ATZEKOZ AURRERA. Claudio Fava. Idazlea, gidoilaria, kazetaria eta politikaria

«Galderarik gabe, ez dago kazetaritzarik»

Iruñean eta Bilbon izan da Fava, bere liburua aurkezten. Mafiaz, diktadurez, indarkeriaz, kazetaritzaz, politikaz, heriotzaz eta bizitzaz aritu da. Galderak egiteko beharra aldarrikatu du, bai kazetaritzan, bai politikan.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
La Plata, Argentina, 1978. Videlaren diktadura. Hiri horretako errugbi taldeko kideak banaka-banaka hiltzen ari dira. Bakarra geratu da bizirik: Raul Barandiaran. Harekin izandako elkarrizketatik abiatuta, garai horretan girotu du Claudio Favak (Catania, Italia, 1957) Los Silenciados eleberria, Txalapartak gaztelaniaz argitaratutakoa. Iruñeko Katakraken aurkeztu du.

Liburuak badu kazetaritzatik?

Ez da gertakizun horren kontakizuna, baina nire kazetaritza lanaren ondorio izan da. Diktadura sufritu zutenekin hitz egin nuen, baita beste aldekoekin ere. Diktadurapeko eguneroko bizitza eraikitzeko, ezinbestekoa izan zait kazetaritza lana.

Beraz, ez da kronika bat, literatur lan bat baizik, ezta?

Hori da. Kazetaritzak elementuak eman dizkit, baina horiek literaturaren bidez elkartu ditut. Orain, literaturak liluratzen nau gehien.

Aitarekin lan egin zenuen I Siciliani egunkarian. Nola izan zen hori?

Lan egiten duzun egunkariko zuzendaria aita duzunean, gogorra da; egoera zamatsua da. Baina asko ikasi nuen nire adintsukoak ziren lankideekin, 24-25 urtekoekin.

Zuzendaria, zure aita, mafiak hil zuen. Nola bizi izan zenuten?

Bi aukera genituen: uztea eta nork bere bidea hartzea, edo egunkariarekin jarraitzea. Aitarekin batera egunkaria hil nahi izan zuten, bera baitzen haren arima, irakaslea eta erreferentea. Jarraitu genuen, ni zuzendari. Urteetan soldatarik gabe aritu ginen, egunkarikoa beste lan batzuekin uztartuz. Urte batzuen buruan, itxi egin behar izan genuen, diruagatik. Hala ere, lanean jarraitu genuen, beste leku batzuetan.

Beldurra izan duzu?

Bai, noski. Bala bat bidaltzen dizutenean edo pertsona bati zu hiltzeko agintzen diotenean, beldurra duzu. Baina, aurrera egitea erabakitzen baduzu, ohitu egiten zara.

Raul Barandiaran izan zen bizirik geratu zen jokalari bakarra. Nolakoa izan zen elkarrizketa hura?

Adin bera, istorio konplikatua eta iraganeko zauriak dituzten eta gertatutakotik emotiboki aldenduta distantzia hartu duten bi lagunen arteko hitzordua izan zen.

Latinoamerikan kazetari aritu zinen. Zerk eraman zintuen hara?

Egunkaria itxita, ohartu nintzen nirearen antzeko istorioak bilatu behar nituela. Latinoamerikan gatazka asko zeuden. Buru-belarri aritu nintzen kazetaritza lan sakon eta normal batean, beste gerrei eta istorioei buruz idazten. Nire istorioaren askatze prozesu bat izan zen. Horrekin batera, herrialde horiekiko atxikimendua piztu zitzaidan.

Mafiaren kontrako komisioko lehendakaria zara. Zer garrantzi du komisio horrek?

Izan daiteke apaingarri huts eta izan daiteke ikerketarako tresna sendo bat. Bigarrena egiten saiatu gara gu. Bost urtez Siziliako politikako gai garrantzitsu eta irekienak hautatu genituen: zabor bilketa, osasungintza, mafiosoei konfiskatutako ondasunen kudeaketa eta abar. Erretratu bat egin dugu; ez hainbeste mafiarena, baizik eta testuinguru ekonomikoarena eta errealitate sozial eta politikoarena.

Diktaduraren eta mafiaren artean badago antzekotasunik?

Boterea nahi izatea, immunitatea, gezurraren erabilera, botere ekonomikoarekin lotzea... Boterea ezinbesteko kontzeptua da talde kriminal bat edo diktadura bat ulertzeko.

Zure aitak idatzitako Mafia-ren bigarren edizioan aitzinsolasa idazteak zer ekarri dizu?

Nire kazetaritza lana izan da. Mafiaren botereei buruz aritzeko, etengabe eguneratu behar dituzu zure analisia eta begirada; bestela, ez duzu ulertzen zer pasatzen den. Mafia piroteknikoa eta biolentoa zen; orain, zarata apaldu du. Lehen, ondasunak ziren garrantzitsuak, eta, orain, inbertsioak eta ekonomia immateriala. Modernizatu da, baina estruktura oso tradizional bat du oinarri oraindik: familia.

Nola aurre egiten zaio mafiari?

Erabat autonomo izan behar duzu, gauzak baimenik gabe egin. Beharrezko dituzun galderak egin, galdera horrek molestatuko duen pentsatu gabe. Galderarik ez badago, ez da kazetaritza, solasaldi bat da.

Nola ikusten duzu kazetaritza?

Nekatu samar. Uste dut Internetek galderak egiteko gogoa itzali duela. Gauza asko agudo aurkitzen direnez, bilatzeko eta jakiteko gogoa itzali da. Bilatzeko, denbora behar da. Ez dakit zenbat denbora duen kazetaritzak orain: gutxi, uste dut.

Eta hauteskunde ondoko Italia?

Eskuinera so, baina ez da lehen aldia. Faxismoaren itzulerak ez nau izutzen, Italiak kultura demokratiko sakona baitu. Gehiago kezkatzen ninduen Berlusconiren gobernuak, eta hamar urtez izan genuen. Uste dut porrot honek ezkerrari balioko diola beste proposamen bat egiteko, ez baitu erantzun erabilgarririk eman. Denboraldi luzea izanen da, botererik indartsuenak eskuinarekin batuko baitira; beraz, politika egiteko garaia da, zentzurik gorenean eta erabilgarrienean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.