ATZEKOZ AURRERA. Mikel Cerezo. Orainprebentzioa elkarteko gizarte hezitzailea

«Helduok ere sareen adikzioa dugu»

Adikzioetan aditua da Cerezo, eta «substantziarik gabeko» adikzioez mintzo da: teknologia berriez eta sare sozialez. Nerabeak ezagutzeko gakoak eman nahi dizkie gurasoei. Zarautzen dauka hitzaldia, etzi.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Lazkao
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ikastetxe batetik bestera dabil Mikel Cerezo (Bilbo, 1979), eta Lazkaoko (Gipuzkoa) San Benito ikastolatik iritsi da zitara. Orainprebentzioa elkarteko gizarte hezitzailea da, eta adikzioetan aditua. Zarauzko (Gipuzkoa) Antoniano aretoan ariko da etzi (17:30), udalak gurasoentzat antolatutako saio batean: Teknologia berrien erabilera arduratsua. Nerabezaroa eta identitatea, talde onarpena, pribatutasuna, sare sozialak eta arriskuak.

Teknologia berriak, erabilera arduratsua eta nerabeak. Ekuazio hori ezinezkoa da.

Koktel bikaina da [barrez]. Baina oso zaila da guztiak bateratzea, bai.

Nola daude gure nerabeak?

Teknologia berri horien bilakaera ikusita, ohartzen zara oso denbora gutxi daramatela gure artean. Eta, hala ere, nerabe horiei natibo digitalak deitzen diete askok. Niretzat, umezurtz digitalak dira. Umezurtz daudelako, baina ez beraiek bakarrik, gu ere bai, teknologia hori guztioi iritsi zaigulako batera.

Galduta daude nerabeak?

Ez dut uste galduta daudenik. Kontua da guk helduok geure ikuspuntutik edo prismatik begiratzen diegula egiten duten erabilerari. Kontuan hartzen duguna guk bizi izan genuen nerabezaroa da: sakelakorik eta bestelakorik gabekoa. Beste estrategia batzuk geneuzkan, dibertitzeko beste modu batzuk... Beste mundu batean bizi ginen. Gaur egun, gure nerabeen mundua hau da: teknologiaz zipriztindutako mundua. Eta haien erlazionatzeko modua oso ezberdina da gurearekin konparatuta.

Lehen identitateak gehiago eraikitzen ziren kalean edo taldean? Eta orain pantaila baten atzean?

Kontua da guk oso argi geneukala zer zen identitate kontzeptua. Kalean eta familiaren inguruan landu behar zenuen. Baina haiek identitatea bananduta daukate: identitate fisikoa daukate, eta identitate birtuala daukate. Gure ikuspuntutik begiratuta, oso zaila da hori ulertzea. Gure identitatea eraiki genuenean, han zeuden lagunak, musika, antzerkia, txosnak, litroak... Baina haiek beste egoera batean daude: mundu birtual horretan tokiren bat ez daukana ez da existitzen.

Nerabeak dio: «Ez dit inork atsegin dut ematen».

Uf, zer-nolako zama daukan esaldi horrek. Bigarren mailako bihurtzen zaitu gaur horrek: ikusezin.

Nerabeak dio: «Whatsapp taldetik kanpo utzi naute».

Taldetik kanpora utzi, talde alternatiboak sortu... Teknologia eta sare sozial hauek iristen zaizkie horiek kudeatzeko oraindik prestatuta ez daudenean.

Pandemiak ez du batere lagundu.

Ez. Pandemia baino lehen ere trebetasun sozial gutxi zeuzkatenentzat edo harremantzeko arazoak zituztenentzat, garai hau ez da batere ona izan. Euren kobazuloan sarrarazi ditu gehiago.

Nerabeak, beraz, hor nonbait, baina hemen benetan galduta gurasoak daude.

Denok gaude galduta. Bizitza zer da, bada? Gurasoek egiten dutena da euren seme-alabak babesten saiatu, ikusten dutelako arrisku asko daudela, eta haiek ez dutela arrisku horien kontzientziarik. Kontua da guk ere erabiltzen ditugula, eta gure seme-alabak ez dakitela horiei buruz guk baino askoz gehiago. Kontua da haiek ordu gehiago ematen dituztela hor barruan sartuta.

Gurasoak dio: «Tiktok deskargatu dut».

Hori da jarrera. Gure seme-alabek erabiltzen dituzten aplikazioak ezagutu behar ditugu, eta jarraitzen dituzten youtuber, instragramer, tiktoker, streamerrak... horiek ere bai.

Gurasoak dio: «Family Link jarriko dizut».

Kontrolerako aplikazioak erabiltzea ondo dago, baina lehen sakelakoa ematen zaien garaian bakarrik, lehen urrats horietan laguntzeko. Gero jada ezin ditugu erabili, gure seme-alabak nerabezaroan sartzen hasten direnean haien pribatutasuna oso garrantzitsua delako.

Bilakaera bat egon da adikzioetan? Zuek marihuanaren inguruan hasi zineten, alkohola... baina sare sozialak dira adikzio berria?

Erabat. Eta berdin funtzionatzen dute garunean: sari sistemaren bidez, dopaminaren bidez... Duela urte batzuk drogazaletasunaren inguruan hitz egiten genuen, baina gaur substantziarik gabeko adikzioei buruz hitz egiten dugu, eta egia da osasun erakundeek teknologia berriak eta sare sozialak ez dituztela sartu adikzioen zerrendan, baina bideojokoak adibidez bai, eta beste hauek haien atzetik joango dira.

Helduak ez gara eredugarriak...

Guk ere hausnartu behar genuke sare sozialen erabileraz, ikusteko gehienek adikzioa dutela; harritu egingo ginateke zenbateraino.

Non dago muga?

Guk beti esaten dugu adikzioaren argi gorria pizten dela erabilera edo kontsumo horrek norberaren bizitzako beste arlo batzuetan eragina duenean. Gimnasiora ez zoazenean edo lagunekin gelditzen ez zarenean orduak ihes egin dizulako sare sozial horri begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.