Sukaldaritzan murgilduta egon da Iñigo Esnaola betidanik (Lezo, Gipuzkoa, 1976), lehenik sukaldari moduan, eta, gaur egun, sukaldaritzako irakasle gisa. Lezon bizi izan da beti, herri mugimenduekin eta euskalgintzarekin oso lotuta. Sukaldaritzari eta gozogintzari buruzko wikiliburua sortu du, euskaraz «oso gutxi» idatzi delako gai horietaz. «Liburu bat baino gehiago, entziklopedia bat» egin duela adierazi du, seiehun errezetatik gora idatzi baititu. Euskarazko Wikipedian dauden sukaldaritzari buruzko hiru liburuetako bat da.
Zergatik erabaki zenuen wikiliburua sortzea?
Sukaldaritzaz eta gozogintzaz euskaraz idaztea izan da xedea. Jakintza jakin bat transmititzeko egin dut, bai, baina hortik harago, helburua euskaraz egitea izan da, pentsatzen nuelako euskaraz ez zegoela nahikoa idatzia sukaldaritzaz. Hasier Etxeberriak bere bigarren sukaldaritza liburuan kritika bat egin zuen, eta nik guztiz bat egiten dut harekin: euskal sukaldaritza goi mailan dago, hemengo kulturan eta munduan, Michelin izarrekin eta abar, baina, era berean, idatzita, eta bereziki hor goian dabiltzan horiek idatzita, oso gutxi dago euskaraz.
Zergatik sortu duzu formatu horretan?
Idazten hasi nintzenean, konturatu nintzen material asko neukala, eta, asko luzatzen hasi nintzenez, nahasteko beldurra neukan: zein zen kopia, zein zuzenketa... Orduan,Iñaki Alegriari galdetu nion nola egingo lukeen. Wikiliburuaren aukera aipatu zidan. Hark laguntzeko prestutasuna azaldu zuen, eta Xabier Cañas aurkeztu zidan, wikien inguruan ibiltzen den lagun bat, eta ez nuen bi aldiz pentsatu.
Parte hartzailea izatea da asmoa, ezta?
Bai, elkarlana sustatzeko aukera ematen du, eta helburua hizkuntza izanik, terminologia eta hiztegia zabaltzea, nik uste aukera onena zela. Batetik, irekia geldituko delako, eta, bestetik, wikia bera ere nahiko goian dagoelako bilatzaileen artean, eta horrek zabaltzen lagunduko duelako. Gainera, nik bezala beste edonork zuzendu dezake, eta niretzat garrantzitsua zen hori, akats asko izango dituelako eta osatu ere egin daitekeelako.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Eromena izan da, eta, hainbeste testu dagoenez, akatsak egon daitezke. Horregatik nahi dut jendeak erezuzendu dezan. Eromena izan da: batetik, ez dudalako inoiz halakorik egin, nahiz eta sukaldaritzako irakaslea izanda liburu dezente ditudan eta gutxi gorabehera banekien zein eskema jarraitu nahi nuen. Baina eskema hori ere handitzen joan da une oro; luzatu eta luzatu aritu naiz. Sukaldaritzako gaur egungo eta garai bateko liburuak erabili ditut, euskal Wikipedia ere bai, nire esperientzia... horren guztiaren nahas-mahasa izan da.
Zein puntutan zaudete orain?
Txertatze fasean gaude, loturak egiteko fasean. Erraza izan dadin gauzak aurkitzea, eta, kategorien bitartez, aukera eman dezan orrialde batetik bestera joateko. Loturak egiten eta argazkiak txertatzen ari gara orain, eta uztailaren 31rako espero dugu hori egitea.
Herri mugimenduarekin lotuta egon zara; herri bazkarietarako hamaika otordu prestatu dituzu.
Bai, batean eta bestean ibili naiz Lezon, herrigintzan; istorio oso politak ditugu. Duela urte batzuk, adibidez, Lezoko herriak 800 urte betetzen zituela eta, jai handi bat antolatu zen, eta jai horretan txahal bat erre zen. Txahalaren erdia ere ez zen jan, eta ondorioz, hartu, puska handietan zatitu, eta izozkailuan sartu zen. Beste hiruzpalau urtetan balio izan zuen, herri afari ugaritan tomatearekin eta piperrekin jarrita bigarren plater gisa jateko. Bertso afari batean, Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin, hori izan zen gai nagusia: afari horretan 800 urte zituen haragia jan zutela.
Zer eman dizu sukaldaritzan lan egiteak?
Gauza asko eman dizkit, onak eta txarrak. Ikasketak 1992an bukatu nituen, eta bukatu orduko hasi nintzen lanean. Hiru anaietatik lehena izan nintzen emantzipatzen; bata euskal filologoa da, eta bestea ingeniaria. Aukera hori sukaldaritzari esker izan dut. Baina, gero, oso ofizio gogorra da. Gogortasun horrek asko erakusten du, bizitza bera zer den, zer den ordu asko lan egitea... horrekin ere ikasten duzu.
Eta irakasle gisa aritzeak?
Heziketaren beste alde bat erakutsi dit: zer-nolako garrantzia duten norbere autoestimuak eta emozioek, gazteei begira batik bat. Askotan, ikasleekin gehiago lantzen dut hori, sukaldaritza baino, frustrazio asko ikusten baitut gazte batzuengan; ikasle asko eta asko oinarrizko hezkuntza gainditu ez dutenak dira... Autoestimuaren eta emozioen garrantziaz asko irakatsi didate.
ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Esnaola. Sukaldaritzaren euskarazko wikiliburuaren sortzailea
«Sukaldaritzaz eta gozogintzaz euskaraz idaztea izan da xedea»
Errezetak, sukaldaritzarako teknikak, osagaiak, aholkuak eta beste hainbat kontu bildu ditu Esnaolak Wikiliburuan, euskara ardatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu