ATZEKOZ AURRERA. Manex Garaio. Kode-poesia proiektuko sortzaileetako bat

«Programazio lengoaia baten sintaxia erabilita sortuko da poesia»

Kodeak eta poesia uztartzen dituen proiektua abiatu du Puntueus fundazioak. Helburuetako bat da poesia sortzea programazio hizkuntzen sintaxia erabilita. Ekarpenak egiteko aukera ere badago.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kode-poesia laborategia jarri du abian Puntueus fundazioak, eta ikastaroak eman dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Manex Garaio (Gasteiz, 1992) informatikaria da proiektuaren atzean dauden sortzaileetako bat. Helburua da programazio hizkuntza ezberdinak erabilita poesia euskaraz sortzea, hark eskaintzen duen sintaxiaren egitura errespetatuta. Nahi duen orok ekarpenak egiteko aukera du kodepoesia.eus atarian.

Kodeak eta poesia uztartzen ditu proiektuak. Nola egiten da hori?

Baldintza bakarrenetakoa da programazio hizkuntza bat erabili behar dela kode poesia sortzeko. Haietako bakoitzak sintaxi propio bat dauka, gauzak idazteko modu ezberdin bat. Beraz, helburua da programazio lengoaia bat aukeratu, eta, horrekin programa bat, funtzionatzen duen aplikazio bat egin ordez, poesia bat egitea.

Programazio hizkuntzak berdinak al dira?

Milaka programazio hizkuntza daude. Poesia sortzeko, bakoitzak nahi duena aukeratu dezake, eta programazio lengoaia baten sintaxia erabilita sortuko da poesia. Baliteke gauza bat edo beste lortu nahi bada, lengoaia bat bestea baino erabilgarriagoa izatea. Baina bestela ez dago mugarik, nahi dena aukeratu daiteke eta horrekin aurrera egin.

Eta sasi-kode bat ere erabil daiteke.

Erabil daiteke, bai. Informatika fakultatean, programazioa irakastean, zuzenean hizkuntzak ikasi ordez sasi-lengoaia bat erabiltzen da. Ingelesezko hitz teknikoen ordez euskarazkoak erabiltzen dira, berdina adierazten dutenak. Esate baterako, while erabili ordez, baldin erabiliko da. Eta horiekin nola programatu ikasi ostean hasten da hizkuntza ikasten. Proiektua nahiko informala da; inork ez ditu ematenkode poesiaren inguruko aginduak. Aski da hautatutako programazio hizkuntzaren arauak betetzea.

Beraz, helburuetako bat zerbait artistikoa sortzea da?

Bai. Jasotako lanak irakurtzen hasita, batzuk oso sakonak izango dira, eta beste batzuk sinpleagoak. Izan daiteke programatzen egon bitartean txorakeria bat otu eta idaztea. Sakontasuna aldatzen da jendearen arabera.

Kode-poesia laborategia jarri duzue martxan azken hilabetean. Zer erakusten duzue?

Helburu nagusia da parte hartzaileak ateratzea ikastarotik kode-poesia egiten ikasita. Hiru ikastaro antolatu genituen, eta azkena, oraingoz, Gasteizen egin dugu. Bertol Arrieta izan da irakaslea; informatikaria ez ezik, idazlea ere bada. Bi munduak ezagutzen ditu. Etortzen denari, batetik, programazioaren oinarrizko kontzeptuak erakusten dizkio; eta hori egindakoan, kode-poesia sortu behar du laborategira bertaratu denak. Hasieran, moldaketa txikiak egiten dituzte, baina, ikasi ahala, ariketak konplexuagoak dira.

Nolakoa izan da parte hartzea?

Esan daiteke espero bezalakoa izan dela. Hau ez da oso jendetsua. Programazioa eta poesia gustatzen zaizkion jendearen bila ari gara, eta ikastaroan parte hartu nahi duena. Parte hartu duen jendea animatuta etorri da. Sare sozialetan ere eman dugu ikastaroaren berri, eta, beraz, parte hartzea ezinezkoa zuten zenbaitek bidali dizkigute beren lanak. Azkenean, beste helburuetako bat ere bazen jendearen parte hartzea bultzatzea eta kode poesia zabaltzea.

Euskara bera ere bada oinarrietako bat. Kode poesia euskaraz egiteko lehen saialdia da?

Nik kasualitatez ezagutu nuen, gazteleraz, Berta Garcia Nieto idazle eta informatikariari esker. Hasi nintzen buelta batzuk ematen, eta ezagutu nituen ingelesezko proiektu batzuk. Twitterren euskaraz ikusi izan dut adibide pare bat, baina horiexek bakarrik. Beraz, hasi ginen horri tiraka; kode poesia euskaraz egiten hasi nahian genbiltzan.

Puntueus fundazioa dago ideia honen atzean.

Bai. Ekainean argitaratu genuen, eta helburua zen euskara ingurune digitalean sustatzea eta presentzia indartzea. Azkenean, fundazioaren lan ildoa ere hori da. Guztira, hiru kide gara. Leire Palacios arduratu da komunikazioaz eta proiektuaren egunerokoan laguntzeaz. Bertol Arrieta, berriz, irakaskuntzaz.

Laborategian egon ez denak ere badu ekarpenak egiteko aukera. Zer egingo duzue jasotako kode poesia guztiekin?

Ez dakigu noiz, baina badugu asmoa bidali dizkiguten ekarpen guztiekin liburuxka digital bat osatzeko. Baliteke oraindik pixka bat itxarotea, eta poema gehiago jaso ahala osatzea liburua. Ordura arte, jendeak badu kodepoesia.eus atarira lanak bidaltzeko aukera zein bertan jasota daudenak irakurtzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.