ATZEKOZ AURRERA. Joimo Arhantzet. Dantza trebatzailea

«Maskaradek ez dute dantza berririk behar»

Maskaradak «lehenik» dantza direla dio Arhantzetek. Arizale izan zen; orain, ordea, dantza trebatzailea da. Dantza tradizionalaren ohantze gisa ikusten ditu maskaradak, hots, berritasunen beharrik ez.

A.M.
Ainize Madariaga
Pagola
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Joimo Arhantzetek (Atharratze, Zuberoa, 1974) dimentsio orotatik deskriba ditzake maskaradak: arizalearen sotik, baina baita ere antolatzaile gisa; Atharratze Jauregia elkartean dantza trebatzaile baita. Maskaradak betiko dantzen tokia direla dio, hor baitute «zentzua».

Maskaradetan arizale izan zara behin baino gehiagotan.

Entseinari bezala hasi ninduzun Atharratzen, gero beste herri batzuetan ere. Laborari ere izana nauzu.

Atharratze eta Alozeko maskaradetako arizale izan zinen 2000n eta 2008an, eta aurten trebatzaile gisa. Zer bilakaera ikusi diezu?

Maite dizkizut maskaradak ez baitira sobera kanbiatzen, justuki. Eta ez dizugu xerkatzen ere kanbiaraztea, baitira egiazko usantza zaharra. Zuberoako ihauteriak hola dituzu. Pastoraletan gauza anitz aldatzen dizute, horretarako lekua baita.

Egia duzu, dena den, azken hamar urteetan entseatzen dizugula haboro parte harraraztea beltzeria osoa. Maluruski, ez duzu denei emanik: Zuberoako gazterian, atzematea denak euskaltzale. Barkoxen, iaz, denak hala zituzun.

Justuki, 2008an zaila izan zitzaizuen euskaldunak atzemateko.

2000n euskaltzaleak gintuzun haboroxenak ikastolatik pasaturiko haurrak. Hor ikusten dizugu ikastolak egiten duen lana. 2008an, zailtasunak ukan genizkizun. Baina aurten ez. Belaunaldi horretan badituzu euskara ematen dutenak etxean, hobe hola. Arra sartu dituzu euskaran maskaradaren bidez.

Hartza biziki goizik jaiki dea?

Nahi genizun hein bat aski goizik hasi. Ene asaitak erraten zizun: «Laborariak bedakan eta gazteak maskaradaka, hori ez zela joaten».

Maskaradek egutegian usaiako tokia berriz bildu dute.

Bai. Normalki guk iragan urtean egin beharrak genizkizun, baina, COVIDagatik, urte batez gibelatu dizugu. Eskertzen dizkizugu herriak lekua egin baitigute. Hola, puru, behar den sasoian ari gaituzu.

Pagolako barrikadak aise hautsi dituzuea?

Bai! Kur-kur. Behar litzateke barrikaden haustea berrabiarazi; botila lerrokada bat ezarriz edo; zentzuaren begiratzeko. Erakusteko ongi jinik direla, baina behar direla sartu.

Zer mezuren ekarle dira?

Apezen eskandalua nahi zizuten plazaratu.

Zer berritasun dakarzue?

Jokoak amiñi bat. Baina bestela usantza zaharrak atxikitzen dizkizugu, dantzak ere bai, salbu, ematen dugula Atharraztarrak: dantza zahar bat. Etxahun Irurik eginiko dantza zuzun, izugarriko ahaide ederra dizu, zinez maite dut. Gure herriaren izeneko dantza behar dizugu erabili, eta gazte horiek ikas dezatela, Aitzina Pika bezala.

2000n eta 2008an ere eman zenutena?

Ez; 2000n Xinbandreak dantzazaharra arra abiatu genizun. 2008an, sorkuntza bat asmatu nizun; baina gero, ikusi nizun maskaradek ez zutela dantza berririk behar; hala, aurten, berritasunik ez.

Maskaraden dantzek berritasunik ez dutela behar, zerendako?

Dantza tradizional zaharrendako tokia baitira maskaradak: Gabota zaharra, Godalet dantza, Branle jauzia... Branle jauzia dantza ederrena zen, neskatila baten eramateko... Dantzariak behar zizuten ari ahal bezain ontsa; horretarako ere eginik baitziren maskaradak: jendeen ezkontzeko. Ez dizu zentzurik dantzen asmatzeak horretarako.

Alta, noizbait asmatu zituzten.

Zuberoan biziki on gaituzu dantza berrien asmatzeko; hogei urteotan, badituzu paketa bat asmaturik. Baina gero, ez dizkizute arra hartzen karriketan emateko, domaia duzu.

Eneritz Zabaletak 2008an egin zizun elkarrizketan aipatzen zenuen maskaradak lehenik dantza zirela.

Hala duzu. Denak ari baitira dantzan: Kherestuak, beltzek ere bai badizute dantza bat. Enetako, Zuberoan, dantza baduzu bestaren inguruan, horiek dizute biziarazten.

Gizarte zibila gero eta haboro ari duzu dantzan, gazte anitz ikasteko prest: bihotza beroarazten dizu.

Buhameez zer diozu?

Basaburuan maite dizkizugu basakeriaren ekartzeko eta herrien harrotzeko amiñi bat. Beste zenbaitzuek anplexeago maite dizkizute, hein onaren atzematea duzu afera.

Emazte bakarra da beltzerietan.

Duzun taldearekin egiten duzu, euskaltzaleen arabera. Zenbaitetan gaitz duzu neskendako lekuaren atzematea bortizkeria horretan.

Zamaltzaina eta kukuleroa...

Zaparta bat biltzen duzu zure haurrak ari direlarik!

Maskaradek zer dakarte?

Zerbait duzu gazteendako; iragaten baitizute neguko asteburu guziak elkarrekin. Euskara arra partiarazten duzu beraien artean ere bai. Hori izugarri ontsa duzu. Dinamika ekartzen dizu euskararen inguruan. Esperientzia harrigarria duzu, beste ihauterietan ez duzu: behin egin eta fini. Sustut maite dudana da zer harreman baden barrikadetan adinetako jendearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.