Bisexualitateren inguruko gogoeta indibiduala, kolektiboa eta teorikoa egin du Elisa Coll Blanco idazleak (Madril, 1992). Resistencia bisexual: Mapas para una disidencia habitable (Erresistentzia bisexuala: disidentzia bizigarri baterako mapak) liburuan jaso ditu hausnarketak. Joan den astean, liburua aurkeztu zuen Iruñeko Harrotu LGTBI udal zerbitzuan, eta arrakasta handia izan zuen. Bifobia salatu, eta kolektibo bisexualak sortzearen beharra azpimarratzen du.
Zergatik erabaki duzu zure bizipenetatik abiatzea liburua idazteko?
Batetik, zerbait oso teorikoa idazten dugunean irrazionalki eta linguistikoki irisgarritasuna galtzen duelako. Bestetik, garrantzitsua da zintzoa izatea, eta aztertzea zein izan den nire abiapuntua, zergatik idatzi dudan liburu hau, zein indarkeriek zeharkatzen nauten, eta horien atzean estruktura bat dagoela. Horrek erakutsi zidalako ez dela soilik niri gertatzen zaidan zerbait; zerbait kolektiboa baizik.
Zertan datza desiraren mapa?
Mapak identitate disidenteak islatzen ditu: bakoitzak bere etxea dauka, eta desira likidoa denez, batzuetan gurea etxea ez den lekuetatik pasatzen gara. Gerta daiteke garai batean ez sentitzea besteekiko desirarik, ezta erakarpenik ere, baina, gaua iristen denean, nire etxera noa, eta horrek ez nau asexuala egiten.
Bisexualitatea orientazio sexual bat baino gehiago da?
Ez da soilik nork erakartzen zaituen; baizik eta nola bizi izan duzun prozesu hori, zein komunitateetan zauden eroso eta zeinetan sentitzen zaren baztertuta. Bifobiak eragindako egiturazko faktore asko daude erakundeetan, medikuan, kontsulta psikosozialetan eta legedian. Bisexualitatea ukatzen eta ezabatzen dute.
Bisexualitatea ikusarazteko bifobian jartzen duzu arreta.
Geroz eta gehiago ikusarazten da bisexualitatea, baina ez dugu arretarik jartzen bifobian, eta oso arriskutsua da. Ikusgaitasunik ezak, bisexualitateari eragiteaz gain, bifobiari ere eragiten dio. Hori da aktibismo bisexuala egitearen arrazoia. Espazio bisexualak eta auzokideak edo aliatuak behar ditugu.
Horren adibidea da fase bat dela esatea: zer dago horren atzean?
Binarismoa apurtzearen izua dago. Zenbait espaziotan ikusi dugu binarismoa apurtzea beharrezkoa dela, baina uste dut harreman sexu-afektiboekin oraindik ez dugula ulertu. Heterosexuala edo homosexuala dinamiketatik kanpo geratzen dena fasetzat hartzen du gizarteak, eta oinarrian espero dugu bata edo bestea aukeratzea.
Nola eragiten du horrek?
Iruzurgile sentiarazten zaitu, ez diozu hitzik jartzen gertatzen ari zaizunari eta sentitzen duzunari, uste duzu bakarra zarela eta ez duzula eskubiderik bisexual gisa izendatzeko. Horrek bakartzea eragiten du, eta, kolektiboko gainerako orientazio sexu-afektiboekin alderatuta, osasun mental tasa askoz altuagoak.
Zer esan nahi du bisexual gisa armairutik ateratzeak?
Etengabe armairutik atera behar izatea. Segun eta norekin zauden edo zenbat denbora daramazun bikote batekin, ematen du birgogorarazi behar duzula. Askotan gertatu izan zait denbora luzez bikotekide batekin egotea, eta, neska bezala irakurri dutenez, ondorioztatu dute erabaki bat hartu dudala, eta lesbiana naizela. Horri gehitu behar dizkiogu indarkeria, bazterkeria... badakigu.
Zein da bifobiaren eta genero indarkeriaren arteko harremana?
Genero indarkeriaz mintzo garenean, uste dugu soilik eragiten diela emakume zisheteroei, eta ez dugubisexualitatea kontuan hartzen.Kezkatzekoa da ez dagoela horren inguruko ikerketarik Espainiako Estatuan. AEBetan eta Erresuma Batuan dauden ikerketen arabera, arriskua handitu daiteke erasotzaileak hipersexualizatzen zaituelako, eta horrek indarkeria sexuala handitzen duelako; zure orientazioa zure kontra erabili dezakeelako, biziotsuak eta desleialak garela uste dutelako; eta, hortaz, kontrola handitzen delako.
Bisexual gisa identifikatzen zarenetik zure generoa aldatu dela diozu; zertan?
Ez nago neska zisheteroen hirigunetik gertu, kanpoaldean bizi naiz orain. Generoaren autopertzepzioa eta zure generoa aldatu egiten dira dituzun harreman sexu-afektiboen eta habitatzen dituzun espazioen arabera. Binarismo sexu-afektiboa dinamitatzean atea zabaltzen da, muturra sartzeko. Lagun asko bisexual izendatu ostean ez-binario bezala armairutik atera dira.
Zer-nolako zubiak eraiki daitezkeez-binarismoarekin?
Generoarekin eta sexualitatearekin harremana daukan binarismoa dinamitatzen dute biek. Oso ironikoa da oraindik ere bisexualitateari binarista izatea leporatzea; uste dut kolektiboan izan dezakeen aliaturik hurbilena dela.
ATZEKOZ AURRERA. Elisa Coll Blanco. Idazlea
«Armairutik atera behar gara etengabe»
Bisexualitatea ikusarazteko bifobian arreta jarri behar dela uste du Collek: «Ez da soilik nork erakartzen zaituen, baizik eta nola bizi izan duzun, zein komunitatetan sentitzen zaren eroso, eta zeinetan ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu