Segurtasun neurri oso zorrotzekin abiatu da mahats bilketa Araban

Sasoikako biltzaileek burbuila taldeetan jarduten dute Arabako Errioxan, soilik bizitokitik mahastira mugituz. Kilotan urriagoa da aurtengo bilketa, baina «mahats bikaina» iristen ari da upategietara

Jaendik (Espainia) etorritako sasoikako langile bat Villabuenako mahasti batean beharrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
Villabuena
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Azken orduetako euriak lokatz bihurtu du mahastiaren lur lehorra. Jaenen (Andaluzia, Espainia) ez dute sarri ikusi gau batean hogei litro baino gehiago botatzeak zer egiten duen egarri den hondarrean, baina Toloñoko mendilerroaren eta Ebroren artean ez da arraroa zaparradak botatzea, aurtengo uda lehor antzean joan den arren Arabako Errioxan. Quesadako (Jaen) oliba biltzaileak jo eta ke dabiltza mahatsa biltzen Samaniegoko Amaren eta Villabuenako Luis Cañas upategientzat; 60 urteko mahatsondokoen fruitu zuri horrek mimoa behar du bilketan, ziklo osoan jaso duen tratuaren pare. Andaluziarrak ez dira atzean geratzen lokatza izanagatik: maskara egokitu eta aurrera doaz bakoitza bere ilaran, mahats mordo guztiak kaxetara sartzen mugimendu ikasiez.

Bi aste beteko dira aurki Euskal Herrian direla; haiek baino lehen iritsi dira beste hainbat eta hainbat kuadrilla txakolindegietara eta Nafarroako sor-markako upategietara. Ailegatu aurretik, Quesadakoei test serologikoa egin zien Juan Luis Cañasen upategiak. Denek negatibo eman zuten. Iritsi zirenean PCR proba egin zieten; negatibo berriro; eta asteon beste test bat egin behar dute. Positiborik balego, PCRak egingo lirateke.

Arabako Errioxako upategiek gerra deklaratu diote koronabirusari. COVID-19ak kiebra jotzeko arriskuan utzi ditu hainbat, eragileek garbi esaten dutenez, eta ez daude prest amesgaizto gisa doan urtea are gehiago okertzea sasoikako biltzaileen jarduera dela eta. Katalunian eta Aragoin gertatu diren agerraldi handiak oso presente daude, eta segurtasun neurriak muturrera eraman dituzte upategiek.

Testak eta testak

«Burbuila taldeetan bizi, eta lan egiten dute. Hogeiko talde bat dago gurekin; aspaldian aritzen dira guretzat, konfiantzazkoak dira», dio Luis Cañaseko mahastizaintzaren arduradun Ruben Jimenezek. Bederatzi, bost eta seiko hiru taldetan banatu dira, eta, bizitokian ere, ahal duten mailan, elkartu gabe dabiltza. Mahastian daudela, bizitokia garbitzera joaten da langile bat; leku estrategikoak garbitzen ditu bakarrik: botoiak, mikrouhinak, eskutokiak... «Guk eramaten diegu janaria, eskatzen digutena. Alegia, guk egiten dizkiegu erosketak, haiek ez daitezen mugi, ez tabernetara ez saltokietara. Helburua da mahats bilketa inolako agerraldirik gabe bukatzea. Kasuren bat balego, prest geundeke, zabaldu ez dadin, bakartzeko etxebizitza batean, esaterako; uste dugu gauzak tentuz egiten ari garela, arduraz eta dena emanez».

Eta zer diote mahats biltzaileek? Nahiago dutela neurri horiekin lan egin, seguruago sentitzen direla, eta eskertuta daudela martxan jarritako sistemarekin, zalantzak uxatzen laguntzen duelako. «Etorri aurretik beldur pixka bat genuen», azaldu du Antonio Torrentek, atseden une batean; «Quesadan jadanik test bat egin ziguten, eta iristean PCR bat. Garbitasuna da dena, eta banatuta gabiltza; lasaitasuna ematen digu horrek. Beti talde bera gara, eta ez dugu ezer konpartitzen besteekin. Horrela gustura egiten da lan, eta hori garrantzitsua da gauzak behar den moduan egiteko».

Bukatzean, olibak izango dituzte zain Jaenen; batzuk olibadien jabe dira. Baina orain mahatsak eskatzen du arreta osoa: epemuga jakin bat dago bilketa bukatzeko. Horrela egitea eskatzen du Arabako Errioxako ardoaren gorentasunak. Agerraldi bat balego biltzaileen artean, arazoak leudeke beharbada. «Gerta dakieke gure hornitzaileei ere, eta prest dugu talde bat, askotariko lanak egiten dituena, haiei bidaltzeko. Mahastizain horiek familiakoak bezalakoak dira; urte askoan kudeatu dute mahastia guk esan bezala, eta ez ditugu abandonatuko orain». Luis Cañaseko mahastizaintza buruaren hitzek argi islatzen dute ardoaren negozioaren katea upategietatik harago doala. Askok ez dute helburu nekazariak estutuz negozioa salbatzea, baina upategi handiek tentazio hori izango dute: mahatsaren prezioaren aurreikuspenak negargarriak dira.

Mahats bikaineko urtea

Sasoikako langileak bakarrik ez, upategietako behargin guztiak daude neurri zorrotzen menpe. Tenperatura goizero hartzeaz gain, hamar egunetik behin test serologikoa egiten dute. Hornitzaileek, berriz, aplikazio bat dute abisu emateko noiz iritsiko diren, zenbat mahatsarekin eta abar. Iristean, ez dira sartzen barrura. Jasoa dago zenbat kilo diren, zein motatakoak, eta deskarga garbi bat dago: kanpokoak kanpoan, barrukoak barruan.

Eta zer-nolako mahatsa eman du naturak eta mahastizainen zaintzak aurten? «Mahats bikaina dator, kilotan urriagoa, uda lehorrak hezetasuna kendu diolako, nahiz eta azken euriek zertxobait freskatu duten», azaldu du Jimenezek. Koronabirusaren urteak buruko minak eman ditu mahastietan ere. «Bi aste lehenago hasi dugu bilketa. Zuriarekin abiatzen da beti, baina aldi berean ari gara beltzarekin orain. Klima aldaketarik ez dagoela dioenak ez daki zer dioen. Mahastiak une oro zaindu behar izan ditugu, bakoitza bere erritmoan heldu delako. Lehen, ekialdetik mendebaldera egiten zen bilketa, Ebron gora. Toloñoren magalekoak azkenak ziren; orain goialdeko batzuek lehenago eskatzen dute bilketa». Arazoak arazo, Jimenezek uste du 2020. urteko ardoa bikaina izan daitekeela. «Zuria inoizko parametro onenekin sartzen ari da upategira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.