ATZEKOZ AURRERA. Marcos Navarro. Ilustratzailea

«Euskal ingurumenak asko inspiratzen nau»

Kamisetak, paretak, mihiseak, liburuak eta garagardo latak ilustratu ditu azken urteetan. Katalunia atzean utzi, eta Donostian jarri zuen estudioa duela zortzi urte.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Urko Iridoy Alzelai
Donostia
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Egia auzoko galeria txiki batean ari da lanean Marcos Navarro (Bartzelona, 1986). Margolan handi eta txikiak, paletak eta pintzelak, liburu ilustratuz beteriko apalak... Kolorez beterik dago ilustratzaile eta margolari kataluniarrak sortutako gela. Zortzi urte dira Bartzelona atzean utzi eta Euskal Herrira bizitzera etorri zela.

Euskal Herrira mugitzeak asko eragin al du zure artean?

Bai, asko. Skatea, grafitia eta kaleko mundua atzean utzi nituen Bartzelonatik joatean, eta hemen, Euskal Herrian, hasieratik sentitu nuen naturaz inguratuta nengoela. Horregatik, nire artelanak naturan oinarritu dira gehiago, hemengo ingurumenak asko inspiratzen bainau.

Badirudi ingurumenak transmititzen duen argia irudikatu nahi duzula.

Bai, nik garrantzi handia ematen diot argiari. Beti saiatzen naiz paisaietako argi ederrak neure buruan gordetzen, ondoren artelanetan irudikatzeko. Gainera, azkenaldian beltza ez erabiltzen saiatzen naiz.

Ikusten da garrantzia ematen diezula itsasoari eta hura osatzen duten elementuei.

Hala da. Beti bizi izan naiz kostaldeko hirietan; beraz, harreman berezia daukat itsasoarekin. Horrez gain, surfean ibili izan naiz beti. Munduko txoko askotan ibili naiz surfean, eta nik uste dut hor bizitako esperientziek bultzatzen nautela itsasoa marraztera.

Beraz, surfa ez da kirol soila zuretzat?

Ez, noski. Nire artea garatzeko laguntza bat da, azken finean.

Zertan laguntzen dizu?

Surf egitera joaten naizen bakoitzean, nire buruak atseden hartzen du. Meditaziorako tarte bat da niretzat. Lan batekin blokeatuta nabilenean, surf egitera joaten naiz, eta, estudiora itzultzean, ideia berriak sortzen zaizkit.

Inspiratu egiten zaitu itsasoak, orduan?

Bai, baina nik ez nuke hain hitz politekin deskribatuko [barrez]. Esperientzietan oinarritzen naiz gehienbat. Kalifornian, adibidez, kelp alga ikusi nuen lehen aldiz, eta liluratuta gelditu nintzen haren formekin. Orduz geroztik, nire lanetan erabili izan dut; beraz, influentzia bat da hori ere.

Horren harira, landare asko ikusten dira zure lanetan.

Botanikak beti liluratu nau, bai.

Surfa bezainbeste gustatzen zaizu garagardoa?

Bai, noski [ eskuan duen garagardoari begiratu dio].

Beraz, Basqueland garagardo enpresarekin egindako elkarlana gogoz hartu zenuen?

Basquelandekin dena oso erraza izan zen hasieratik. Askatasun ia osoa ematen didate latak diseinatzeko orduan, eta hori, azkenean, asko eskertzen da.

Nola diseinatzen da garagardo lata bat?

Haiek garagardoaren ezaugarriak eta izena ematen dizkidate, eta, hortik hasita, nik nirea gehitzen diot.

Beraz, estilo ezberdina izango lirateke garagardo hori batek eta beltz batek?

Hori da. Edariaren ezaugarrien arabera erabakitzen dut zer kolore erabili eta zer ilustrazio egin.

Zenbaitek bildumak egiten dituzte zure latekin. Ohikoa da?

Geroz eta gehiago. Jarraitzaile askok beren bildumen argazkiak bidaltzen dizkidate. Artisau garagardoen abantaila handienetakoa da.

Garagardoak, liburuak, muralak, esposizioak... Urte asko daramatzazu ilustraziotik bizitzen, ezta?

Hala da. Horretatik bizitzeko lan asko egin behar da. Lagun askok dihardute ilustrazioaren arloan, baina, esan bezala, denok gogor egin dugu lan gauden tokira iristeko.

Eta etorkizunera begira, adimen artifizialaren beldur zara?

Denbora askoan, ilustratzaileok beldur handia izan dugu. Baina, nire ustez, ez dugu kezkatzeko arrazoirik. Adimen artifizialaren bidez ilustrazio on bat egiteko, abilezia behar da. Adimen artifiziala erabiltzen ere ikasi behar da; bestela, emaitzak oso sinpleak dira, stockeko argazkien modukoak.

Baina errazagoa izango da adimen artifiziala erabiltzen ikastea margotzen ikastea baino, ezta?

Bai, baina afera horri beste ikuspuntu batekin heldu behar diogu. Beti emaitzari eman diogu garrantzia, baina nik uste dut garrantzitsuagoa dela egindako bidea. Gure lan prozesua baloratzen hasi behar dugu, ez soilik emaitza azkar lortzea.

Zortzi urtez hemen bizi izanda, ba al dakizu euskaraz?

Hona etortzean, bi urte egon nintzen euskara ikasten. Ondoren, utzi egin behar izan nuen, eta, orain, nire umearekin ikasten dut gehienbat. Gehiena ulertzen dut eta euskaraz mintzatu naiteke, baina oraindik badut bidea egiteko.

Bartzelonan gelditu izan bazina, zure artea berbera izango zen?

Seguru ezetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.