZ AURRERA. Ibai Navidad eta Roberto Ogeta. Suhiltzaileak
«Gobernuak interesa dauka sua piztuta mantentzeko»
Bolivian izan berri dira Ogeta eta Navidad, boluntario, Amazoniako sutea itzaltzeko lanetan. Biek azpimarratu dute «interes ekonomikoak, politikoak eta sozialak» daudela suteen atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu