ATZEKOZ AURRERA. Ion Martinez, 'Txiki'. Umorista

«Euskarak borroka guztiak irabazi ditu»

Kulturazalea da Martinez, eta, hamaika ekitaldi antolatzeaz gain, bakarrizketak egiten ditu. Hogei urteren ondoren, agur esango die oholtzei, 'Euskaldunen jatorria, historia eta irria' emanaldiarekin.

BERNART.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Stand up komedian hogei urtean egindako ibilbideari amaiera emango dio Ion Martinez Txiki-k (Donostia, 1980), Euskaldunen jatorria, historia eta irria bakarrizketaren birarekin. Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatu zuen, igandean, eta gaur, bihar eta hurrengo ostiralean egingo ditu beste emanaldi batzuk. Euskal Herriaren historia kontatuko du bertan, umorez, eta amaieran hil egingo da oholtzan, Txikiren ibilbide artistikoaren amaiera irudikatuz: «BERRIAko kontrazalean agertuko naiz; beraz, lasai hil naiteke».

Euskal Herriaren historia umorez kontatzera ausartu zara. Ez da, ba, oso historia alaia...

Bueno, ez da oso historia alaia... Badaukat antzezlanean sartu dudan esaldi bat, asko gustatu zaidana: «Euskaldunek ia guda guztiak galdu dituzte, Orreagakoa [Nafarroa] izan ezik, baina euskarak borroka guztiak irabazi ditu». Hotzean pentsatuz gero, biziraun du kobazulo garaitik, inperioak, gerrateak, konkistak, gorrotoak, ilegalizazioak eta abar pairatuta. Euskarak beti izan du mozal legea, 1512. urteko konkistaren ostetik. Eta gaur arte iraun du. Euskararen lorpena kristorena da.

Historia ezagutarazteko, hainbat pertsonaiaz baliatuko zara?

Batzuetan, nik laburbiltzen dut historia, baina bai. Nafar Erreinutik aurrera, aipatzen ditut errege historikoak, eta beste pertsonaia batzuk: Agosti Xaho, Sabino Arana edo Fernando Amezketarra, gure lehen bakarrizketa egilea. Baita gaur egungoak ere: igandean, Maialen Lujanbioren kareta batekin atera nintzen, eta errea eginez [erremerreen gisan esanda]; beraz, jendeak barre egiten du.

Euskal Herriaren historia beste modu batean transmititzea da emanaldiaren helburua?

Helburua da antzezlan baten bitartez gure historia kontatzea, hori ez duelako inork egin. Izan ere, nik antzerki asko ikusten ditut. Gure historia kontatu nahi nuen, antzerkiaren eta artearen bidez, uste dudalako arteak izan dezakeen funtziorik handiena dela hitzaren berbera. Igandean egongo ziren 100 pertsona horietatik, 50ek ez zekiten gu Nafarroako Erresuma ginela. Orduan, niretzako hori irakastea eta, gainera, komikoki... ederra da.

Nafarroako Erresuma monarkiko baten alde zaudela esan duzu elkarrizketetan.

Probokazio modura esan nuen, jendeak jakin dezan gu zerbait izan baldin bagara Nafar Erreinu bat izan garelako garela, zeina monarkikoa zen. Gaur egun, nahiz eta sozialki edo ekonomikoki pobreago izan, erregea izango bagenu, estatu bat izango ginateke. Ez dago naziorik munduan erregea duenik eta ez dena estatua; ez da existitzen.

Stand up komediaz gain, antzerki zatiak ere baditu obrak, ezta?

Umorezko bakarrizketa bat da, umorea duelako, bakarrik kontatzen delako, baina ez da stand up komedian orain arte egin dudan mikro aurreko hori, baizik eta antzeztuagoa. Orduan, pertsonaiak ditu, mugimendu asko, musika efektuak, atrezzoa... Horrelako zerbait egin nahi nuen.

Erraza izan da emanaldia sortzea, hainbeste diziplina nahastuta?

Asko irakurri dut; ikastaro batean izena eman nuen, Euskal Herriko historia ikasteko, eta datak ondo zehazteko, gero ez hanka sartzeko. Eta, gero, antzezlan, kontzertu eta kultur ekitaldi asko ikusi ditut, kultura asko maite dudalako. Hortik ideia pila bat hartzen ditut, gero niretzat erabiltzeko, inspirazio gisa.

2002an hasi zinen bakarrizketak egiten. Nolatan?

Hasiera naturala izan zen. Beti izan naiz nahiko hiztuna, eta, Kandela tabernan, orain Doka dagoen tokian, egon zen bakarrizketa txapelketa bat, gazteleraz, eta animatzeko esan zidaten, gauzak antolatzen aritzen nintzelako ordurako. Jon Plazaola ere orduantxe hasi zen, Macri ere bai, Alex Rabanal, Saioa Polo... Pixkanaka, bakoitza bere ibilbidea egiten hasi zen.

Zuek hasi zineten euskaraz stand up komedia egiten?

Euskaraz hasi ginenak Jon Plazaola eta biok izan ginen. Gogoan dut, Ordiziara [Gipuzkoa] joan saio bat egitera, eta pentsatzea: «Nola egin dezaket hemen gazteleraz?». Behin, osabak esan zidan: «Zu oso borroka, oso euskaltzalea, eta umorea gazteleraz egiten duzu». Eta horrek akabatu egin ninduen. Leku batzuetan ezezkoak jaso ditut euskaraz egiteagatik, baina nik 40 saio-edo egiten ditut urtean. Harrotasunez sentitzen dut underground bat naizela oraindik; baina horrek asko nekatzen du. Horregatik gertatu da orain gertatu dena.

Horregatik hilko zara ikuskizunaren amaieran.

Emanaldiaren bigarren helburua da, bai: Txiki, aktorea, sortzailea eta kultur militantea hiltzea. Hori sentitzen naiz, 20 urtean mila gauza egin ditudalako. Hori ere amaitutzat eman nahi dut. Sinbolikoki hilko naiz artista bezala emanaldi honen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.