Cyr gurpilean, sokan eta oihalean aritzen da batez ere Martina Covone aireko akrobata (Napoli, Italia, 1992). Zirku elementuek eragiten duten minaz, askatasunaz, frustrazioaz, emozioez eta ikuskizunen atzean dagoen lanaz mintzo da. Bihar, Altsasuko (Nafarroa) Iortia kulturgunean izanen da, 19:30ean, Albadulake konpainiarekin batera. Genoma B ikuskizuna taularatuko dute. La casa de Bernarda Alba obran oinarrituta dago ikuskizun hori. CovonekAdelaren pertsonaia antzezten du.
Zer sentitzen duzu oholtzara igotzen zarenean?
Gauza asko. Kasu honetan, bakoitzak pertsonaia bat dauka, eta pertsonaia horiek oso identitate markatuak dituzte. Protagonistek bizi dituzten gatazkak sentitzen ditugu, eta publikoari transmititzen saiatzen gara.
Adelak errebeldia irudikatzen du; nola islatzen duzu hori zirkuko elementuen bidez?
Cyr gurpilak aske izateko nahia islatzen du. Etengabe biraka ari den mundu bat da, eta, mundu horretan, desira pertsonalak eta askatasuna daude. Hegan egiten ari naizela sentitzen dut, eta mugatzen gaituzten gauzak askatzen ditut.
Eta sokak zer irudikatzen du?
Obra honetan, etsipena eta ahizpa guztien pisua irudikatzen ditu. Horrez gain, soka ereheriotzaren osteko askatasuna da.
Eszenatik haratago, zer sentitzen da elementuetan?
Elementu bakoitza mundu bat da, eta nire pasioa batez ere aireko elementuak dira. Sokaren goiko partean nagoenean, gauzak beste ikuspegi batetik ikusten ditut. Babesa sentitzeko igotzen naiz sokara, eta mundu propioa sortzeko.
Flamenkoa ere ikuskizunaren parte da; dantzatzen duzu?
Batez ere, inprobisatutako dantza eta dantza garaikidea egiten ditut. Antzezlanean, Adela eta Martirioren arteko harremana islatzen dugu dantzaren bidez. Tentsio handiko harremana da, eta liskar bat dago. Elementuak uzten ditugu, eta askatasunez sentitzen duguna adierazten dugu.
Biratzen ari zara etengabe. Puntu finko bat bilatu behar da ez zorabiatzeko?
Oso zaila da ez zorabiatzea. Nahiz eta esperientzia handia izan, biratzean gehienetan zorabiatzen gara. Puntu finko bat aukeratu daiteke, baina puntua etengabe aldatzen da, elementua espazioan mugitzen delako.
Cyr gurpilean, indarraz eta orekaz gain, dantzatzea ere beharrezkoa da?
Gehienbat oreka eta objektuen manipulazioan oinarritzen da, etengabe uztaiarekin kontaktuan egon behar zarelako. Dantza sartzea aukera bat da, baina norberak erabakitzen du gorputz mugimenduak erantsi nahi dizkion edo ez.
Zer eransten diozu zuk?
Elementuak uzten didan heinean,dantza eta mugimendua.
Nola iritsi zinen zirkura?
Kasualitatez izan zen. Napolin bizi nintzenean, kalean ikuskizunak egiten nituen; batez ere, dantza eta suarekin ibiltzen ginen, eta txapela pasatzen genuen. Oso sinpleak ziren, baina horri esker jakin nuen gustuko nuela eszenatokian egotea. Hortaz, kasualitatez, zirku eskola bateko proba egin nuen, eta asko jakin gabe sartu nintzen.
Ez zenuen esperientziarik, baina ikasteko gogoa zenuen?
Bai. Horrelako diziplina artistikoetan gorputza fisikoki prest egon behar da, eta kirola eta oholtzan egotea oso gustuko nituenez, gorputza zirku eskolan sartzeko prest nuen. Horren ostean, beste formakuntza batzuk egin nituen.
Edozein espazio da ona zirkua egiteko?
Bai, baina aireko akrobazietarako altuera izan behar dute. Gainera,elementuak segurtasunez zintzilikatzeko aukera duten espazioak izan behar dira. Hala ere, formakuntza handia behar duten diziplinak dira, oso zorrotzak dira, eta borondatea izatea oso garrantzitsua da. Diziplina, formakuntza eta entrenamendua behar dira.
Sekuentzia edo figura bat ateratzea frustragarria izan daiteke?
Argi eta garbi, entrenamenduetan frustrazioa oso presente dago, gauzak ateratzea asko kostatzen delako. Gauza batzuk oso errazak ematen dute kanpotik, baina lan handia dago atzean. Batzuetan, azkar ateratzen dira, eta, beste batzuetan, urteetako kontua da. Gorputza egokitu behar da, eta, askotan, ez da kontuan hartzen ikuskizun baten atzean dagoen lana.
Aireko akrobaziek mina ematen dute; nola lortzen duzu mina eta plazeraren arteko oreka?
Zoritxarrez, sokak min handia ematen du; gogorra da, eta erre egiten du. Azkenean ohitzen zara, eta ez diozu minari kasurik egiten. Egia da entrenatzeari utzi eta itzultzean, mina berriz agertzen dela; mina ez da inoiz joaten. Pazientzia izan, arnastu, eta maskurraren zain egon behar duzu.
ATZEKOZ AURRERA. Martina Covone. Aireko akrobata
«Babesa sentitzeko igotzen naiz sokara»
Covone kasualitatez hasi zen zirkuan, eta pasioz bizi du. Hala ere, diziplina, formakuntza eta entrenamendua behar direla dio: «Oso zorrotza da, eta borondatea izatea oso garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu