ATZEKOZ AURRERA. Ane Maite Manterola. Argazkilaria

«Argi guztiak ikusi nahi ditut itsasoan»

Hondartza, itsasoa, zerua. Hiru geruza, koadro bat. Itsasertzera joan eta unea hautatu. Twitterren jarri, eta «gaur horrela» esan, askoren ia eguneroko ohitura bilakatu arte. Kanpo eta barne paisaia bat.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Zarauzko malekoiaren ertzetik itsasoari argazkiak ateratzen hasi zen duela bizpahiru urte Ane Maite Manterola (Aia, Gipuzkoa, 1971), sakelakoarekin eta Cannon kamerarekin; soilik hondartza, itsasoa eta zerua. Twitterren erakusten ditu argazkiok, eta «gaur horrela» idazten du, serie baten gisara.

Iritsi orduko, argazkilariaren kamerarekin jolasten aritu zara. Inbidia eman dizu?

Kamera oso polita zen, Sonny bat, eta aprobetxatu egin dut.

«Gaur horrela». Gaur nola ikusten duzu zure ohiko paisaia?

Kolore bizikoa. Urdina eta zuria nabarmentzen dira gaur. Zerua urdin ederrez dago, eta olatuak zakar dabiltza.

Hondartza, itsasoa, zerua. Hirukote magikoa. Zein proportziotan?

Zatitxo bat hondartza; beste zati bat itsasoa, marearen araberakoa: gorabada, ur gehiago, eta behera badago, ur gutxiago. Eta gainerako guztia zerua. Hirurak dira beharrezkoak, hirurek batera transmititzen dute. Irekitasuna nahi nuen, beste inolako elementurik ez: ez Getariako San Anton, ez Mollarri...

Eta pertsonarik gabe hobeto?

Ezinbestekoa da ez ateratzea; ez du egon behar, ahal dela, ez pertsonarik, ez itsasontzirik, ez txakurrik, ez objekturik... Natura bakarrik.

Zeure buruari jarritako premisa da?

Bai. Normalean, pertsonei ateratzen dizkiet argazkiak, kalean. Oso gustuko dut pertsonak behatzea eta euren begiradak harrapatzea, baina serie honetan ezinbestekoa da inor ez ateratzea. Serie hau erabat desberdina da; beharbada, nire proiekturik pertsonalena da, eta hemen ez dago pertsonarik.

Zergatik alboratu dituzu?

Duela zortzi urte itzuli nintzen Zarautzera, bi hamarkada pasatxoz Italian bizi ondoren. Lehenago, Madrilen ere izan nintzen ikus-entzunezkoak ikasten. 19 urte nituela alde egin nuen Zarauztik. Hala ere, ez naiz itsasokoa, baserrikoa baizik, Aian jaio eta hazitakoa. Itzuli nintzen, eta nire bizitza kaotiko samar horretan, itsasoak babesa ematen dit, hari begiratzeak, beste ezeren beharrik gabe. Segurtasun bat ematen dit.

Egunero atera nahi zenioke argazkia itsasoari?

Ez da hori asmoa. Oso gustuko dut Smoke filma. Harvey Keitelek antzezten duen pertsonaiak goizero argazkia ateratzen dio jendeari izkina beretik. Argazkiari erreparatuta ikusten da asteguna den, asteburua den, negua den, uda den... Nik edozein ordutan egiten ditut, marea nola dagoen berdin zait, euria, elurra, eguzkia berdin zait, baina egiten dut malekoi ertzetik. Ez beti leku zehatz beretik, baina bai malekoi ertzetik. Eta jabetzen naiz beti hor dagoela paisaia hori, baina beti desberdin. Babesa ematen dit, baina baita ihes puntu bat ere.

Koadroak dirudite; margolanak.

Pintura gustatzen zait, baina ez naiz gai margotzeko. Espresionismo abstraktuan, Rothko eta horiek, lerro horizontalak marratzen zituzten; nik hori daukat begien aurrean: hondarraren marroia, itsasoaren urdina eta zeruko urdin argia.

Noiz erabakitzen duzu kameraren botoia sakatzea?

Proportzio zuzenak hondarraren, uraren eta zeruaren artean, eta zerumuga zuzen topatzea. Itsasoaren mugimendua gustatzea; orduantxe, klik.

Xuxurlatuaz ezizena darabilzu Twitterren. Argazkiak ere hala ateratzen dituzu, xuxurlatuz?

Pertsonei argazki asko ateratzen dizkiet serie honetatik kanpo, eta lortu dut pertsona horiek ni ez ikustea; saiatzen naiz kamera jartzen ni egongo ez banintz bezala.

Jendeari bidalitako postal modukoak dira?

Hasieran neuretzat egiten nituen argazkiok; gero Twitterren jartzen hasi nintzen, eta ikusi nuen jendeak pozik ikusten zituela. Bai kostako jendeak, bai barnealdekoek, bai Euskal Herritik kanpokoek estimatzen dutela ikusteak betetzen nau.

Zein urtarok ematen dizu aukera gehien?

Urtaro guztiek ematen dizkidate aukerak; arazorik gehien udan izaten dut, jende gehiago egoten delako, hori bai. Nik argi guztiak ikusi nahi ditut itsasoan, itsaso guztiak ikusi nahi ditut. Argazkigintza aldetik udazkeneko eta udaberriko koloreak dira beroenak, baina besteak ere bildu nahi ditut.

Pentsatu duzu argazkiak bildu eta liburu batean edo beste nolabait argitaratzea?

Iaz iradoki zidan horrelako zerbait Xabier Gantzarainek. Ez dakit, kontu potoloa iruditzen zait hori. Oraingoz, argazkiak hor dauzkat jasota, eta ikusiko da. Harvey Keitelek Smoke filmean 4.000 eginda zeuzkan. Nik ere bildurik dauzkat, 300 bat. Eta datarik ez daukate; egunean bakarra jar dezaket. Une bat harrapatu nahi dut, ez besterik. Ez dute dataren beharrik.

Noiz arte Gaur horrela-rekin?

Gogoa dudan artean jarraituko dut. 80 urterekin malekoian paseatzen baldin badut, jarraituko dut argazkiak ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.