Diru laguntzen zenbatekoak
Gasolina eta diesel autoak.800 eta 4.000 euro arteko laguntzak jaso daitezke, modeloen arabera. Eusko Jaurlaritzaren Renove planaren 2.000 euroei beste 2.000 euro gehitu ahal zaizkie gehienez, Espainiako Gobernuaren planarenak: kasu horretan, %50 jartzen du Industria Ministerioak eta beste horrenbeste fabrikatzaileak.
Besteak/alternatiboak. Hibridoetan, 4.250 eurora irits daiteke bi laguntzen batuketa; hibrido entxufagarrietan, 6.100 eurora; eta elektrikoetan, 8.000 eurora.
Laguntza gehigarria. Horrez gain, beste 500 euro jaso dezakete mugikortasun murriztua duten pertsonek, hilean 1.600 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familiek eta 20 urte baino gehiago dituen auto bat uzten dutenek. Espainiako Gobernuaren planak jasotzen du laguntza hori.
Modeloak
Berriak eta zero kilometrokoak. Gasolina eta diesel autoetan, diru laguntzak ez dira modelo guztietarako. Eusko Jaurlaritzaren Renove planean soilik sartzen dira klasifikazio energetiko altuena (A) dutenak; Espainiako Gobernuaren planean, A eta B etiketa dutenak. Biak bateragarri izateko, beraz, A klasifikazioa izan beharko du autoak—IDAE Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutuaren katalogoan egin daiteke kontsulta—. Horrekin batera, kontuan hartu behar da prezio muga bat dagoela. Hori oso garrantzitsua da hibridoetan, hibrido entxufagarrietan—soilik motor elektrikoarekin aritzeko 40 kilometroko autonomia dutenak— eta elektrikoetan, horiek nabarmen garestiagoak dira eta. Hori kontuan hartuta, prezio txikiko modeloak baino ezingo dira erosi Renove planekin. Dena den, bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzak.
Prezio mugak
Eusko Renove planean, auto berriaren prezioak 25.000 euro izan behar du gehienez; Espainiako planean, 35.000 euro.
Laguntzak nola eskuratu
Auto saltzaileak kudeatuko ditu laguntzak. Jaurlaritzarenak 7-10 egunen buruan jasotzen dira. Espainiako Gobernuaren laguntzen kasuan, bereizketa egin behar da: fabrikatzaileak %50 jartzen du, eta erosketaren unean bertan egiten du deskontua. Gainerako %50 Industria Ministerioak ematen du, baina laguntza horiek azarotik aurrera hasiko da banatzen. Bi planetako laguntzak abenduaren 31 arte eskatu ahal izango dira. Eskaerak jaso ahala eta aurrekontua amaitu arte emango dituzte.
Auto zaharra uzteko baldintza
Diru laguntzak jasotzeko, onuradunek bere izenean edo familiako kide batenean auto bat utzi behar dute, eta txatartegira eraman. Hamar urte baino gehiago izan behar ditu autoak, eta urteko ikuskaritza teknikoa eginda eduki behar du. Autoak 20 urte baino gehiago baditu, beste 500 euro jaso daitezke, Espainiako Gobernuren planetik.
Laguntzak jasotzeko noiz erosi
Jaurlaritzaren diru laguntzak eska daitezke urtarrilaren 30etik aurrera erositako autoen kasuan. Espainiarenak, berriz, ekainaren 15etik aurrera erositako autoekin. Beraz, data horretatik aurrera erositakoetan soilik izango dira bateragarriak bi gobernuen laguntzak.
RENOVE PLANAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu