ATZEKOZ AURRERA. Bego Zubia Gallastegi. Elhuyarreko kazetaria

«Bakterioei presioa egin diegu, eta arazo global bat sortu dugu»

Elhuyarrek 'Erresistente' izeneko dokumentala ondu du, eta Zubia da zuzendaria eta gidoilaria. Lanaren helburua: antibiotikoen erabilera ezegokiak sortutako bakterio erresistenteen arazoa gizarteratzea.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Kazetariek ez dute asko maite elkarrizketatzaile izateari utzi eta elkarrizketatu bihurtzea. Lehen unetik aitortu du hori Bego Zubia Gallastegik (Arrasate, Gipuzkoa, 1965), baina urteetako eskarmentua dauka ataka horretatik airosa ateratzeko, eta halaxe atera da. Erresistente dokumentala zuzendu du Elhuyarreko kazetariak. ETBn emango dute lehenengo, baina oraindik ez dute zehaztu noiz emango duten.

Antibiotikoen erabilerari buruz diozue: «Gehiegi eta gaizki».

Hori da funtsa. Ni ez naiz medikua, ezta ikerlaria ere, kazetaria naiz, baina hitz egin dudan jende guztiak gauza bera esan dit: urteetan antibiotiko gehiegi erabili direla, kontrolik gabe, eta gaizki. Eta ez gurean bakarrik, mundu guztian. Horrek bakterio komunitateetan presioa areagotu du, eta ondorio nagusia izan da erresistentzia gehiago garatu dituztela. Eta elkarren artean erresistentzia horiek trukatzen dituztenez, gerta daiteke antibiotikoei erresistente bihurtzea, eta sendatzeko arazo larriak izatea.

Baina dokumentala ez da antibiotikoen kontrako aldarri bat.

Inolaz ere ez; are gehiago, haien defentsa egiten da. Antibiotikoak oso tresna erabilgarriak dira bakterioek sortutako infekzioak sendatzeko, baina, gaizki erabili direnez, euren eraginkortasuna galtzen ari dira. Helburua da ezagutzera ematea zer gertatzen ari den, zentzuz erabiltzea, eta denon artean horien eraginkortasuna berreskuratzea.

Datuak ere gordin ematen dituzue.

Bakterio erresistenteen arazoak 33.000 hildako eragiten ditu urtean. 2050. urtean, eta tartean ez bada erabaki erabatekorik hartzen, minbiziak baino hildako gehiago eragingo ditu.

Baina bakterioekin bizi gara.

Eta bakterioak, izatez, onak dira. Edo ez onak eta ez txarrak. Dauden horien guztien artean oso gutxik sortzen digute guri gaixotasunen bat. Gehienek bizitzen laguntzen digute. Adibidez, digestiorik ezingo genuke egin haiek gabe.

Eta animaliei ere eragiten die afera honek guztiak?

Animaliei eragiten die, eta landareei ere bai. Antibiotikoak erabili dira hainbat alorretan, pentsatuz gaixotasunei aurrea hartuko geniela horrela. Eta erabili izan dira animaliak azkarrago gizentzeko ere. Bizidun guztioi eragiten diguten bakterio horiei presioa egin diegu, haiek elkarri erresistentziak pasatu dizkiote, eta denon artean sortu dugu arazo global bat, oraintxe bertan oso larria dena.

Bi gaixoren testigantzak bildu dituzue. Ematen dute zer pentsatua.

Agerian uzten dute hau edonori gerta dakiokeela. Pentsa: mutil gazte osasuntsu bat, hasten da etxean lantxo bat egiten, eta egiten du besoan zauri bat, ematen dizkiote paperezko lau puntu, eta zer-nolakoak pasatu behar izan dituen gero, bakterio erresistenteengatik.

Dokumentaleko zenbait esaldi segidan: «Icebergaren punta da».

Ikerlariak ere ez dira guztiz jabetzen arazoak duen dimentsioaz.

«Bakterioek guk baino milioika urte gehiago daramatzate hemen».

Horregatik da horren zaila arazoari aurre egitea. Gu oso organismo konplexuak gara, eta eboluzionatzeko milaka urte behar ditugu. Bakterioek milioika urte daramatzate hemen, eta oso azkar eboluzionatzen dute. Belaunaldi bat, hogei minutuan sor daiteke. Pentsa zenbait belaunaldi sor daitezkeen urtebetean, eta zer-nolako gaitasuna izan dezaketen eboluzionatzeko eta aldaketetara egokitzeko.

«Antibiotikoa erabiltzea da zerbait gaizki egin den seinale. Benetako arrakasta infekzioari aurrea hartzea da».

Dokumentala egiten aritu naizen denboran, etengabe errepikatu didate: 'Gure gurasoek oso ongi zekiten jan aurretik eskuak ongi garbitu behar zirela, edo zauriak oso ongi garbitu behar zirela. Beharbada, guk detaile txiki horien garrantzia ahaztu egin dugu'. Eta ziurrenik hori da modurik eraginkorrena ez gaixotzeko. Eta gaixotu ezean, ez dugu antibiotikorik beharko, eta arazo hau zabaltzen ez dugu lagunduko.

«Kontua ez baita euliak kanoikadaka hiltzea».

Oso ongi islatzen du horrek antibiotikoen erabilera zein izan den: ez eman antibiotikorik boteretsuena gaixotasun arin bati. Geroz eta gehiagok diote indarra jarri behar dela gaixotasuna sortzen duen agente hori identifikatzen, eta horri dagokion antibiotikoa eman gero.

Konponbidea?

Zaila. Eta klima aldaketarena? Eta deforestazioarena? Denon esku dago konponbidea, baina are gehiago erabakiak hartu behar dituztenen esku. Ezin dugu pentsatu honetan denok daukagula erantzukizun berbera; hori ez da egia. Jakin behar behar dugu arazo bat daukagula, eta horren aurrean gauzak zentzuz egin behar ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.