Garagardoa eta Zuberoako saskiak, ikastolei laguntzeko

Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroa hegoaldeko Errigora egitasmoaz gain, Euskal Herriko beste leku batzuetan ere askotariko ekinaldiak antolatzen dituzte euskalgintzarako dirua biltzeko. Azken urteetan bezala, Gabon inguruan garagardo saskiak prestatu dituzte Ziburuko (Lapurdi) Kaskarotenea ikastolan, dirua biltzeko helburuarekin. Saskien salmentaren bitartez lortzen du ikastolak funtzionatzen jarraitzeko behar duen dirua. «Garagardo saskiak saltzea ezinbestekoa da», ohartarazi du Pantxo Oltzamendi ikastolako gurasoak. «Urtean zehar jasotzen dugun diruaren erdia saskiak salduz lortzen dugu».

Euskal Herriko artisau garagardoz osatutako saskiak eskaintzen ditu Kaskarotenea ikastolak, eta bi klasetakoak jartzen ditu aukeran: sei garagardokoa eta hamabikoa. Oltzamendik azaldu duenez, «dastatzeko garagardoak» izaten dira: ohi baino botila handiagoak, eta inguruan banatzeko aproposak.

Ostiralean bukatu zuten garagardo salmentaren lehen zatia, eta oraindik ez dute salmentaren datu zehatzik. Oltzamendik iragarri du berriz ere irekiko dutela saskiak eskatzeko epea. Aste honetan ekin diote orain arte erositako saskiak banatzeari, eta horiek amaitzean zabalduko dute saskiak erosteko bigarren epea. Saskiak erosten dituzten herritarren artean, hirutik bi Ipar Euskal Herrikoak dira, eta bat Hego Euskal Herrikoa.

Ikaskolik hamasei urte

Zuberoako ikastolek ere badute gisa horretako egitasmo bat: Ikaskoli saskiak. Hamaseigarren aldia dute aurtengoa. Eguberrietan banatu ohi dituzte, eta Zuberoako produktuak sartzen dituzte saskietan. Bi motatakoak eskaini dituzte aurten: Ahüzki eta Irati. Bi ikastola daude Zuberoan, Alozen eta Sohutan, eta 140 bat ume ari dira haietan euskaraz ikasten. Iaz 1.400 saski inguru saldu zituzten, eta 15.000 euro bildu ikastolentzat. Beste helburu bat ere badute: Zuberoako produktuak ezagutarazi nahi dituzte egitasmoaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.