Dantzari eta koreografiari emandako bizitza osoa. Jone San Martinek (Donostia, 1966) hainbat urte daramatza dantzari, koreografo eta zuzendari gisa, eta Europa osoan ibili izan da lanean. Orain, Aditu egitasmoa aurkeztuko du Donostiako Tabakaleran, dantza, keinu hizkuntza, soinua eta gortasunaren inguruko ikerketa uztartzen dituena. COVID-19aren inguruko arazoak direla medio, abendura atzeratu ditu aste honetarako aurreikusita zeuzkan emanaldiak.
Dantza aldarrikapen mota bat al da?
Dantzari gisa bizitzea erreibindikazio politikoa da. Espazioaren aldarrikapena da: komunikazioa molde desberdinez ematen da, hausnartzera gidatzeko gaitasuna du; ezarritako komunikazio bideak ere gainditu egiten ditu. Beraz, bai, esango nuke komunikazio fisikoaren aldarrikapena dela.
Zer leku gorde zaie gizartean desgaitasunen bat dutenei?
Arazoa planteamendua da. Uste dugu zerbait falta zaiela, baina haiei ez zaie hori iruditzen. Gabezia gainontzekoen ikuspuntuak ezarritako zerbait da. Norbaiti zerbait falta izatekotan, normoentzuleari, alegia, gehiengoari falta zaio.
Gorrek hipersentsitiboki bizi dituzte Aditu bezalako ariketak?
Jakina. Ni neu ere gorra naiz; aparatuak daramatzat. Eta argi dut: beste zentzumen batzuk garatzen ikasi dut; begiekin entzuteko gaitasuna daukagu.
Gorputza bera izan daiteke soinu igorle?
Noski. Landareak bezalaxe: bibrazioak argiago jasotzen ditugu, pertzepzio finagoa dugu, arreta zorrotzagoa... Eta esfortzu horretan gauza piloa deskubritzen da.
Zer da Aditu?
Komunikazio fisikoaren topaketa da. Ikerketatik ere badu: keinu hizkuntza fisikoa da; kodifikatuta dago. Baina, era berean, badaude asmatzen dituzten hitzak ere, esanahi zehatzarekin. Dantza inprobisatuan, aldiz, ez dago kodifikaziorik: unean egiten da. Hortaz, haien mugimendu kodifikatua gure mugimendu ez kodifikatuarekin batzean, gauza ugari sortzen dira. Haien hizkuntzak gure koreografia sortzen du, eta gure koreografiak haien diskurtsoa osatu.
Soinuaren arduraduna Mikel R. Nieto da. Zer funtzio du soinuak?
Proiektua biona da: nik koreografia landu dut, eta Mikelek, soinua. Maisua da soinua, isiltasuna, ahotsa eta gorputza uztartzen. Soinua, proiektu horretan, giltza da; izan ere, jendeak uste du soinuak ez duela presentziarik gorren bizitzan, baina une oro daude harekin harremanetan. Are gehiago, gai dira soinua bibrazioen bidez jasotzeko; hortaz, elementu oso esanguratsua da. Gu saiatu gara soinuari fisikotasuna ematen, eta dantzari musikaltasun.
Dantza keinu hizkuntzatzat jo liteke, eta keinu hizkuntza dantzatzat?
Etxe beraren bi horma dira. Bikain ezkontzen dira. Dantzariak mugitzen direnean, keinu hizkuntzan dihardutenek guztiz zehatz interpretatzen dute. Beraz, esango nuke bien izaera edo esentzia guztiz parekoak direla.
Nolakoa izan da Adituren sorrera eta garapen prozesua?
Nire gortasunak eta Mikelekin duela zortzi bat urtetik lanean ibiltzeak eragin dute, neurri bertsuan. Azken batean, gortasuna duen pertsona bat soinua lantzen duen beste batekin elkartzen denean, gauza berezi-bereziak baino ezin dira sortu. Halaber, aitortu behar da ez dela lehendabiziko aldia Mikelek gorreriaren gaia jorratzen duena: 2016an,keinu hizkuntzaren itzulpena ontzen zuen beste proiektu bat ere aurkeztu genuen, Huts izenekoa. Ondorioz, bion arteko elkarlana oso naturala izan da, sakonki bizi dugun gaia landu dugulako.
Tabakaleran aurkezteak berezia behar du izan, ezta?
Oso berezia. Azken urteotan Berlinen biziagatik ere, Donostia ez dut sekula ahantzi. Proiektu hain intimoa, hain hauskorra Tabakaleran aurkeztea amets bat da niretzat.
Zuzendaritzaz gain, argiteria ere kudeatu duzu. Argiek zer funtzio betetzen dute dantzatzean?
Proiektu berrian, batez ere, praktikoak izatea behar dugu. Esango nuke, gainera, argiteria hautatzearen prozesua ez dela bukatu. Oraingoz, ez dut argi berezirik behar, funtzionalak direnak besterik ez. Etorkizunera begira, baina, zabal-zabalik nago argi ezberdinak erabiltzera, lanak hori eskatuz gero.
Zein izango da Adituren bidea?
Mundu osoan aurkeztu nahi dut. Ahal dela, lehen lantalde hau izan nahiko nuke alboan, baina toki bakoitzean bertako kulturaz blaitzea ere nahiko nuke; esaterako, lekuan lekuko pertsona gorrek parte hartzea nahiko nuke. Aditu nire egitasmorik pertsonalena da, eta, nolabait, bizitza proiektua: leku bakoitzean aldaketak izango ditu, gorreriaren gaia modu ezberdinean bizi baitute.
ATZEKOZ AURRERA. Jone San Martin. Dantzaria eta koreografoa
«Begiekin entzuteko gaitasuna daukagu»
Gortasunaren inguruko Aditu proiektua sortu du, Mikel R. Nietorekin elkarlanean. Dantza, soinua, ikerketa eta keinu hizkuntza batzen dituen egitasmoa da. Tabakalerako patioan aurkeztuko du, abenduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu