Death Cafe izena dauka mahai baten bueltan heriotzari buruz hitz egiteko egitasmoak. 2015ean heldu zen Euskal Herrira, eta Getxon (Bizkaia) sortu zen talde bateko kide egin zen Daniela Garavelli. Gaur egun, Sopelako taldeak gidatzen ditu, Jon Granaderorekin batera. Sopela Zurekin elkartea sortu zuten horretarako; «komunitate errukiorra» hedatu eta sendotzea daukate helburu. Garavelli: «Gizarteak ahaldundu egin behar du, gai izan dadin zaurgarritasunaren kargu egiteko, bizitzaren parte baita».
Death Cafe aitzakiatzat hartuta, hiru bilgune sortu dituzue, eta hilero elkartzen zarete. Zer bereizgarri dauka bakoitzak?
DANIELA GARABELLI: Death Cafe taldea daukagu, batetik, eta 2020ko martxotik hitzorduak telematikoki egiten ditugu. Taldeak aho batez hartutako erabaki bat izan zen, badagoelako etxetik irten ezin den jendea edo zaintza lanetan ari dena, eta menpeko pertsonaren baten ardura duena.
JON GRANADERO: Bigarren taldea nire ideia baten emaitza da. Gazteei formakuntza bat ematen ari nintzaiela, ohartu nintzen gazte askok ez zekiela nondik jo. Batzuetan, bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu eta zer ikasi erabakitzeko zailtasunak zituztelako; beste batzuetan, lan mundurako saltoan zalantza handiak zituztelako. Blokeo horren jakitun baziren, eta elkarri kontatuta ohartu ziren ez zela bakoitzari gertatzen zitzaion kasu bat, orokorra zela arazoa. Hori oinarri hartuta, gazte talde bat osatu dugu, kezkak trukatu ditzaten.
GARAVELLI: Hirugarren bilguneak Kafea Konpainian izena dauka, eta bakardadeari aurre egiteko bideratzen dugu: borondatezkoa ez den bakartzeari.
Zerbaitek batzen ditu hirurak?
GRANADERO: Bakardadeak. Dinamika bera da: heldu eta nola sentitzen zaren kontatzea. Elkarri laguntzeko lekuak dira; entzute ariketa garrantzitsua da.
GARAVELLI: Nolabait, legitimatu egiten du galera oro. Badago gizarte honetan joera bat galerak porrotarekin lotzekoa, zaurgarritasuna ahuleziarekin. Eta ez da hala.
Nola ulertzen duzue galera hori? Zer da dolua?
GRANADERO: Finean, aldaketa prozesua da dolua. Egoera berri baterako egokitzapena. Hemen heriotzaz hitz egitea ez dago ondo ikusia.
Tabua da heriotza?
GRANADERO: Gazteek agian beste era batera ulertzen dute, baina orokorrean jendeak ez dauka lekurik heriotzaz hitz egiteko. Ezta horri buruz hitz egiteko inor ere. Bilgune hauek kuxkuxeatzeko dira, eta beste ikuspuntu batzuk ezagutzeko parada ematen dute.
Galera aipatzen duzuenean, ez zarete ari heriotzaz bakarrik, ezta?
GARAVELLI: Bizitza hutsuneak betetzea da. Askok heriotzari aurre egin nahi diote, ukatu helduko dela, eta hor daude gotortuta. Baina, horri ez ikusia eginda ere, gal zenezake lana, bikotekidea, lagun bat... eta hutsune hori ulertzeko eta igarotzeko ez dago zer sentitzen duzun kontatzea baino hoberik.
GRANADERO: Zer sentitzen duzun esatea da gure elkartzeen premisa. Iritzirik inposatu gabe, nola zauden,zer eragiten dizun esaten duzu, esperientzia pertsonala helaraziz.
Garrantzia du lehen pertsonan egindako kontakizunak?
GARAVELLI: Oso ezberdin komunikatzen da orokortu eta esaten baduzu jendeak sufritu egiten duela. «Ni sufritzen ari naiz» esateak, berriz, eragina du hartzaileagan. Norberaren sufrimenduaz jabetzen gara, eta hori lagungarria zaigu zaurgarri senti gaitezen eta entzunak garenean sostengua senti dezagun.
Topaketa hauek ez dute terapia ordezteko asmorik, ezta?
GARAVELLI: Inondik inora ez. Honek komunitatea eraikitzen du. Komunitateak badu nahikoa baliabide elkarri laguntzeko. Baina, beharrezkoa denetan bestelako harremanak eraiki behar dira; terapeutarekin, esaterako.
Nabarmendu daiteke kontakizunen bat, zuei ere lagungarria egin zaizuena?
GARAVELLI: Muturreko minbiziaz hil zen kide bat izan genuen, eta beharra zeukan kontatzeko. Berak aipatu zigun hitz egin nahi zuela, hiltzen ari zelako, urtebeteko bizi itxaropena eman ziotelako; zituen beste ingurune batzuetan ez zioten uzten heriotzaz hitz egiten, mingarria zitzaielako. Asko ikasi genuen.
GRANADERO: Bizitzaren irakaslea zen; berebiziko bizitasuna zeukan.
Jende heldua elkartzen duzue gehienbat. Gazteen topalekuan zer antzeman duzue?
GRANADERO: Pandemiak asko eragin die. Sare sozialetan hartu dute aterpe, baina bakartuta daude. Hauteman dugu bakardadea okerrago eramaten dutela.
GARAVELLI: Miseriak ez dira publikatzen. Non sartzen duzu miseria? Lanpasaren azpian? Horrek gero ez dizu atea zabaltzen uzten.
ATZEKOZ AURRERA. Daniela Garavelli eta Jon Granadero. Death Cafe-ren antolatzaileak
«Aldaketa prozesua da dolua, egokitzea»
Askotariko galerez hitz egiteko topalekuak antolatzen dituzte Daniela Garavellik eta Jon Granaderok. Sopela Zurekin elkarteko kide dira, eta Death Cafe bilguneak antolatzen dituzte hilero, edonorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu