Ezkutuan gorde ohi den hori agerian utzi eta aldarrikatu nahi izan du Josune Ilundain sortzaileak (Orkoien, Nafarroa, 1990) Hutsune liburuaren bidez. Hitza eta marrazkia uztartzen dituen lana martxoaren 12an aurkeztuko du Iruñeko Katakrak liburu dendan, 19:00etan.
Zer zara artista edo idazlea?
Artearen inguruan lan egiten dugunoi ez zaigu asko gustatzen artistak garela onartzea edo esatea, oso zaila da geure burua definitzea. Esango nuke kritikoa naizela, eta saiatzen naizela gauzak nire erara adierazten. Alde horretatik, sortzailea edo ekintzailea izan naiteke.
Eroso zaude bai artean eta baita letretan ere?
Beti idatzi dut, baina ez zait gustatzen patroi baten menpean aritzea. Hemen gustura aritu naiz, nahi izan ditudan hitzak aukeratu, istorio kaotiko batean sartu, eta niretzat baliagarria izan den istorio bat sortu dudalako. Baina arauen arabera, ez du zehaztasun linguistikorik. Barrutik atera zaidan moduan dago.
Hutsune ez da liburu huts bat?
Bai eta ez. Hutsunea aldarrikatu nahi izan dut gure bizitzetan, hutsunearekin harremana duten eta,nire ustez, sentitu behar diren beste hainbat sentipen bezala —bakardadea, isiltasuna, tristura...—. Euskal mitologiaren sinismenak edo filosofia kontuan hartuta, azalera atera nahi izan ditut ikusten ez diren baina beharrezkoak diren ideia asko. Horietako bat hutsunea da. Nahi nuen bakoitzak hutsetik eraikitzea, hutsetik bere kolorea ematea bai testuei, bai marrazkiei. Horretarako, irekia izan behar du, erlatiboa. Orduan, hutsa ere bada.
Azala barnerago dago. Zergatik utzi duzu ageriko azala hutsik?
Nahi nuen objektu gisa ere hartzea, objektu abstraktu bezala. Ea bakoitzak nola erreakzionatzen duen hori hartuta. Behin irekita, pista batzuk daude, baina zure esku dago sakonera begiratzea edo ez. Sinplea da, baina, aldi berean, sakoneko ideiak landu ditut.
Nahiago duzu hutsunea agerian?
Hutsune bat sentitzea ez da ezer txarra, bizitzako prozesu bat da, eta beharrezkoa da beste gauza batzuk eraikitzeko eta asmatzeko. Liburu honetan badago barruko munduaren, ikusten ez denaren, naturaren, elementu askoren batuketa bat hutsunearen bitartez. Barrukoaren eta kanpokoaren gatazka horretan bide bat balitz bezala aldarrikatu nahi izan dut hutsunea.
Hitz batzuk edo hitz batzuetako zati batzuk nabarmendu dituzu. Nola izan da joko hori?
Obsesio apur batekin ere lot daiteke. Badago obsesio bat hutsarekin, zuloarekin: kobazuloak, harriak... hitz batzuk elkarrekin jarri ditut harremanik izan gabe, eta, behin hitzak aztertuta, ikusi dut harremana dutela. Adibidez, ilargi, ama lurraren alaba bat, iluntasuna da, baina aldi berean hildakoen argia da, ilargi hitzak badu lotura naturaren zikloekin: emetasuna da, hilekoa... Gainera, hilarri hitzarekin du lotura. Hasi nintzen ikusten espero ez nituen harremanak hitzen artean. Jaio, hilarri, harri, hil, huts... hitz horiekin nahita jolastu dut. Joko batzuk oso sinpleak dira: ondoratu eta hondoratu, bakoitzak duen zentzua. Hitzen ezkutuko esanahiak atera nahi izan ditut.
H ere isila, baina hor dago, zentzua ere aldatu dezake.
Bai, hutsune ere aurkikuntza handia izan da: hutsune-k erdaraz esanahi asko ditu: hueco, laguna, interrupción, concavidad, falta, omisión... Gainera, bitan banatuta, hutsa-k materiari egiten dio erreferentzia eta une-k denborari. Materia eta denbora, unibertsoa eta lurra, hutsa eta betea, iluntasuna eta argia. Lan honen oinarrian daude. Eta, gainera, Josune-rekin antza pixka bat du [irri egin du].
Oteizari jarraitu diozu?
Bai, gauza askotan bai. Oteizatik hasi zen proiektua, eta Oteizarengandik asko dago. Baina uste dut lortu dudala aldentzea, ez dela hain erraza ikustea Oteizaren eragina.
Paper japoniarra erabili duzu, gardena. Horrela, bi hizkuntzak batera ikusten dira: hitzak eta marrazkiak. Zergatik formatu hori?
Obra liburua egin nahi nuen: ez da ohiko liburua eta ez da ohiko irudien planteamendua. Prozesuan marrazki bat egiterakoan ikusi nuen gardenkiak nahi nituela. Editoreak esan zidan normalean oztopo izaten dela jendearentzat, baina, adibidez, ilustrazio bat argiarekin osatzen da. Denak gardenak eginez, zailagoa zen honetaz jabetzea. Aldi berean, besteak aberastu zitezkeen gardentasunari esker. Niretzat harrigarriena da paper japoniar potolo honekin gardentasuna lortzea: beste kontrakotasun bat da. Bat egiten du liburuaren ideiarekin.
Barnetik hustu zara lan hau bukatu ondoren?
Bai, bai. Eta oso pozik nago hutsune hori nabaritzeaz. Orain bakoitzak bere zentzua eman behar dio barrutik ateratzen zaizkion ideia edo sentimenduekin. Oteizak esan zuen bezala: «Beste gauza batzuekin betetzeko, lehenik hustu behar zara».
ATZEKOZ AURRERA. Josune Ilundain. Sortzailea
«Hutsunea sentitzea ez da ezer txarra»
Hitzak eta marrazkiak, Ilundainek bi hizkuntzak batu ditu japoniar paper gardenean. Hutsunearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, Oteizari eta euskal mitologiako filosofiari jarraikiz egin duen liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu