Bartzelonan bizi da Lander Ibarretxe (Bilbo, 1992). Veredastudio ekoiztetxea sortu du, Aitor Sanchezekin batera, eta ikus-entzunezko hainbat proiektutan murgilduta dabil. Esku artean dituenak bukatu ostean, Ganbiara joan nahiko luke dokumental bat egitera.
Argazki kameren artean ibiltzea gustatu izan zaizu beti. Baina ofizioa beste kontu bat da, ezta?
Askotan egin dut lan argazki kamerarekin. Musika taldeei argazkiak egin izan dizkiet. Baina ez naiz inoiz jarri erakusketa bat prestatzera. Jolas edo zaletasun bat izan da niretzat argazkilaritza.
Ikus-entzunezkoetan modu duinean lan egiteko aukera hobeak al daude Bartzelonan Euskal Herrian baino?
Bai, Bartzelonan publizitate asko grabatzen da. Kostaldea eta mendia oso gertu daude, eguraldi ona dago eta agentzia askok jotzen dute bertan grabatzera. Hiri garrantzitsua da ikus-entzunezkoetan.
Veredastudio ekoiztetxean, bidaiekin lotutako espezializazioren bat bilatzen al duzue?
Dokumental batzuk, bideoklip bat eta bidaia agentzia batentzako bideo batzuk egin ditugu. Horiek bidaia etikoak dituzte ezaugarri komun.
Noiz da bidaia bat etikoa eta noiz ez?
Bidaia etikoa da bidaiariak tokian tokikoak errespetatzea. Tokikoen ohituretara egokitzen da, norberarenak tokian tokira eraman beharrean. Ingurumenarekin ere errespetuz ibiltzen dena da bidaia etikoa.
Nepalen grabatutako Balika dokumentala editatzen ari zara egunotan. Zer ikasi zenuen herrialde horretako haurrengandik?
Harrigarria izan da arazoei nola aurre egiten dieten ikustea. Familiaren kontzeptu berezia dute: nahiz eta guraso berak ez izan, haur askoren artean familia bat osatzen dute. Haurrideak balira bezala sentitzen dira asko. Txikitatik elkarrekin egon diren 30 haur topatu nituen. Haurrek elkar zaintzen dute, ikustekoa da. Dokumentala udazkenean amaituko dugula espero dut.
Non aurkeztuko duzue?
Kataluniako aholkularitza erakunde batek salmenta agente batekin jarri gaitu harremanetan. Hainbat jaialditan aurkeztuko dugu dokumentala, eta, gero, telebista kateei saltzen saiatuko gara.
Bideoklipak ere zuzendu dituzu. Belakoren bi bideoklip, tartean.
Belako taldeko musikariak lagunak ditut aspalditik, eta, hasieran, argazkiak ateratzen nizkien. Antzeko gustuak ditugu, gainera.
Render me Numb bideokliparekin MIN saria irabazi zenuen iaz. Aterik zabaldu al dizu sari horrek?
Ba, orduz geroztik, ez dut bideoklip gehiago egin. Madrilen proposamen edo enkargu pare bat jaso nuen, baina oso diru gutxiren truk egitekoak ziren, abestiak ez nituen oso gustukoak, eta ezezkoa eman nien azkenean.
Proiektuetarako finantzaketa lortzea ere zure lanaren parte da. Nekeza da ate joka ibiltzea?
Bere alde onak eta txarrak ditu. Testu eta txosten batzuk prestatu behar dituzu aldez aurretik, aurkezpenak egiteko. Horrek laguntzen dizu definitzen zer kontatu nahi duzun. Okerrena da kasu batzuetan lan asko egin dezakezula, eta azkenean ezertxo ere lortu ez.
Regina film laburrean, berriz, 1920ko hamarkadan girotutako istorio bat grabatu duzue Galapan ekoiztetxearekin. Zergatik jo duzue denboran ehun urte atzera?
Ikuslearekin jokatzeko, beste garai batera eramateko. Kontraste handiak zeuden orduan, eta horretara jo dugu, Mujika Iraolaren narrazio bat aintzat hartuz. Idazleari gustatu zaio gure ideia. Espero dut film laburra estreinatzen dugunean haren iritzia jaso ahal izatea.
Galapan ekoiztetxe berria gazte euskaldunez osatuta dago. Ez dute erraza izango, ezta?
Ez, egoera zaila da. Baina pausoa eman dute ekoiztetxea sortzeko, eta bidea egiten ari dira pixkanaka.
ATZEKOZ AURRERA. Lander Ibarretxe. Zinemagilea
«Nepalgo haurrek elkar zaintzen dute»
Inazio Mujika Iraola idazlearen narrazio batean oinarrituta, Ibarretxe bere lehen film laburra zuzentzen ari da: 'Regina'. Nepalgo haurrekin grabatutako dokumental bat ere bukatzen ari da: 'Balika'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu