Aldarrikapen antikapazitistakfeminismoaren kontua dira, Andrea Garcia-Santesmases (Madril, 1988) soziologo eta antropologoaren irudiko. Bi esparruen uztarketaz mintzo da El cuerpo deseado lanean (Gorputz desiratua; Kaotika, 2023). Herenegun aurkeztu zuen Bilboko Anti liburu dendan.
Zer harreman du feminismoak zaurgarritasunarekin?
Lehen olatuetako feminismoek ukatu egiten zuten zaurgarritasuna, emakumeok ere ahal dugula aldarrikatzen baitzuten: ahal garela lehiatu, lan merkatuan sartu... Baina azken urteetako mezua da arazoa ez dela zaurgarritasuna, baizik eta horren kudeaketa: hau da, zaintzaren antolaketa soziala. Feminismoa ikasten ari da zaurgarritasuna politizatzen.
Liburuan nabarmendu duzu zaintzaileak ez ezik, emakumeak zainduak ere badirela.
Garrantzitsua iruditzen zait. Feminismoetatik, gaiari heldu ohi zaio zaintzailearen ikuspegitik. Baina gehien zainduak ere emakumeak dira, urte gehiago egiten ditugulako, eta osasun okerragoarekin.
Zer jotzen da bizitza bizigarritzat?
Bizitza bizigarria da sisteman arrakastatsuki txertatuta dagoena: hau da, lan merkatuan egon daitekeen hori, ahal duena ekoitzi, kontsumitu eta errentagarria izan. Uztartuta dago patriarkatuarekin: bizitza bizigarri bat da, halaber, gorputz normatiboa duen hori, desiragarria dena, ugal daitekeena, eta ugaldu behar duena. Izan ere, oraindik egiten dizkiete abortu koertzitiboak eta indarrezko esterilizazioak dibertsitate funtzionala dutenei.
Bihur daitezke bizigarri?
Diskurtso bat dago, zeinaren arabera egoera horretan dauden bizitza guztiak biziezinak diren. Alde horretatik, tentua eduki behar dugu eutanasiarekin eta fetuaren malformazioagatik egindako abortuekin: oinarrizko eskubideak direla uste dut, baina kontu izan behar dugu horiek defendatzeko erabilitako diskurtsoekin.
Espero da elbarritasunen bat dutenek tragediatzat baino ez hartzea beren egoera?
Erabat. Tragedia pertsonalaren diskurtsoa gailendu da: egoera hori dramatikoa ei da beti, eta sufrimendua besterik ezin omen du eragin. Ez dut sufrimendua ukatu nahi, baina uste dut ezinezkoa dela jakitea zein parte den egoera fisikoari dagokiona, eta zein gizarteak eragindakoa, gorputz horiei balioa kentzen baitie eta baztertzen baititu sinbolikoki eta materialki.
Norbere burua gainditzea-z ere mintzo zara. Begirada kapazitistatik, zer da hori?
Aukera dago sozialki baloratua izateko: gizakia izan beharrean, supergizakia izatea. Zientifiko bikaina, kirolaria, pasarela normatiboetan desfilatzen duen modelo Down sindromeduna... Eredu horiek kontrapuntu perbertso bat dute, ordea: edo neurriz gainekoa zara, edo aukera gutxi izango dituzu.
Elbarritasuna eraikuntza soziala da, generoa bezala?
Noski. Horrek ez du ukatzen gorputzaren errealitate biologikoa. Baina gorputza beti irakurtzen da ikuspegi kultural batetik.
Elbarriaren identitateak beste identitate batzuk lausotu ditzake? Generoa, kasurako?
Desgenerizazio prozesu bat dago: ez dira jotzen ez emakumetzat ez gizontzat, eta ez dute generoak ezarrritako espektatiba eta arau berak. Baina generoa ez da desagertzen; harreman anbibalente bat dago.
Zure ustez, osasun zentroak bestelako identitate hori asimilatzeko tokiak dira. Zer rol du medikuntzak identitate horren sorkuntzan?
Osasun instituzioek identitate berri horren subjektibazioan parte hartzen dute: balio gutxiagotzat jotzen da identitate berria, beste leku batean kokatzen zaitu. Eta desgenerizazioan ere laguntzen dute: paziente denek arropa berdina erabiltzen dute, ez dute intimitaterik, ezin dute erabaki nork artatuko dituen... Gorputza homogeneizatzen dute.
Gorputzok desiragarriak direnean, auzitan jartzen da sexualitate normatiboa?
Zalantzan jartzen dira sexualitate konbentzionaleko praktika batzuk. Esaterako, erritmoak: noiz egin behar den zer, zenbat iraun behar duen... Baita rolak ere: maskulinotzat dugu proposatzea, potentzia, penetrazioa; femeninotzat, jarrera pasiboa. Hori apurtu egiten da gorputzak ez duenean modu normatiboan funtzionatzen; ezin duenean erekziorik eduki, adibidez.
Laguntza sexuala prostituzioa al da?
Laguntza sexualaren barruan zerbitzu asko daude. Uste dut batzuk prostituzioa direla. Baina, berez, laguntza pertsonalaren antzeko egitekoa du: bermatzea gauza batzuk zeure kabuz egin ahal izatea. Adibidez, laguntzen dute masturbatzen, biluzten, kondoia ipintzen...
ATZEKOZ AURRERA. Andrea Garcia-Santesmases. Soziologo eta antropologoa
«Feminismoa ikasten ari da zaurgarritasuna politizatzen»
Errealitate biologikoa gorabehera, ideologiak zeharkatzen du elbarrien inguruko iruditeria, Garcia-Santesmasesen arabera: bizitza biziezintzat jotzen dira, oro har, eta gorputz ez-desiragarritzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu