Landu dute berdintasunaren gaia, gizontasun ereduarena, eta transexualitatearena, besteak beste. Popatik izena jarri diote egitasmoari, eta Maitatzeari izena emanaldiari eta bildumari. Maitasunari bainoago, maitatzeko moduei buruz ari baitira Ekaitz Goikoetxea (Beasain, Gipuzkoa, 1980), Aingeru Mayor (Donostia, 1972) eta Xabier Crehuet (Ordizia, Gipuzkoa, 1993). Proiektu poetiko-musikala da haiena. Hiruren uztartze bat. Hitzen eta doinuen atzeko lerroa, ertzetatik eta ertzetakoak aintzat hartuta egina.
Popatik, nori?
Denei, eta popatik. Ez agian jendeak hasieran imajinatzen duen toki horretatik —horretatik ere bai—, baina niri gehien gustatzen zaidan ideia da azkeneko lerrotik, atzetik. Gaur egun, musikan, denek egon nahi dute lehen lerroan: ideia berritzaile bat, kolaborazio berezi bat, trapa, rapa... Baina atzetik dagoen jendea ere hor dago, oso lan polita egiten du, eta horrek ez du esan nahi kalitate apalagoko lanak direnik. Nik Popatik izenari hartu nion ideia hori izan zen: atzetik, azkeneko lerrotik ere egin daitezkeela gauza onak.
Popatik hartu, popatik eman... Badago probokazio puntu bat ere?
Bai, hori ere nahi dugu, probokatu, eta badago hori guztia nolabait normalizatzeko ahalegin bat ere. Eta izan liteke pop musika popatik hartzera bidaltzea ere. Guk ere egiten dugu pop musika, baina ez bazaizu gustatzen: «Zoaz popatik hartzera». Aingeru Mayor taldekideak askotan jartzen du bere sare sozialetan: «Popatik hartu eta popatik emateko jaioak». Hori dena da Popatik. Hiru kide gara, bakoitzak beretik interpretatzen du izena, baina badakigu osotasunean kolore ezberdin guztiak hartzen dituela bere baitan.
Maitasunari abesten diozue?
Maitasunari baino gehiago, maitatzeari. Maitasun mota ezberdinei, ez bakarrik bi pertsonen arteko maitasun erromantikoari, baizik eta nork bere buruari ematen dion maitasunari, kalean dagoen eskale batek eskatzen duen maitasunari...
Kantautore bat, eta maitasun erromantikoari ihesi?
[Barrez] Lasai, horretaz ere hitz egiten dugu, baina beste maitasun motei buruz ere bai. Egia da klixe bat dela, baina, ni kantautorea izanda, hori da errazena egiten zaidana: barruan izan eta kanpora atera ezin dituzun horiek musikaren bidez ateratzea eta transmititzea.
Hori oso polita gelditu zaizu, baina bilduma honetako lehen kantua bestondo betean idatzi zenuen.
[Barrez] Bai, Ipuinetan ez bezala abestia izan zen. Ekaitzek bidali zizkidan lehen bi estrofak, larunbat goiza zen, eta beti esaten dut goiz hartan aspaldiko bi ezagun izan nituela lagun: bestondoa eta inspirazioa. Jarri, sortu eta bidali. Ordu erdian egin nuen. Ekaitz eta Aingeru gustura gelditu ziren, eta hor konturatu ginen han zerbait bazetorrela. Hamar abesti atera dira, bata bestearen atzetik.
Gasteizen egin zenuten debuta, Naizen elkartearen ekitaldi batean. Han dago, nolabait, sorburua?
Tránsitos liburuaren harira ezagutu zuten elkar Aingeruk eta Ekaitzek [Mayorrek idatzitakoa da], eta aurkezpen bakoitzean inprobisatzen zituzten gauzak. Saioak arintzeko, zuzeneko musika txertatzea bururatu zitzaien. Ekaitzek eta biok elkar ezagutzen genuen, eta bageneukan elkarrekin kolaboratzeko gogoa. Zumarragan egin genuen topo lehen aldiz hirurok, gorputzaren eta biluztasunaren inguruko artisten topaketa batean. Haien proposamenari baiezkoa eman, eta elkarrekin hasi ginen lanean.
Eta, gero, dena segidan?
Abestiak, bideoklipa, grabazioa, bilduma... Irailetik abendura hasi ginen lan eta lan, inspirazioa borborka, gauza guztiak elkarren segidan... Ohartu ginen gureek emanaldiak izan behar zutela, kontzertuak baino gehiago.
Ipuinetan Challenge izeneko lehiaketa bat ere sortu duzue?
Naizen elkartearen emanaldi hura egin genuenean Gasteizen, ohartu ginen Popatik egitasmoak interes handia piztu zuela: bai han bildutako politikarien eta eragileen artean, eta baita Euskal Herriko ikastetxe askotan ere. Lanketa bereziak egiten hasi ziren ikasleak klaseetan: abestia eta bideoklipa jartzen, Ipuinetan ez bezala abestiaren letra jorratzen. Otu zitzaigun Ipuinetan Challenge lehiaketa egitea. Deialdia egin, eta oso letra eta abesti ederrak jaso ditugu.
Emanaldiekin hastera zoazte?
Maitatzeari izeneko lehen emanaldia apirilaren 29an egingo dugu, Donostian, Tabakaleran.
Eta diskoa?
Udazkenean emango dugu argitara bilduma, irailaren amaieran, izen berberarekin: Maitatzeari. Eta, uda aurretik, bi single aterako ditugu.
Jarraituko duzue, beraz, popatik ematen?
Bai, hori seguru. Eta dena popatik hartzera bidaltzen. Dena popatik.
ATZEKOZ AURRERA. Xabier Crehuet. Popatik proiektu poetiko-musikaleko kidea
«Denei eman nahi diegu popatik»
Popatik egitasmoko kideek balioa eman nahi diote atzeko lerrotik egiten denari. Crehuetek musikatu ditu Goikoetxea eta Mayor taldekideek atondutako hitzak. Hilaren 29an dute lehen emanaldia, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu